Googlek VP8 bideo codec-a libre utzi du
Google IO garatzaileen ekitaldian jakin berri denez, Googlek VP8 bideo codec-a libre utzi du, erabiltzeko murriztapenik gabe.
Zurrumurru asko izan da azkenaldian codec honen inguruan eta Googleri libre uzteko eskari asko egon da, tartean FSFek Googleri bidalitako gutun irekia ere bai, adibidez. Gaurkoan, Googlek VP8 libre utziko duela iragarri du eta Opera eta Mozillarekin batera WebM proiektua eman du argitara.
WebM proiektuaren helburua da weberako baliagarria izango den kalitate handiko bideo codec librea garatzea eta web nabigatzaile nagusien garatzaileak ez ezik (Microsoft eta Apple falta dira), hardware ekoizle nagusienen laguntza ere badauka proiektuak. Adobek Flash-en hurrengo bertsioetan ere WebM onartuko du.
Dagoeneko edonoren eskura dago iturburu-kodea eta baita codec berria erabiltzeko prestatuta dauden nabigatzaileen azken bertsioak ere: Opera, Chromium eta Firefox.
Gainera, YouTubeko bideo guztiak WebM codec berrira egokituko dira. Mugimendu honek, inondik ere bultzada handia eman diezaioke HTML5en garapen eta gizarteratzeari.
Berri ona inondik ere software librearentzat eta baita webarentzat ere!
Iruzkin bat
-
#1 assar — 2010/05/19 @ 20:57