SoftwareLibreaAdministrazioan‘’ etiketadun bidalketak

Software librea behar dugu

2024-09-23

Aurreko irailaren 21ean, larunbatarekin, munduan Software Askatasunaren Eguna ospatu zen. Alzheimer gaixotasunaren eguna ere egun horretan ospatu zen aurten, eta agian horregatik, ez zuen Software Askatasunaren Egunak inolako oihartzunik izan euskal prentsan, guk dakigula ez behintzat.

Urtero, iraileko hirugarren larunbatean, ospatzen da Software Askatasunaren Eguna, Digital Freedom Fundazioak antolatutako software librea eta kode irekia sustatzeko eguna. Ospakizun globala izateko asmoarekin sortua.

2004an ezarria, Software Askatasunaren Eguneko lehen ospakizuna 2004ko abuztuaren 28an gertatu zen. 2006. urteaz geroztik, ekitaldia irailean egiten da. Sortu zenetik hona, nabarmen hazi da, hasierako ekitaldiak askoz apalagoak izaten ziren azken urteotakoekin alderatuta.

Software Askatasunaren Egunaren helburu nagusietako bat da herritar guztiak heztea software librea erabiltzeak dituen onurei buruz beren bizitzako funtsezko alderdietan, dela hezkuntza, dela gobernua, dela negozioa… Baita etxean ere.

  • Zeintzuk dira software librea eta kode irekia eskoletan, administrazioan, Osakidetzan, Ertzaintzan, gure etxeetan, erabiltzearen abantailak?

Lehenengo, gogoratuko dugu hemen zelan definitu ohi diren Software Librea eta kode irekiko softwarea.

Kode irekiak, labur(regi) esanda, esan nahi du edozein informatikarik begiratu eta behatu dezakeela softwarearen kodea, irekita dagoelako. Irekia eta librea bada, edozein informatikarik ikus dezake softwarearen iturburu kodea eta, esate baterako, segurtasunean hutsuneren bat topatu eta horren berri eman komunitateari, edo are gehiago, horretarako gaitasuna izanez gero, segurtasun hutsuneak konpondu.

Software librea honako ‘lau askatasunak’ eskaintzen dituen softwarea dela esan ohi da, labur-labur azaldu nahi denean:

  • Edonork du askatasun osoa softwarea edozein helburutarako erabiltzeko.
  • Edonork birbana ditzake softwarearen kopiak besteei laguntzeko.
  • Edonork azter dezake softwarearen funtzionamendua eta bere beharren arabera aldatu.
  • Edonork banatu ditzake softwarearen bertsio aldatu baten kopiak. Edonork egin dezake fork bat.

Informatikan aditu den edonork ondo daki zer den software librea eta kode irekia. Eta informatikari gehienak, guk ezagutzen ditugun ia-ia guztiak, bat etortzen dira filosofia horrekin. Baina, gaur egun gure Euskal Herriko eskola eta administrazioko txoko gehienetan software jabeduna da nagusi. (Gaztelaniaz software pribatua eta software privatibo ordainak erabiltzen dira).

Erosoa da, nonbait, AEBko enpresa erraldoi batzuen esku uztea gure sistema eragile guztiak, gure web nabigatzaileak, gure posta zerbitzuak… Erosoa da gure datu guztiak haien zerbitzarietan gordetzea. Lizentzia batzuk erosi eta kito. Merkeak dirudite. Baina horrela gure barneko garapen teknologiko-digitala asko motelduko dela pentsa dezakegu, eta lizentzietarako erabiltzen den dirua bertoko enpresetara bideratzerik ere badago.

Software librearen euskal komunitate honetatik mezu hau hedatu nahiko genuke: Euskal Herrian (ere) software librea behar dugu!

Horra argudio batzuk herri administrazioan kode irekiko softwarea eta software librea erabiltzearen alde (euskarazko Wikipediatik ekarriak):

