OpenShot-en bertsio berria kaleratu dute

OpenShot aplikazioak gero eta jarraitzaile gehiago dauzka bideoak editatzeko tresna gisa. Pasa den astean bere garatzaile nagusia den Jonathan Thomas-ek OpenShot-en bertsio handi berria iragarri zuen, hain zuzen 1.2.2 bertsioa.
Ezaugarri berrien artean aipagarrienak hauexek dira:

  • Tituluak 3 dimentsioetan animatzeko aukera berria, Blender bidez. Horretarako, Blender instalatuta eduki behar da sisteman.
  • Audio eta bideo efektu berriak gehitu dira, eta arazoak ematen zituzten batzuk kendu egin dira.
  • Hobekuntzak denbora-lerroan, klipen maneiua hobea izan dadin.

Aurreko bertsioan bezala, oraingoan ere OpenShot euskaraz dator Librezaleren euskaratzeari esker.

OpenShot instalatzeko modurik errazena Launchpad-en Jonathan Thomas-ek mantentzen duen PPA (software-biltegia) erabiltzea da. Kontua izan sistema honek Ubunturako eta, agian, Debianerako balio duela soilik. Erabili hurrengo aginduak terminal batean OpenShot-en PPA erabiltzeko:

sudo add-apt-repository ppa:jonoomph/openshot-edge
sudo apt-get update
sudo apt-get install openshot openshot-doc

Fedoran instalatu nahi izanez gero, hurrengo urratsak jarraitu behar dira:

  • Instalatu OpenShot-ek behar dituen liburutegi eta aplikazioak: su -c 'yum install pygoocanvas mlt-python blender frei0r-plugins sox'
  • Deskargatu azken bertsioa hemendik: http://launchpad.net/openshot/1.2/1.2.2/+download/openshot-1.2.2.tar.gz
  • Destrinkotu paketea
  • Exekutatu instalatzeko fitxategia: su -c 'python setup.py install'
  • Aldatu OpenShot-ek erabiltzen duen melt aplikazioaren agindua (Fedorak ez du melt erabiltzen, baizik eta mlt-melt). Horretarako, ireki OpenShot, joan “Hobespenak” atalera eta “Melt exekutagarria” jartzen duen tokian mlt-melt idatzi.