<html><head><meta http-equiv="Content-Type" content="text/html; charset=UTF-8" /></head><body style='font-size: 10pt; font-family: Verdana,Geneva,sans-serif'>
<p>Kaixo guztioi, <br /><br /><strong>    Jaso dugun mezua:</strong><br /><br />Atzo Librezale txat gelan Galiziatik idatzi zuen Miguel A. Bouzada itzultzaileak. Nextcloud galizierara itzultzeko arduraduna da eta aholkularitza eman ohi dio Librebit enpresari (<a class="text-entity-link" dir="auto" title="https://www.librebit.com/es/" href="https://www.librebit.com/es/" target="_blank" rel="noopener noreferrer" data-entity-type="MessageEntityUrl">https://www.librebit.com/es/</a>). Enpresa hori da, antza denez, Nextcloudek ofizialki Espainian errekonozitzen duen bakarra instalazio handiak egiteko. Dirudienez, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da beraiekin eta kontratu bat dago edo egongo da. Diruen zati bat euskarazko itzulpenarentzat izango omen da.<br /><br />Miguelek esan dit Galizian lau bat instalazio daudela eginda (administrazioarentzat, ulertu badiot) eta berak kobratu egiten duela itzulpenagatik (Trasno elkartearen bidez, iruditu zait esan didala: <a class="text-entity-link" dir="auto" title="http://trasno.gal/quen-somos/" href="http://trasno.gal/quen-somos/" target="_blank" rel="noopener noreferrer" data-entity-type="MessageEntityUrl">http://trasno.gal/quen-somos/</a>). Itzulpena %100era eramateko konpromisoa hartu eta urte betez mantenua bermatzen duela, baina gero mantenua egiteko berriro tratua egitea dela ohitura. Itzulpena enpresari fakturatuko genioke eta enpresak gastu gisa txertatuko luke jaurlaritzarekin duen kontratuan.<br /><br /><strong>    Nextclouden euskarazko itzulpena:</strong> <br /><br />Enpresatik galdetu diote ea nola dagoen une honetan itzulpena, balorazio bat egiteko, eta esan die nahiko ondo dagoela (badaki tope itzulita egon izan dela). Errebisioak (behin-betikotzat emandako lerroak) oso gutxi ditugula ere ikusi duela. <br /><br />Nextclouden itzulpenean dozena bat pertsona aritu izan da. Azken urteetan Thadah, MakeIP eta ni ibili gara. Badugu matrix gelatxo bat koordinatzeko, norbaitek lagundu nahi badu esan eta sartuko dugu bertan. <br /><br />Itzulpena oso kontrolatuta eduki izan dugu, baina (zoritxarrez edo zorionez) oraintxe bertan hau da egoera: <br /><br />     * 2,271 kate itzuli gabe <br />     * 21,987 kate errebisatzeke edo baieztatzeke <br />     * (25.000 kate dira guztira)<br /><br /><strong>    Zer egin?</strong> <br /><br />Erantzun bat emateko aste bat behintzat beharko dugula esan diot. Beraz, ahal duzuenean erantzun email honi, mesedez. Esan dit ordaintzeko beraiek ez dutela inolako baldintzarik (enpresa bat, pertsona bat, elkarte bat...), baina fakturazioa zeukan buruan, noski. Aipatu dituen moduak:<br /><br />     - Librezalek kobratzea (esan diot ez daukala estatuturik etab). <br />     - Trasno moduko elkarte bat sortzea dirulaguntzak jasotzeko (esan diot seguru aski Librezale ez dela orain horretan sartuko).<br />     - Pertsona batek kobratzea eta elkarteak bazkari bat antolatu eta ardotxo batzuk edateko erabiltzea (sic).<br /><br /><strong>    Nire iritzia:</strong> <br /><br />Uste dut oso pozgarria dela EAEko Eusko Jaurlaritzak horrelako mugimenduak egitea. Susmoa dut hezkuntzara bideratutako proba piloturen bat egiteko dela (Hezkuntzan Librezale taldetik presio pixka bat egin izan dugulako), baina susmoa besterik ez da eta ez dio axola norako den, egia esan. <br /><br />1.- Kobratu egin behar genukeela uste dut. Administrazio publikoak software librea erabili behar lukeela defendatzen dut eta diru publikoarekin software librea indartu behar da, ez software pribatiboa. Berdin-berdin euskaratzeko asmoa geneukan, baina diru bat ematen badute uste dut konplexurik gabe hartu behar genukeela. Software librea dohainik da dirurik ez daukanarentzat, baina dirua daukanak erabiltzen duen hori babestu egin behar du (nik egiten dut). Eta administrazioa subjektu paregabea da paper hori betetzeko, guztion diruarekin, gainera. Oso ederra litzateke jakitea nire zergekin hori egiten dela.</p>
<p>2.- Zenbat kobratu: ez diot galdetu, baina galizieragatik kobratzen duten berbera esatea iruditzen zait errazena.</p>
<p>3.- Nork: beste soluziorik ez bada, ni prest nago nire izenean fakturatu eta gero Librezaleren <a href="https://librezale.eus/wiki/Botea">kontu korrontera</a> donazio gisa transferentzia egiteko (norbaitek ohitura baldin badu kantitate "txikiak" fakturatzen eta baldin badaki ea arazorik emango lidakeen errenta aitorpenean, esan mesedez).</p>
<p>Gero ikusiko genuke diru horrekin zer egin, baina hori eztabaida honetatik kanpo utziko nuke, aurrerago zehazteko ea Librezale taldearen kohesioa handitzeko ardotxotan gastatu nahi den, edo gastuak beregain hartzen ari diren pertsona batzuk konpentsatzeko, edo donazioa egin beste norabait, edo gorde... <br /><br />Ea posible den erabakitzea 1-bai/ez kobratu, 2-zenbat eta 3-nork. <br /><br />Eskerrik asko, <br /><br />Mikel Gartzia Santamaria</p>
</body></html>