[Librezale] Euskalgintzaren Kontseiluko gonbitaren erantzuna
gorkaazkarate a bildua ni.eus
gorkaazkarate a bildua ni.eus
Lar, Abu 10, 11:27:40, CEST 2024
Kontseiluaren gonbita
2024-07-12an, Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari
nagusiak, honako mezua bidali zuen Librezale posta-zerrendara:
Euskalgintzako kide estimatu hori, agur t'erdi!
Dakizun bezala, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua
bermatuko duten hizkuntz politikak proposatzea eta indarrean jar
daitezen bultzatzea da Euskalgintzaren Kontseiluaren egiteko nagusia.
Bide horretan, azken urteetan behin eta berriro gogoetatu dugu egungo
munduan ezinbestekoa dela eremu digitalean ere euskararen aldeko
hizkuntz politikak pentsatzea eta bultzatzea. Jakina, arlo horretan ari
zareten eragileen ezagutza eta ibilbideetatik abiatuta, zuen ekarpenean
oinarrituz eta balioetsiz. Hain zuzen ere, aurtengo egitekoen artean
geure buruari jarri genion erronketako bat eremu digitaleko eragileekin
harremanetan jartzea da, eta elkarrekin gutxieneko lanketarako
oinarririk badagoen aztertzea.
Horretan ginela, Elhuyar jarri zen gurekin harremanetan, eta kezka
bertsutik abiatuta Katalunian indarrean jarri duten aliantza digitalaren
ideia partekatu zuten gurekin. Halaber, eta Kontseiluaren aterkipean
halakorik entsea daitekeen proposatu.
Horixe da, beraz, elkarrekin biltzeko proposamen honen arrazoi eta
helburua: tarte bat hartzea eremu digitalean euskararen normalizazio eta
biziberritzearen ikuspegitik dugun jokalekua elkarrekin arakatzeko, eta,
noski, elkarrekin aliantzan aritzeko zorurik baden aztertzeko.
Irailaren 11n izango da bilkura, Martin Ugalde Kultur Parkean, 10:00etan
hasi eta 12:00etara. Ondoren, elkarrekin mokadutxo bat jateko aukera
izango dugu.
Asko poztuko gaitu egun horretan gurekin bazaitugu.
(Mesedez, baieztatu etorriko zareten mezu honi erantzunez)
Idurre Eskisabel Larrañaga
Idazkari nagusia
______________________________________________________________
Horra erantzunaren zirriborro bat, (lehena):
Idurre Eskisabel hori, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi hori:
(1. paragrafoa). Ezer baino lehen, mila esker irailaren 11n egingo den
bilkuraren berri emateagatik, antolatzeagatik eta Librezale taldea
gonbidatzeagatik.
(2. paragrafoa). Librezale taldea duela hogei urte bat urte sortu
zen[1]. Hasieratik euskalgintzarekiko konpromisoa izan duen taldea da.
Boluntarioz osatuta dago eta ez dago zuzendaritza talderik edo taldeak
izendaturiko ordezkaririk[2]. Batzarrak antolatzen direnean, modu
asanblearioan hartzen dira erabakiak. Boluntarioek egiten duten lana,
gehien bat, software librea euskarara itzultzea izaten da. Izan ere,
Librezale taldeko kideok sustatzen dugu, ahal dugun neurrian, software
librea eta euskalduna, estandar irekiak (hardwarea, softwarea,
protokoloak...), lizentzia libreak dituzten edukiak, burujabetza
teknologikoa, zerbitzu federatuak (eta ez nagusitasun monopolistikoa
bilatzen duten zerbitzu zentralizatuak)...[2]
(3. paragrafoa). Boluntarioen artean posta zerrenda bat erabiltzen dugu
egunerokotasunean gure artean komunikatzeko, eta txat sistema pare bat,
(Telegram + Matrix protokoloko gela bat, biak zubi baten bidez
lotuak).[3] Gure mezu guztiak, gardentasun osoz, edonork ikusteko tokian
argitaratzen dira. Edonork eman dezake izena txatean, baita goitizen
batekin ere, edota posta zerrendako mezu guztiak ikusi.[4]
(4. paragrafoa). Boluntarioen artean zuen gonbita komentatu da eta
batzuei joatea ideia ona litzatekeela iruditu zaigu, baina ez da
boluntariorik agertu irailaren 11n, 10:00tik aurrera, Martin Ugalde
Kultur Parkera joateko prest. (Boluntarioren bat agertuko balitz ere,
bere izenean joango litzateke, taldeak ez baitio inori taldearen
ordezkaritza esleitzen).
(5. paragrafoa). Beraz, Librezale taldetik ezin izango da inor joan,
baina joatekotan, honelako proposamenak egingo genituzke: proposatuko
genieke Euskalgintza Kontseiluko talde eta erakunde guztiei, bereziki
zuzendaritza taldekoei[5], software libre eta euskalduna hobestea,
formatu ireki eta estandarrak hobestea; sare sozialetan, esate
baterako[6]. (Publizitatetik bizi diren sare sozial pribatiboetan
askotan detektatu da, besteak beste, euskararen kalterako izan
daitezkeen algoritmoak).
(6. paragrafoa). Agian gure antzeko ikuspegiak dituen 'Hezkuntzan
Librezale' taldean boluntarioren bat agertuko da, (ez dakigu gonbidatu
dituzuen).[7]
(7. paragrafoa). Beraz, eta laburbilduz, mila esker gonbitagatik eta ea
hurrengo batean ere gutaz gogoratzen zareten eta boluntarioren bat
bidaltzen dugun.
[1]
https://librezale.eus/mediawiki//index.php?search=Librezaleren+bilerak&title=Berezi%3ABilatu&go=Joan
[2] https://librezale.eus/wiki/Zer_da_Librezale%3F
[3] https://librezale.eus/wiki/Komunikazio-tresnak
[4] https://librezale.eus/pipermail/librezale/
[5] https://kontseilua.eus/nor-gara/zuzendaritza/
[6]
https://teknopata.eus/2023/07/sare-sozialak-2023an-10-galdera-errazetan/
[7] https://hezkuntza.librezale.eus/honi-buruz/
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago