Badator Firefox 4 (eta III): teknologiak

Firefox logoaOso gutxi falta da hainbat hilabetetako lanaren ondoren Firefox 4 argitaratzeko. Gauzak horrela, ondorengo artikuluetan Firefoxen bertsio berriak ekarriko duena saiatuko gara errepasatzen labur-labur: interfazeko aldaketak, gehitutako funtzionaltasun berriak, inplementatutako azken web teknologiak…

Ohiko erabiltzaileak modu zuzenean ikusten ez dituen aldaketa garrantzitsu asko ere badakartza Firefox 4ek, web garatzaileei zuzendutako azken web teknologiena hain zuzen. Garatzaileek teknologia hauek behar bezala aprobetxatzen badituzte, etorkizunean erabiltzaileek geroz eta web esperientzia atseginagoa izango dute.

Teknologia hauek guztiak erabiliz egindako demoak ikusgai daude Mozillak bereziki horretarako prestatutako Web O’ Wonder webgunean.

HTML5

HTML5 logoa

HTML5ek hainbat funtzio berri eskaintzen dizkie garatzaileei.

Oraindik behin betiko estandarra atera ez den arren, nabarmena da webaren etorkizuna HTML5ekin estuki lotuta doala. HTML5ek gaur egungo webak dituen beharrik agerikoenak asetzeko teknologia multzoa definitzen du eta espezifikazioko ahalik eta ezaugarri gehienak inplementatzen saiatu dira Firefox 4rako.

Dokumentuen atalak definitzeko etiketak (<article>, <nav>, <header>, <footer>…), elementuak ezkutatzeko hidden atributua, edo inprimakiekin lan egiteko osagai lagungarriak (derrigorrezko eremuak, eremuen balidazioa, placeholder testuak…) erabilgarri daude Firefox 4en.
Modu esperimentalean bada ere, WebSocket teknologia ere badakar nabigatzaile berriak, aplikazioak zerbitzariekin denbora errealean komunikatzeko modua eskainiz.

Nabigatzaileak HTML5i dagokion kodea ezagutzeko parser edo analizatzaile-sintaktiko berria garatu dute: azkarragoa, estandarrak betetzen dituena eta funtzionaltasun berriak gaitzen dituena.

CSS3

CSS3 logoa

CSS3rekin itxura gehiago findu daiteke.

CSS (Cascading Style Sheet) edo estilo-orriek dokumentu baten aurkezpena definitzen dute, elementu konkretuek izango duten itxura: ertzak, letra-tipoak, atzeko planoak, koloreak…

Hasteko, CSS3ren hautatzaileekin garatzaileek aukera finagoak izango dituzte elementuak hautatzeko. Propietate gehiago ere defini daitezke, esaterako testuaren itzala text-shadowren bitartez.

Animazioak ere burutu daitezke orain CSS trantsizioak erabilita, inolako JavaScript koderik gabe.

Grafikoak eta bideoa

Bideoaren alorrean gehikuntza nabarmenena zalantzarik gabe WebM bideo codec-arena da. Librezalen bertan aipatu genuen Opera, Google eta Mozillaren eskutik zetorrela webean bideo librea izateko egitasmo hau eta dagoeneko ikus daitezke adibidez YouTuben bideoak HTML5+webm erabilita.

Webean 3D grafikoak eta animazioak ikusteko WebGL teknologia ere integratuta dakar Firefox berriak. Grafikoak 3Dn modu egokian ikusteko ordea, beharrezkoa da nabigatzaileak lan hori txartel grafikoari pasatzea eta hardware bidezko azelerazioa erabiltzea. Windows eta Mac OS X sistematan arazorik gabe burutzen da lan hau; GNU/Linuxen ordea, kontrolatzaileekin daude arazoak tarteko, NVIDIA etxeko txartel grafikoetan bakarrik burutzen da lehenetsita.

Azkenik, SVG irudiak toki gehiagotan erabil daitezke (<img> etiketetan edo CSSko background-image atributuetan) eta SMIL animazioen euskarria ere garatu da.