2020-07-11 asanblada
Bilboko San Inazio auzoko Euskararen Etxean, 11:00-14:00 bitartean egin zen eta ondokoak bertaratu ziren:
- Ander Elortondo (etxondoko)
- Asier Iturralde (aldatsa)
- Asier Sarasua (assar)
- Dabid
- Gorka Azkarate
- Iker Garaialde (atxamart)
- Iñigo Salvador Azurmendi (Xalba)
- Mikel Olasagasti (Hey_neken)
- Porrumentzio
- Txopi
Asanblada aurretik adostutako gai-zerrenda eskuragarri dago.
Hauek izan ziren jorratu ziren gaiak:
Edukiak
- 1 Aurkezpen errondatxoa
- 2 Moderatzaile rola esleitu
- 3 Nola hartuko diren erabakiak erabaki. Biltzarrean bertan? Posta zerrendarako, gerorako, utzi? Adostasuna behar? Gehiengoa?
- 4 Librezale, atzo, gaur eta bihar
- 5 Ostalaria
- 6 Botea eta diru-kontuak
- 7 Librezaleren webgunea eta Wikia berrantolatu/birdiseinatu
- 8 Komunikazio tresnak: posta-zerrenda, txatak
- 9 Common Voice
- 10 Itzulpen proiektuak: egoera, beharrak, ideiak
Aurkezpen errondatxoa
Bakoitzak bere burua aurkeztu du.
Moderatzaile rola esleitu
Anderri egotzi zaio akta zirriborroa idazteko ardura eta Mikelek eraman du bilerako gai ordena.
Nola hartuko diren erabakiak erabaki. Biltzarrean bertan? Posta zerrendarako, gerorako, utzi? Adostasuna behar? Gehiengoa?
Adostasuna bilatzea da helburua, baina hori praktikan batzuetan oso zaila suertatu daiteke. Uneren batean partaideek proposamen baten aurrean bere iritzia eman dezakete: alde, ez alde edo blokeoa. Zenbat eta jende gehiago alde ez agertu, proposamena gehiago aztertu eta landu behar den seinale. Gehiengoa proposamen baten alde agertuz gero eta bajan batzuk ez alde, proposamen hori gauzatzea adostu liteke, baina norbaitek blokeatzen duela esanez gero, horrek esan nahi du proposamen hori gauzatzearen guztiz kontra dagoela eta ondorioz, une horretan erabaki bat ezin hartzea dakar. Beraz, denbora gehiago eta lanketa gehiago eskatuko luke adostasuna bilatzeak. Partaide batek aipatzen du berak blokeo bat egin baino nahiago lukeela horrelako egoera batean taldea uztea (egoera hipotetiko batean).
Kontuan hartuz asanbladak egiteko maiztasunik ez dugula, Librezale taldearen erabaki gunea posta-zerrenda dela adostu da. Asanblada horretan kontu txikiren bat edo beste adostu daitekeela, baina erabaki garrantzitsu guztiak posta-zerrendatik pasa behar direla. Norbaitek bertan proposamen bat egin eta inork kontrakorik esaten ez badu, onartutzat ematen dela ulertzen da (orain arte bezala). Librezaleko txatean terminologia kontuak eztabaidatu eta adostasunak bilatzeko saiakerak egoten direla azaltzen da. Esparru bakoitzean erabaki desberdinak har daitezkeela adosten da, baina erabaki garrantzitsu guztiak posta-zerrendatik pasa behar direla.
Librezale, atzo, gaur eta bihar
Argitu Librezale zer den, zer egiten duen, eta nork osatzen duen
Librezale izaera juridikorik gabeko taldea da. Ez da izaera juridikoaren beharrik ikusten eta halakorik ez izatea erabaki da. Inoiz arrazoi pisutsurik balego izaera juridikoa izateko, taldean aztertuko litzateke gaia: komeni den ala ez, zergatik, zertarako eta zein. Orain ez.
Librezale orain arte bezala dakusagu guztiok, software librea eta euskara ardatz dituen taldea. Hona dakargu 2003ko asanbladan erabaki zena:
"Librezaleren azken helburua informatika alorrean ere libre eta euskaraz bizi ahal izatea da, eta horretarako hurrengo lehentasunak ezartzen ditugu:
- Software librea bultzatu. [...]
- Software Euskalduna bultzatu [...]
Lan ildoak:
- Soft libre eta euskalduna sortu.
- Soft libre erdalduna euskaratu:
- Programen lokalizazioari aurrera ekin nahi zaio
- Lokalizazioari laguntzeko baliabideak sortu nahi ditugu
- Soft euskaldun propietarioa liberatu. [...]
Gizarteratze lanari dagokiola:
- Komunitate bat sortu [...]
- Sortutako baliabideak medio guztien bidez gizartera hurbiltzeko ahaleginak egin."
Gaurko asanbladan librea eta euskalduna maila berean jartzea komentatu da, diglosiaren kontzeptu soziolinguistikoa software erabileran ere ematen dela adieraziz, hots, handiaren erabilerak txikia baztertzen duela.
2003ko definizioa berretsiz, ondorengo printzipioak aipatu dira:
- Software librea eta euskara taldearen ardatzak dira, software mota hori gure izaerarekin bat datorrelako eta euskalgintzan laguntzen duelako.
- Taldearen autonomia bermatzea. Horretarako, diru-laguntzarik ez eskatzea (instituzio zein enpresa handienak) printzipioetako bat da, gure jarduna ez lotzea inoiz diru-laguntzei.
