Awn dock-a euskaratua
Awn (Avant Window Navigator) Linux sistemetan erabil daitekeen dock motako nabigazio-barra da. “Dock” hitza euskaratzeko atrake, kai edo portu hitzak erabil daitezke, eta bere funtzioa aplikazio-abiarazleen, dokumentu irekien ikonoen, jakinarazpen-areen eta mota askotako applet edo aplikazio txikien atrakatze-gunea izatea da. Hobeto ulertzeko, sistema eragile nagusietako mahaigainetan ageri ohi den beheko barraren parekoa da, baina moldagarriagoa izan ohi da. Awn-ren pareko ezagunena eta itxura batean bere inspirazio-iturri izan dena Mac OS X sistemen Dock aplikazioa da.
Azken garapen-aldian erantsi dizkioten bi applet berriri esker, jakinarazpen-area eta menu nagusia alegia, orain Awn-k mahaigaineko edozein barra ordezka dezake erraztasunez. Une honetan 2010eko apirilean argitaratutako 0.4.0 bertsioan dago Awn-ren proiektua.
Awn printzipioz Gnome gainean erabiltzeko pentsatuta dago, baina KDEn edo beste mahaigain batzuetan ere erabil daiteke. Gnomeren kasurako, ikusi egin beharko da nola eboluzionatzen duen Gnome 3.0 bertsioaren garapenak eta, batez ere, Gnome Shell aplikazioarenak, honek agian Awn eta antzeko aplikazioen beharra murriztu baitezake. Hala ere, oraindik denbora falta da horretarako, Gnome 3.0-ren garapena berriro ere atzeratu baita beste ziklo batez (2011ko martxorako espero da).
Librezalek Awn-ren antzekoak diren beste bi proiektu ditu, Cairo-Dock (orain Glx-Dock deitzen dena) eta Docky.
Awn-ren erabilera ezagutzeko modurik onena, hurrengo bideoari begiratzea da. Kontuan izan testu batzuk ez direla euskaraz agertuko, Awn-ren garatzaileek oraindik ez dituelako kate horiek beste hizkuntza batzuetara itzultzeko moduan jarri.
Iruzkin bat
-
#1 gorkaazk — 2011/01/16 @ 6:16