  1. Argudio makroekonomiakoa. Sistema operatibo bat eta bulegoko paketea erostea, biak merkataritza lizentziarekin, gutxi gorabehera 300 eta 800 dolar balio du konputagailu bakoitzeko, eta gastu hori bi edo hiru urtero berriztatu egin behar da. Hirugarren munduko herrialdeek ezin dute inola ere horrelako dirutzarik atzerrira bidali, eta gutxiago gastua saihestu daitekeenean. Estatu batek sistema operatiboak erosteko erabiltzen duen dirua aurreztu daiteke Linux sistemara pasatuz gero, dohain ematen den sistema delako. Dohain izan ohi dira, baita ere, azken aplikazio guztiak, bulegoetako paketeak, nabigatzaileak, posta elektronikoa eta abar.
  2. Segurtasuna. Software librea auditagarria da. Kontrakoa uste bada ere, programen kodeak argitaratzea ez doa segurtasunaren kontra, alde baizik. Software librea erabiliz gero programa batek zer egiten duen jakin daiteke, zer nolako informazioa erabiltzen duen eta nola. Segurtasuna ona izateko, argitasunean oinarritu behar da. Software pribatiboak ezkutatu egiten ditu informazio horiek denak eta askotan ez dakigu ze informazioa ari den bidaltzen urruti dauden beste konputagailuetara. Informazio erreserbatua bidali dezakete programan oker bat dagoelako edo fabrikatzaileek nahi izan dutelako.
  3. Egonkorra. Software pribatua saltzen duten enpresek etengabe berriztatu behar dituzte bere produktuak lehian bizirauteko. Erabiltzen dituzten formatu ez-irekiak, formatu irekiak baino arazo gehiago sortzen dituzte administrazioetan. Esate baterako, docx formatua agertu zenean, doc formatuarekin ohituta zeuden batzuek arazoak izan zituzten. Formatu irekiekin ez da horrelakorik gertatu. Formatu estandarrak, formatu irekiak, iraupen luzea izateko sortu dira.
  4. Autonomia teknologikoa. Software librea aukeratzen badu, honek kode nagusira iristeko eskaintzen diten aukerei esker, erabiltzailea asko kontsumitzaile izatetik software garatzera pasa daitezke. Horrek esan nahi du, sail bakoitzak dituen behar berezietara egokitu ahal izango direla programak, aldaketa horiek guztiek software libreak eskatzen dituen baldintzak jarraituz egin beharko dira.
  5. Hornitzaileen independentzia. Software pribatiboa erosiz gero, fabrikatzailearekiko mendekotasuna sortuko dugu. Software mota hori ezarri ondoren fabrikatzailearen menpe geratzen gara edozein jarduera lortzeko, eta gehienetan jarduera horiek ordaindu dugun baino diru gehiago inbertitzera eramango digute. Software librearen politikaren ordea, estatuak software baten garapenagatik dirua ordaintzen badu, bere kode iturriari eskuratzea eskatuko du, eta beraz, etorkizunean aldaketan egin nahi baditu kodea beste batzuei eman diezaieke horiek garatu dezaten.
  6. Argudio demokratikoa. Informazio teknologia berriak leku oso garrantzitsua dute gaur egun gizartean. Teknologia berriak erabiltzen dituztenak gero eta gehiago diren arren, “zulo teknologikoa” oso handia da, eta egun ezarri den ereduarekin jendea gizartetik atetzeko eta baztertzeko faktore bihurtu da. Software libreak ordea informazioaren demokratizazioa bultzatzen du, inoren ez diren protokolo eta hizkuntza erabiltzen dituelako. Gainera, software libre edozein hizkuntzetara itzuli daiteke, eta softwareak ezartzen dizkion ezaugarrietara egokitu beharren, erabiltzaileak bere beharretara egokitu dezakete. Administrazioari formatu irekiko euskarrietan lan egiteko eskubidea eskatu behar.
  7. Erabiltzaileen arteko elkartasuna. Software librearen ezaugarriengatik erabiltzaileen artan elkartasun sareak sortzen dira. Informatika arazoak konpontzeko, lokalizazioak auzolanean egiteko, elkar laguntza taldeak sortzen dira. Administrazioko langileek laguntza horiek aprobetxatuz gero, herri administrazioak denbora eta dirua aurrez lezake.
  8. Eskaintza zabala. Herri administrazioetan behar diren aplikazio ia guztiak software librearen bidez lor daitezke. Aplikazio batek izan ditzaken aukera guztietatik, software libreak gehienak, garrantzitsuenak, eskainiko ditu.

Kontua bereziki garrantzitsu iruditzen zaigu hezkuntza arloan. Euskarazko Wikipedian goiko zortzi argudio horiek baino askoz argudio gehiago bildu dira Hezkuntza Sisteman software libre eta kode irekiko softwarea erabiltzearen alde. Ikasle gehiegi ari dira ohitzen diru publikoaz ordainduriko software jabedunaren, baina badirudi EAEko legegileek hori konpontzeko asmo osoa dutela:

[…] Digitalizazio etikoa eta arduratsua. Pertsonen aukera-berdintasuna, pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lortu baitaiteke, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta egin beharko baita.[…]

17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena. (3. art.)

Etikietak: #BurujabetzaTeknologikoa #BurujabetzaDigitala #SoftwareLibreaHezkuntzan #SoftwareLibreaAdministrazioan #SoftwareLibreaBeharDugu