- Giza eskubideekiko konpromisoa, (Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna), genero berdintasuna, inor ez diskriminatzea...
- Software librearen 4 askatasunak sustatzea: helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea; aztertu eta aldatu ahal izatea (horretarako beharrezkoa da kodea eskuratu ahal izatea); kopiatu ahal izatea; hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.
- Orokorrean teknologia libreak bultzatzea: hardware, software, lizentzia libreak dituzten edukiak, burujabetza teknologikoa.
Argitu librezale izenarekin egindako erabilerak eta honek sortutako deserosotasun eta gaizki-ulertuak
Twitter kontuaren erabileraren autokritika egin da. Komunikazio lan taldea dagoela gogoratu da eta bertan parte hartzera animatu da.
Librezalerekin hitz egin edo Librezale elkarrizketatu nahi duten medioekin hitz egiterakoan inork ezin du bere burua Librezale ordezkaritzat jarri, kidetzat baizik. Guztiok gara kide baina inork ez dauka Librezale taldea ordezkatzeko ahalmenik. Kide bezala, Librezalek definitzen eta babesten dituen printzipioak zabalduko ditugu. Printzipio hauetatik at dauden bestelako iritziak era pertsonalean egindakoak direla argituko da. Komunikazioa Librezale kide bezala egiten denean, norberaren enpresa aipamenak saihestuko dira.
"Librezale" taldearen eta "Hezkuntzan Librezale" taldearen arteko bateragarritasuna eta Librezaleren norabidea
Hezkuntzan Librezale nondik, noiz eta nola sortu zen azaldu da. Librezaletik sortutako talde berri bat da, autonomia eta bizitza propioa duena, kide askok bi taldeetan jarduten dutelarik. Librezaleren "spin-off" bat bezala definitu da.
'Librezale' izenaren erabilera egokia ote den eztabaidatu da. Oro har, talde biak elkar elikatu eta bizitza bateragarria izan dezaketela ikusten da baina nahasmenik egon ez dadin, "librezale" izenaren erabilerarako, HeL taldeak printzipioekin bat egin behar duela adostu da. Honela, goian definitutako printzipioak aurkeztuko zaizkio HEL taldeari ea bat egiten duen eta ekarpenik balu bere egin ditzan. Guk gero, posta-zerrendan guretzat ere egoki ikusiz gero, erantsiko genizkieke gureei. Gure printzipioak onartu ezean, gure izenaren erabilerari uko egitea eskatuko genieke.
Software librea eta euskara sustatzeko gure printzipioak bultzatuko lukeen spin-off indartsuak izatea Librezaleren arrakasta bezala ikusi beharko genukeela aipatu da. Hezkuntzaz gain beste esparru batzuetan software librea eta euskara sustatzeko talderik eratuko balitz oso albiste hona izango litzatekeela.
Ostalaria
Mikelek mantentzen eta finantzatzen du. Segurtasun kopia gehiago (beste batek ere, Mikelek egiten dituenaz gain) egiteko beharra adierazi du eta Matrix-Telegram zubien bot-ak bertan egoterik komeni oten duen aztertzea, txata komunikazio bide oso aktiboa delako.
Botea eta diru-kontuak
586€ daude eta Mikelek librezale.eus domeinuagatik ordaintzen duena eta ostatzearen zati bat bertatik ordaindu behar zaiola esan da.
Librezaleren webgunea eta Wikia berrantolatu/birdiseinatu
Mugikorretarako egokitu eta wikia eguneratzea eta itxura berritu beharko litzatekeela esan da.
Komunikazio tresnak: posta-zerrenda, txatak
Posta-zerrenda
Bi eskala desberdin bereizi behar direla argi ikusten da. Gai garrantzitsuak, eztabaidatu beharrekoak, eta erabakiak hartzeko gunea posta-zerrenda da eta hau indartu beharra ikusten da.
Kideak erakarri eta ikusgarritasun handiena daukatenak txatak dira.
Lehen foroek betetzen zuten funtzioa estaltzeko txat berri baten beharra ikusten da, Librezaleko txatari mezuak murrizteko ere baliatuz. "LibreZalantzak" aipatu da (izen erabakitzeke), non edonork laguntza eska dezakeen euskaraz software librearen inguruan.
Txatak
- Librezale: "sormen" edo itzulpenekin lotutako Librezaleko komunikazioak.
- Librezale komunikazioa: txat txiki bat da, komunikazioan laguntzeko konpromisoa hartu duten kideek sare sozialen kontuak eta koordinatzeko erabiltzen dutena.
- Beste itzulpen talde batzuek ere txatak erabiltzen dituzte: KDE, WordPress... Nextcloud euskaratzen dabilen tadeak Librezaleko txat orokorra erabiltzen du baina Jitsi bitartez biltzen dira noizbehinka.
- LibreZalantzak (izena erabakitzeke): "Nola egin dezaket hau? Nola instalatzen da...? Errore hau ematen dit..." bezalakoak galdetzeko eta elkarri laguntzeko sor genezakeen txat berria da.
Common Voice
Txopik labur-labur proiektuaren egoeraren berri eman du eta esaldi gehiago behar direla azaldu du.
Itzulpen proiektuak: egoera, beharrak, ideiak
Ez da egon astirik gaian sakontzeko.
14:03tan amaitu behar izan dugu batzarra.