Adblock, Banshee, soft librea eta diru zikina

Firefox gehigarri erabiliena webak publizitate gabe ikustea baimentzen duen Adblock Plus da.

Baina erabiltzaileetzat dohan diren webgune askoren diru iturri nagusia publizitatea da. Orain arte webgune zehatzetan Adblock guztiz desaktibatzea zen irtenbide bakarra.

Erdibideko irtenbide bat bilatzeko asmoz antza, atera berri den Adblock plus 2 bertsioak lehenetsita publizitate “onargarria” pasatzen utziko du.

Erabaki honek kritika ugari jaso ditu,  nagusiki transparentzia falta salatzen dute, “onargarria” zer den Adblock garatzaileak erabakiko duelako, eta ez erabiltzaileek. Gainera Adblock garatzaile nagusiak honekin dirua ateratzeko asmoa duela onartu du, eta horrek zalantzatan jartzen du “onargarri” definizio hori objektiboa izango den.

Proiektu libreen finantziazioa zaila izan daiteke eta batzuetan proiektua bera kolokan jar dezaketen erabakiak hartzen dituzte garatzaileek, Noscript gehigarriaren garatzaileak adibidez bere webgunea bisitatzen zutenen nabigatzailean Adblock guztiz desaktibatzea erabaki zuen, erabiltzailearen baimenik gabe, kritika gogorren ostean atzera egin eta barkamena eskatu zuen.

Beste polemika bat Linux Mint banaketaren inguruan sortu da, Banshee musikarako programak Amazonekin duen akordio baten bidez Gnome proiektuari zuentzen dion dirua bereganatzea erabaki zuelako, Ubuntuk ere antzeko zerbait egin zuen. Orain Mintek atzera egin du eta Bansheerekin erdibanatuko ditu etekinak, Ubuntuk eskeini zuena baino tratu hobea da hori.

Eta erabaki guzti hauek lizentzia libreekin talkarik egiten ez badute ere, askoren kode etikoarekin ordea bai.