[Librezale] Common Voiceri bultzada emateko Gaitu.eus (CV proiektuaren laburpen bat)
Txopi
txopi a bildua ikusimakusi.eus
Lar, Maiatza 27, 12:58:37, CEST 2023
Kaixo:
Atzo Eusko Jaurlaritzatik kartel baten zirriborroa bidali zidaten (ikusi
erantsitako irudia). Lakuan egingo duten jarduera batean parte hartzea
proposatu didate eta baiezkoa eman diet Common Voice bultzatzeko egiten
ari diren urratsen parte delako.
Kartelean, nire izenaren azpian "Librezale.eus" aipatzen da, ni
Librezaleko kidea naizela adierazteko. Nik ondo ikusten dut baina talde
hau asanblearioa denez, horrelako gauzak galdetzea hobe dela iruditzen
zait, nahi duen orok bere iritzia eman dezan. Mesedez, erantzun mezu hau
zuen hausnarketak partekatzeko.
Azken urtean noiz edo noiz aipatu dugu Eusko Jaurlaritza Common Voice
euskaraz bultzatu nahian zebilela. Adibidez, Asier Iturraldek eta biok
Librezaleko kide bezala IEB2022an eman genuen hitzaldian (aurkezpeneko
13. orrialdean): https://ikusimakusi.eus/2022/common-voice-donostian/
> * Euskararen Aholku Batzordea eta Eusko Jaurlaritza proiektua
> laguntzen ari dira:
> - Laster esaldi gehiago gehituko dira (CC0 lizentziapean).
> - Komunikazio kanpaina bat ere egingo da herritarrak auzolanean
> parte hartzera animatuz.
Aurten ere Eusko Jaurlaritza ematen ari den urrats horien berri eman
nuen posta-zerrenda honetan bertan:
https://librezale.eus/pipermail/librezale/2023-February/014073.html
Gobernu Katalanak Common Voice katalanez bultzatzeko kanpaina bat burutu
zuen (hau ere hemen aipatu genuela uste dut):
https://discourse.mozilla.org/t/campaign-launch-for-catalan/93188
Webgune bat eta bideo bat sortu zuten, eta hedabideetan kanpainaren
berri eman:
https://www.projecteaina.cat/
https://player.vimeo.com/video/677226228?h=4bbd4efbb8
https://www.ccma.cat/tv3/alacarta/telenoticies/laina-el-projecte-digital-per-parlar-i-interactuar-en-catala-amb-maquines-i-dispositius-llengua-de-signes/video/6144286/
Gaitu proiektua Aina proiektuaren antzekoa izango da. Kanpaina
udazkenean egingo dela uste dut. Ordurako bideo bat, gaitu.eus webgunea
eta beste material batzuk prest izango dira.
Common Voice proiektua Mozillarena da, besteok sustatzailea eta
laguntzaileak gara. Gogoan izango duzuen bezala, euskararen atala
Librezaletarrok hasi genuen, hainbat lan egin genituen: Mozillarekin
harremanetan jarri, esaldiak bildu, webgunea euskaratu... Beste agente
asko bildu zitzaizkigun eta denon artean emaitza ederrak lortu genituen:
komunikazio kanpaina, erakunde desberdinen arteko bideo-bilera, esaldi
gehiago, grabazio gehiago, auzolan digitala Donostian... Hemen kideak
eta bestelako datuak daude:
https://librezale.eus/wiki/CommonVoice
https://librezale.eus/2019/04/01/auzolan-digitala-abian-da/
Kontua da, aspaldi azaldu nuen bezala, CC0 lizentziadun esaldi gehiago
behar ditugula grabazio kanpainekin jarraitu aurretik. Bestela
hizkuntza-eredua lan guztia egin ondoren beharko lukeena bezain kalitate
onekoa ez zela izango. Baina Argiara eta Wikipediara jo ondoren,
euskarazko CC0 esaldi gehiago lortzea ez da lan erraza eta Librezaleko
kideok bakarrik aurrera egitea lortzea oso zaila zen. Beraz, gauzak
hoztu ziren.
Zorionek Euskararen Aholku Batzordeak ekimenaren berri zuen eta Eusko
Jaurlaritzari bere baliabideak erabiliz Common Voice euskaraz bultzatzea
gomendatu zion eta honek baietz.
Honela heldu gara gaurko egunera. Eusko Jaurlaritza kontziente da
Librezalek eta beste eragileok egin dugun lanaz. Eta Common Voice
euskaraz aurrera egiten jarrai dezan, bere modura, laguntzen ari da.
100.000 esaldi berri inguru bildu eta prestatu zituen. Oraindik ez dugu
lortu Mozillak Common Voicen kargatzea Mozilla bera ere azkenaldian
indarrez pixka bat ahul dabilelako (duela pare bat urte ehunka langile
kaleratu zituen eta Common Voice proiektua asko ahuldu zen). Baina beno,
gauzak geldo baina aurrera doaz. Udazkenerako ziur dena prest egongo dela.
Hauxe izan da nire hala-moduzko laburpena. Urteak iraun dituen prozesu
hau ulertzeko argigarria izatea espero dut.
Ondo izan,
Txopi.
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago