Hemen daude Firefox 10, Thunderbird 10 eta Lightning 1.2 berriak

Jadanik ohitzen hasi gara sei astetik behin Mozillaren produktuen bertsio berriak jasotzera. Dagoeneko hemen ditugu Firefox, Thunderbird eta Calendar proiektuaren Lightning berriak. Ikus ditzagun haien berritasunak.

Firefox 10

Erabiltzaileek sumatuko dutenĀ  lehen aldaketa “Aurrera” botoiaren falta da. Botoi hau ikusezin izango da modu lehenetsian, eta “Atzera” botoiari sakatzean soilik agertuko da.

Firefoxen tripetan egin diren aldaketei dagokienez, bi dira nagusiak: alde batetik, pantaila osoko web aplikazioak garatzeko aukera sortu da, eta bestetik, webGL teknologian hobekuntzak egin dira, nabigatzaileak txartel grafikoaren ahalmena gero eta hobeto balia dezan.

Firefox 10en aldaketa garrantzitsu bat sartu da gehigarrien kudeaketari dagokionez. Orain arte, Mozillaren gehigarrien webgunetik kanpo zeudenak desaktibatu egiten ziren Firefoxen bertsio batetik bestera igarotzean. Oraindik aurrera, gehigarri guztiak bateragarriak izango dira modu lehenetsian, gutxi batzuk salbu (fitxategi binarioak dituztenak batez ere).

Firefox 10 bertsioa lehen Extended Support Release (ESR) izango da, hau da, luzera begirako mantenimendua izango du. Bertsio horiek 42 astetik behin eguneratuko dira, bertsio normalen 6 astetik behineko zikloa baino 7 aldiz motelago. Honela, enpresaren munduan oraindik Firefox 3.6 bertsioarekin jarraitzen dutenak erakarri nahi dituzte.

Berritasun gehiago, bertsio-oharretan.

Thunderbird 10

Hau idazteko unean behin-betiko bertsioa argitaratu ez badute ere, badakigu gure posta-kudeatzaile gogokoenak hurrengo aldaketak izango dituela:

  • Sarean bilaketak egiteko aukera berria.
  • Posta elektronikoen artean bilaketak egiteko modu hobetua.
  • Posta-zirriborroak sortzean zeuden zenbait akats konpondu dira.

Aldaketa guztiak, bertsio-oharretan.

Lightning 1.2

Mozillaren Calendar proiektuaren emaitza berria prest dago, beti bezala gehigarri modura. Bertsio honetan gehien bat akatsen konponketa egin da.

Informazio gehiago, hemen.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>