GNOME Shell tuneatzen hedapenen bidez
GNOME 3.4 argitaratu da jadanik, eta dagoeneko mahaigain-ingurune aski egonkorra dela esan daiteke. Hala ere, oraindik jende askok ez ditu gustuko GNOMEren garatzaile eta diseinatzaileek hartu dituzten hainbat erabaki.
Zenbaitentzat, GNOME utzi eta beste mahaigain batera igarotzeko unea iritsi da. Batzuk GNOME 2 zaharrean oinarritutako MATE ikusi dute alternatibatzat. Beste batzuk zuzenean Xfce edo LXDE inguruneetara igaro dira. Badago Unity-ra bueltatu denik ere…
GNOME Shell-ekin geratu direnentzat baina konfigurazio lehenetsiarekin guztiz gustura ez daudenentzat, berau moldatzeko bide bat erakutsiko dugu: hedapenak. Hedapenak GNOME 3.x seriearen berrikuntzetako bat dira. GNOME 3.2 argitaratu zenetik, gainera, hedapenen gune bat sortu dute GNOME proiektukoek, extensions.gnome.org hain zuzen. Oraindik asko ez diren arren, gunean gero eta hedapen gehiago ikusiko dituzue, eta gaur egun dagoeneko 150 inguru daude.
Denetarik egiten duten hedapenak daude, baina arrakasta gehien dutenak seguru asko mahaigain “tradizional” baten funtzioak berreskuratzen dituztenak izango dira. Post honetan nik erabiltzen ditudanak erakutsiko ditut.
Zure sisteman instalatuta dauzkazun hedapenak ikusteko, jo orri honetara, eta bertan ikusiko duzu zeintzuk dituzun, eta zeintzuk dauden aktibatuta.
Trash
Bai lagunok, GNOME Shell-ek ez dauka zakarrontzia modu errazean bistaratzeko modurik. Zakarrontzia hustu nahi badugu, Nautilusen leiho bat ireki eta ezkerreko panelean zakarrontzia aurkitu behar dugu, eta hortik hustu.
Hedapen honek zakarrontzia erakusten du goiko panelean, bertan zerbait dagoenean, eta hura husteko aukera ematen du.
https://extensions.gnome.org/extension/48/trash/
Overlay Icons
Sarritan leiho asko irekita ditugunean eta leihoen ikuspegi orokorrera goazenean, ez dugu ongi ikusten leiho bakoitza zein aplikaziori dagokion. Hedapen honekin, leiho bakoitzak bere aplikazioaren ikono handi bat erakusten du gainean, leihoak errazago ezagutzeko.
https://extensions.gnome.org/extension/60/overlay-icons/
Music Integration
Hedapen honi esker, musika-erreproduzigailua GNOME Shell-en integratzen da. Ia edozein erreproduzigailu (Rhythmbox, Clementine, Banshee…) irekita daukagunean, bolumenaren ikonoan txertaturik agertuko zaigu hedapena.
https://extensions.gnome.org/extension/30/music-integration/
Weather Indicator
Hedapen honek eguraldiari buruzko informazioa eskaintzen du GNOME Shell-en goiko barran txertatuta. Weather indicator hau ez dago GNOMEren hedapenen webgunean. Nola instalatu behar den jakiteko, begiratu hemen.
https://github.com/simon04/gnome-shell-extension-weather
Remove Bluetooth eta Remove Accesibility
Goiko barran eskuinean agertzen diren irisgarritasun eta bluetooth ikonotxoak oso garrantzitsuak omen dira batzuentzat, baina ez niretzat. Bi horiek kendu nahi izanez gero, badaude haiek ezabatzen dituzten bi hedapen.
https://extensions.gnome.org/extension/101/remove-bluetooth/
https://extensions.gnome.org/extension/112/remove-accesibility/
Hedapenak instalatzeko modua
Hedapenak instalatzeko hiru modu nagusi daude:
- Zuzenean hedapenen webgunean nahi duzuna aukeratu, eta ezkerrean agertzen den botoia sakatu.
- Banaketa askok haien biltegietan dituzte zenbait hedapen, zuzenean banaketa bakoitzaren software-zentroetatik instalatzeko.
- Hedapena garatzailearen webgunetik deskargatuta. Hau da eguraldiaren berri ematen duen weather indicator hedapenaren kasua.
On egin.
Assar.
3 iruzkin
-
#1 Ander (etxondoko) — 2012/05/09 @ 22:30
Artikulu ederra, baina KDE aipamenik ez, ummmmmh. Zergatik ote?
Aste honetan bi ubuntu makina berritzea tokatu zait (10.04tik eta 10.10etik) atera berri den ubuntu 12.04ra.
gnome-shell 3.4 sartu diet eta gehigarriak erosoago diozun webgunetik ppa famatuak erabili ordez.
nirean KDE 4.8ra pasa naiz eguneratze batekin eta oraingoz flash 64rekin burrukan….
-
#2 assar — 2012/05/10 @ 16:10
-
#3 Ander — 2012/05/11 @ 10:57
Hedapenak eguneratzekoa ere eskuragarri: http://www.webupd8.org/2012/05/gnome-shell-extension-updater.html