Edertu zure ordenagailuaren abioa: moldatu GRUB eta Plymouth

Duela gutxi arte, GNU/Linux sistemetan ordenagailua pizten genuenean, askotan testuz beteriko pantaila beltzen segida batez egiten genuen topo. Gaur egun, aldiz, sistemaren abioan exekutatzen diren GRUB eta Plymouth oso moldagarriak dira eta gaien bidez haien itxura erraz alda daiteke. Artikulu honetan aldaketa horiek egiteko argibideak emango dira.

Ezer baino lehen, ikusi hurrengo bideoa lanaren behin-betiko emaitza nolakoa den ikusteko (barkatu bideoaren kalitateagatik).

GNU/Linux abioa edertu (Fedora+GNOME) Librezalerako from assar on Vimeo.

Ordenagailua piztean, lehenengo eta behin BIOSaren tartetxoa ageri zaigu, eta gero normalean hurrengo aplikazioak exekutatzen dira bata bestearen ondoren:

  1. GRUB abio-kudeatzailea, sistema eragile bat baino gehiago badugu, bata edo bestea aukeratzeko erabiltzen duguna.
  2. Sistema askotan Plymouth agertzen da ondoren, sistemaren abioko lan zikinak (letra zuridun lerroen segida pantaila beltzean) ezkutatzen dituen animazioa erakutsiz.
  3. Azkenerako, saioa hasteko pantailara iristen gara. GNOME badarabilgu GDM ikusiko dugu, eta KDE bada KDM deritzona. Beste sistema batzuek beste kudeatzaile batzuk dituzte; Ubuntuk, esaterako, LightDM darabil.

Hurrengo lerroetan azaltzen diren argibideak Fedora 17 + GNOME erabiliz egin dira. Argibide hauek ez dute beste sistema batzuetarako osorik balio, beraz kontuz horiek aplikatzean.

Ohar garrantzitsua: artikuluan proposatzen diren aldaketak egitean sistemaren abiorako atal garrantzitsuak moldatzen dira, beraz kontuz ibili. Ez egin ezer ez badakizu ondo zertan ari zaren.

GRUB

GNU GRUB ordenagailuan eduki ditzakegun sistemen abioa gobernatzen duen abioko aplikazioa da. GRUB 2 bertsiotik aurrera, gaiak onartzen ditu. Ubunturen munduan modan-edo jarri da BURG izenekoa erabiltzea abioaren gaia aldatzeko. Kontuan izan BURG GRUBen fork bat dela, eta ez dituela jatorrizko GRUBaren bermeak. Beraz, ez da gomendagarria hura erabiltzea. Guk beste bide bat erabiliko dugu: zuzenean kontsolatik GRUBen gaia aldatuko dugu.

Librezaleren koloreak eta atzeko planoa erabiltzen duen gai bat prestatu dut probetarako. Hemen daukazue, inork erabili nahi badu. Fedoraren “system” gaia kopiatu eta moldatu dut hura sortzeko.

GRUBen gaiak sistemaren “/boot/grub2/themes” direktorioan egon ohi dira gordeta. Sartzen bazarete, seguru asko beste gai batzuk ere jadanik badaudela ikusiko duzue.

GRUBen gaiak karpeta batean gordeta dauden hainbat fitxategiz osaturik daude. Fitxategi nagusia “theme.txt” deritzona da; bertan gaiaren koloreak, letra-tipoak, etab. alda daitezke.

Hasteko, destrinkotu Librezaleren gaia eta kopiatu zuen deskarga-tokitik /boot/grub2/themes direktoriora.

sudo cp -r /Deskargak/librezalegrub /boot/grub2/themes/librezalegrub

Ondoren, ireki “/etc/default/grub” testu-fitxategia.

sudo gedit /etc/default/grub

Gehitu edo aldatu hurrengo bi lerroak.

GRUB_TERMINAL_OUTPUT=gfxterm
GRUB_THEME=/boot/grub2/librezalegrub/theme.txt

Bukatzeko, berreraiki GRUBen abioa kontrolatzen duen “grub.cfg” fitxategia. Azken hau Ubuntun beste komando bat erabiliz egiten da, uste dut “update-grub” dela.

sudo grub2-mkconfig -o /boot/grub2/grub.cfg

Plymouth

Plymouth abioko komandoen segida ezkutatu eta ordenagailu-hasiera etenik gabekoa izateko Red Hat-ek sortu zuen aplikazioa da. Gaur egun beste banaketa batzuetan ere, Ubuntun esaterako, erabiltzen da.

Plymouth-ek ere gaiak erabiltzeko aukera ematen du. Hurrengo direktorioan gordetzen dira.

/usr/share/plymouth/themes

Zuek erabiltzen duzuen banaketaren arabera, kokapen hori beste bat izan daiteke.

Jadanik instalatuta ditugun gaiak ikusteko, komando hau erabil daiteke.

plymouth-set-default-theme --list

Plymouth-erako ere Librezaleren logoa duen gai bat sortu dut, PCLinuxOS banaketarako sortu zuten NewSun gaian oinarrituta. Hemen dago, norbaitek erabili nahi badu. GRUBen bezala, hainbat fitxategiz osatutako karpeta bat da.

Kopia dezagun gaia gure sistemara.

sudo cp -r /Deskargak/librezaleplymouth /usr/share/plymouth/themes/librezaleplymouth

Plymouth-en gaiak zerrendatuko ditugu berriro, gurea agertzen dela ikusteko.

plymouth-set-default-theme --list

Bukatzeko, gure gaia aplikatuko dugu.

sudo plymouth-set-default-theme -R librezaleplymouth

“-R” parametroak initrd berreraikitzen du, hori gabe gaia ez da aplikatuko.

GDM

GNOMEn GDM izenekoa da saioaren hasiera kontrolatzen duen software-zatia. Nik GNOME erabiltzen dudanez, hura moldatzeko modua azalduko dut ondoren. Egingo dudan gauza bakarra azteko planoa aldatzea izango da. Librezaleren atzeko planoak erabili nahi izanez gero, hemendik deskarga daitezke.

Hasteko, kopiatu atzeko planoa sistemaren atzeko planoen direktoriora, Fedoran hurrengo kokapenean dago.

/usr/share/backgrounds/

Ondoren egin behar dena da “gdm” erabiltzaileari GNOMEk atzeko planoak aldatzeko duen aukera-leihoa erabiltzeko baimena ematea. Hori honela egiten da:

Lehenengo erro-kontsolara sartu.

su -

Pasahitza sartu ondoren, “gdm” erabiltzaileari baimenak eman.

xhost +SI:localuser:gdm

Atzeko planoa aldatzeko leihoa ireki.

sudo -u gdm gnome-control-center

Amaitzeko, atzeko planoa aldatu. Aukeratu “Irudiak karpeta”, lehen /usr/share/backgrounds/ karpetan sartu dugun irudia erabiltzeko.

Kitto.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>