Firefox eta Chrome/Chromium nabigatzaileen RAM kontsumoaren inguruko azterketa (I)

Jende askoren artean, aspaldikoa da Firefox nabigatzailea “astuna” izatearen ustea. Azken aldian, gainera, Chrome-ren inguruko beste uste bat gehitu zaio: Chrome “arina” omen da.

Gai honen inguruan aritzeko, hasteko astuntasunak eta arintasunak zer esan nahi duten jakin behar da. Julenek Twitter bidez dioen bezala, ez da gauza bera aplikazio batek ordenagailuaren zenbat RAM memoria behar duen, edo erabiltzaileak saguarekin klik egiten duenean aplikazioaren interfazeak zenbat milisegundo behar dituen erantzuteko. Bigarren kasuan, ez da hainbeste astuntasuna, moteltasuna baino.

Hirugarren kontu bat da nabigatzaile batek zenbat denbora behar duen web-orriak kargatzeko, baina auzi horretan garrantzi gehiago eduki dezakete erabiltzaileak kontratatuta duen banda-zabalera zein den, nabigatzaileak pluginen bat erabili behar duen, batez ere Flash plugina, edo nabigatzailearen Javascript motorrak duen ahalmena. Lehenak eta bigarrenak hirugarrenak baino eragin handiagoa dute Interneteko nabigazio-esperientziak.

Badago nabigatzaileak astunak diren ala ez ezagutzeko modu erraza: memoria-kontsumoa begiratzea. Artikulu honetan horren inguruan egindako proba batzuk erakutsiko ditut.

Disklaimerra: proba honek ez dauka inolako balio zientifikorik, baina sarean aurki daitekeen mota honetako beste edozein probak erakutsitako emaitzen antzekoak eman ditu.

Hasierako baldintzak

Hiru nabigatzaile probatu dira: Firefox, Chromium eta Chrome. Chromium eta Chrome arteko desberdintasunak hiru dira:

  • Chromium Chromeren garapen-bertsioa da.
  • Chromium softwarea osorik librea da; Chromek, aldiz, libreak ez diren zati batzuk ditu.
  • Ezin esan gabe utzi Chromium Ubunturako euskaraz dagoela, Librezaleren lanari esker.

Probak Ubuntu Linux 11.10 sistemaren gainean egin dira. Ordenagailua 2GB RAM dituen 5 urteko HP eramangarri bat izan da.

Erabili diren nabigatzaileen bertsioak hauek dira:

  • Firefox 9.0.1
  • Chromium 15.0
  • Chrome 16.0

Proban hurrengo urratsak jarraitu dira:

  1. Nabigatzailea ireki, hasierako orri lehenetsiarekin (www.librezale.org). Memoria-kontsumoa egonkortu ondoren, hura neurtu.
  2. Fitxa berria ireki eta www.berria.info orria kargatu. Memoria-kontsumoa neurtu.
  3. Hiru fitxa gehiago ireki, eta www.sustatu.com, www.zuzeu.com eta www.argia.com kargatu. Memoria-kontsumoa neurtu.
  4. Fitxa guztiak itxi, hasierakoa salbu. Memoria-kontsumoa neurtu.

Emaitzak, hurrengo artikuluan.

 

4 iruzkin