[Librezale] Fruit Radar euskaratzen

Txopi txopi a bildua ikusimakusi.eus
Or, Abu 14, 14:14:18, CEST 2020


20/8/13 20:52(e)an, gorkaazkarate at ni.eus igorleak idatzi zuen:
> Hepa Txopi,
> 
> berriro ere ur handitan sartu zara... Ea hurrengo egunotan tartetxo bat
> lortzen dudan apurtxo bat laguntzeko.
> 
> Sortu duzun zerrenda horretan ekarpentxo bat edo beste egiten saiatu
> naiz, azkar batean...

Ederto, eskerrik asko zure ekarpenengatik!

> 
>> https://cryptpad.fr/pad/#/2/pad/edit/2YCFhEB1+s3BxGr2wlfbWOTv/
> 
> Horretan bakarrik sartu naiz, beste esteketan oraindik ez dut klik egin.
> 
> 
> Kontu txiki pare bat:
> 
> * fruitu/fruta hitzen artean, hobetsi lehenengoa, Euskaltzaindiak
> aholkatzen duen legez (fruta: Heg.).

Ados, saiatuko naiz fruta ordez fruitu erabiltzen. Hala ere, esan
beharra dut "fruta-arbola" bezalako hitzak nahiko zabalduak daudela eta
Elhuyarren begiratu dudanagatik "friutu*" behin ere agertzen ez dela eta
"fruta*" asko daudela: frutadenda, fruta-arbola, frutagintza, frutaontzi...

> 
> * glosario bat egiten ari zarenez, kendu fruituen izenen -a artikulua.
> (Uste dut gehienak kenduta ditudala).

Uste dut hemen ez nintzela ondo azaldu. Kontua ez da terminoen glosario
bat egitea Wikipedian bezala, baizik eta aplikazioaren kateak itzultzea.
Aplikazioak zerrendatu ditudanak baino askoz testu gehiago ditu baina
nik landareei dagozkienak jarri ditut, horiek baitira zailenak.

Badago botoi bat fruitua edo landarea aukeratzeko sakatu behar dena eta
ondoren zerrenda bat agertzen da aplikazioan topatu duzun fruitu mota
aukeratu dezazun. Nire ustez leku horretan ez du zentzurik "sagar",
"limoi"... aukerak agertzea, baizik eta "sagarra", "limoia" eta abar. Ez
dakit nire burua azaltzea lortu dudan...

> 
> 
> ---
> 
> Noiz edo noiz Wikipediako Txokoan iritzi trukaketa nahiko luzeak egon
> dira txori edo landare baten izenaren inguruan. (Izen bakar baten
> inguruan! Zuk zerrenda luze bat daukazu aurrean!).
> 
> Euskaraz naturari loturiko hitz asko dauzkagu. Asko. Bai, asko eta asko.
> Eta horietako asko finkatu gabe. Halako hitza bi tokitan erabiltzen da
> animalia edo landare desberdinak izendatzeko. Halako animaliak hamaika
> izen[3]. Halako hitza ez dakit noiz dokumentatu zen esanahi batekin
> baina gaur egun...
> 
> Wikipedian kontu horietan idazten dutenen artean bi iritzi daude;
> muturretan: 1. erabil ditzagun beti izen zientifiko latindarrak eta
> kito. 2. Izen arruntekin saiatuko gara.
> 
> Bi muturren artean, espektro osoa, jakina.

Diozuna oso interesgarria da. Arrainekin bizi izan ditut horrelako
eztabaidak herri batetik bestera pentsa litekeena baino desberdintasun
handiagoak egon ohi dira eta hitzen arteko nahasketa ikusgarria baita
batzuetan.

Adibide ilustratu bat (askoz gehiago jar litezke):
https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/ehha/irudiak/537.jpg

> 
> Proposatzen duzun lan hori, eremu semantiko hori, informatikatik
> urrutitxo, Librezale kideentzako baino, agian, egokiago Wikipediako
> Txokorako[1] edo ItzuL posta-zerrendarako[2], ezta? (Badakit noiz edo
> noiz bi txoko horietan ibili zarela, beraz beheko estekak zuretzat
> baino, Librezale hasiberrienentzat dira ;-)

Bai, ea noraino heltzen garen Librezalekook eta ondoren zerrenda
txukundu, osatu edo findu ahal izango dugu nahi izanez gero. Egia esan,
kasu honetan bidean zaudela fruitu edo belar batekin topo egin eta 8-10
segundotan etiketatzea da helburua. Beraz, izen zientifikoek askorik
lagunduko ez dutela uste dut, ezta nahiko galduta dauden euskarazko
hitzak ere. Beraz, kasu batzuetan, hiztegietan datorren hitz jatorra
jarri dut eta parentesi artean euskaldunok ezagutu ohi ditugun beste bi
hizkuntzen ordaina, momentuan zer aukeratu jakiteko eta ibilbidea
jarraitu ahal izateko:
  - Gooseberry <--> Andere-mahats (grosella, groseille)
  - Medlar <--> Mizpira (níspero, nèfle)
  - Thyme <--> Ezkai, xarbot, erle-belar (tomillo, thym)
  - Raspberry <--> Mugurdi (frambuesa, framboise)
  - Grapefruit <--> Arabisagar, pomelo

Beste kasu batzuetan gaztelaniaz eta frantsesez ere ez da hitz argigarri
hori existitzen fruitu ezezagunagoa delako eta orduan latinezko izena
jarri dut:
  - Woodruff <--> Ziabelar (Galium)
  - Rowan <--> Gurbea (Sorbus)
  - Lemon Balm <--> Garraiska (Melissa)
  - Dogwood <--> Basagerezi (Prunus avium)

Beste kasu batzuetan ez dut euskarazko hitzik aurkitu edo ez dakit
existitzen den ere, landarea ez delako gurean existitzen, eta horiekin
ez dakit zer egin:
  - Jostaberry
  - Red Ribes
  - Black Ribes
  - Sour Cherry
  - Silverberry
  - Ramsons
  - Seaberry
  - Juneberry

Agian onena pragmatikoa izatea da eta jendeak etiketatzen dituen
ohikoenak prest izatean egileari app-aren bertsio berri bat kaleratzea
eskatu: sagarra, madaria, gerezia, masusta, basarana, basamarrubia,
intxaurra, gaztaina, pikua, laranja, limoia, mahatsa, menda-belarra,
erromeroa... Guzti hauek euskaraz izatea oso erosoa litzateke eta agian
Librezaletik etiketatze kanpaina bat abiarazi genezake. Bakoitzak
bospasei landare etiketatuta bakarrik mapa ikaragarri hasiko zen orain
arte gure zonaldea hutsik egon delako :-)

Gogoratzen inoiz hilabete bat dedikatu diogula software bat edo beste
hainbaten artean euskaratzera? Agian iraila dedikatu geniezaioke mapan
landareak etiketatzera eta librezale.eus/fruituak edo antzeko orri
batean OSM gainean Leaflet erabiliz Euskal Herriko datuak bistaratu...
auskalo! Nire helburua aplikazioa euskaratzea da orain ingelesez
erabiltzea oso deserosoa delako eta ondoren ea jendea animatzen den bere
herriko txoko batzuk etiketatzen. Proiektu polita izan daitekeela
iruditzen zait. Nor animatzen da?

Ondo izan,
Txopi.


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago