Identi.ca orain euskeraz

Twitter euskeraz erabili nahi badugu Dick Costolori eskatu eta itzultzeko zai egon edo bestela Blackberry bat erosi beste aukerarik geratzen ez zaigun garai hauetan, Identi.ca euskeraz erabiltzeko aukera daukagu azkenean. Evan Prodromou, Identi.cako sortzailearen mezu batek jakinaren gainean jartzen gintuen atzo.

Identi.ca Twitter moduko mikroblogintza zerbitzu aske haundiena izango da. 140 karaktereetan mezuak botatzeko balio duen sare sozial bat. StatusNet software librean oinarriturik dago. Librezale bidez StatusNet aspaldi euskeraturik bazegoen ere, Identi.can ez zegoen euskera hautatzeko aukerarik atzo arte.

Identi.ca baino lehenago badira StatusNet euskeraz erabiltzeko aukera eman diguten guneak Blogsovieteko StatusNeta eta Alegiko Manillares musika taldearen sarea. StatusNetean oinarritutako sare hauek elkarren artean komunikatzeko OStatus estandar irekia erabiltzen dutenez sare batetik bestera erraz bidali daitezke mezuak (@erabiltzailea@domeinua idatziz mezuan) eta sare batetik beste sareko erabiltzaileak jarraitu daitezke. Twitter eta Facebookek proposatzen duten sare zentralizatu ereduen aurrean, elkarren artean komunikatzen diren milaka sare txiki banatuz osaturiko beste eredu bat sortzeko aukera ematen du beraz OStatus estandarrak. Abantaila nabarmena da, sare bat golpe bakar batean itxi edo zentsuratu daiteken bitartean, zailagoa da gauza bera egitea milaka sare txikien aurrean. Gainera, edozein momentutan, norberaren mezuak eta kontaktuak esportatu daitezke sare bateko kontu batetik bestera.

Hala ere, Twitter eta Facebook sare erabilienak direla jakitun StatusNetek ez ditu albo batera uzten. Plugin baten bidez Identi.can bertan idazten duzuna zure Twitter eta Facebook kontuetan errepikatu bait daiteke zuzenean.

Euskaldunontzat sare sozial libre eta banatu berri bat beraz, eta bidean badatoz gehiago.

6 iruzkin