[Librezale] Mozilla hackatoia Parisen

Julen Ruiz Aizpuru julenx a bildua gmail.com
Ost, Aza 9, 18:42:43, CET 2016


Arratsalde on!

Pasa berri den asteburuan izan da hackatoia eta ororen gainetik
desberdina izan da. Azken bi ediziotan bederen ez dut gonbidapenik
jaso edo ezin izan dut bertaratu eta tira, ez du izan parte hartutako
Mozillaren beste ekitaldiekin inongo antzik [1][2][3].

Talde txikia izan da, 30 bat lagun asko jota eta soilik
lokalizazioaren ingurukoak jorratzeko atondua. Sorpresa izan da
"betiko" aurpegi gutxiago eta jende berri gehiago topatzea.
Parte-hartzaileak handik eta hemendik etorritakoak izan dira,
Afrikako, Europako eta Ekialde Hurbildeko hizkuntzak barne hartuz:
fula, afrikanerra, wolofera, acholiera, hebreera, serbiera, frantsesa,
espainiera, italiera, asturiera, katalana, portugesa, euskara eta
ziurrenik ahaztu zaidan beste bakarren bat.

Berez agendaren zati handi bat talde bakoitzak ezartzen zuen arren,
zenbait aurkezpen eta eztabaida nabarmendu ziren larunbateko naiz
igandeko saioetan.

Lokalizazio eremuko errepasoa egin zuten Mozillaren aldetik: nola
aldatu den talde gidaria (L10N drivers) eta nola orain taldea bitan
banatuta (alderdi teknikoagoa eta alderdi kudeatzailea) esfortzuak
hobeto baliatzeko modua izango duten.

Boluntariooi galdetu zigutenean ea zenbateraino sentitzen ginen
baloratuta, denetariko erantzunak entzun ziren baina batez ere
nabarmentzekoak:

* Hizkuntza batek ekarpenak egiteari utziko balio, Mozillari gutxi
gorabehera "berdin" emango lioke; sentipena da bederen Mozillak ez
duela hizkuntza hori salbatzeko esfortzu apartekorik egingo.
* Firefox OSek etsipena ekarri du eta lokalizazio-taldeak erre egin
ditu: denbora-tarte murritzak lanerako, QA prozesuak ere zorrotz
jarraitu behar eta bat-batean proiektua itxi egin dute. Boluntario
posible asko bazterrean utzi dira.

Parte hartzea bera ere gai gisa hartuta, askotariko iritziak plazaratu ziren:

* Nola lortu jende gehiagok lokalizazioan parte hartzea? Tresnen
hobekuntza erabakigarri xamarra da hemen. Muga teknikoa gainditzeak
(gogoratzen fitxategiak eskuz moldatu, aldaketak CVSra igo eta XPIak
eskuz sortzen genituen garaiak?), nahi edo ez, ate gehiago zabaltzen
dizkio emakumeen parte-hartzeari.
* Agian Mozillak ere zerbait egin dezake produktu aldetik gizartean
esanguratsuago izan eta jendearen arreta berreskuratzeko. Servo eta
Rust-en presentziak gauzak asko alda litzake alderdi honetan [4].
* Testuinguruaren arabera, parte-hartzaileren batek proposatu zuen
Mozillak errekonozimendua ere eman zezakeela modu gehiagotan:
kredituetan agertu ez ezik, lanaren nolabaiteko errekonozimendua
egitea ziurtagirien bidez edo diru-sariak ematea. Azken honekin
lotuta, Afrikako zenbait tokitan Interneteko sarbidea izatea bera
luxua denez, Interneten aritzeko denbora ere opari zezakeen Mozillak.

Alderdi teknikoago batean, L20N [5] aurkeztu ziguten enegarrenez. Ez
dakienarentzat, L20N lokalizaziorako tresna-multzo eta
fitxategi-formatu berria dira. Honen bidez egungo sistemetan dauden
mugak gainditu nahi dira, lokalizatzaileei, beharrezkoa dutenean,
hizkuntza-egitura konplexuagoak egiteko aukera emanaz eta testu
naturalagoak lortuz; adibidez, generoa ezarri eta honen arabera
lokalizatzeko aukera, pluralak egiteko modu gehiago, hitzak
deklinatzeko bidea etab.

Berrikuntza hau urte hasieran etorriko da Firefoxera, hau da, urtarril
erdi-bukaeratik aurrera Firefox guztia L20N-en FTL fitxategi-formatua
erabiliz lokalizatuko da. Oraindik errendimendu-arazo txiki batzuk
konpondu behar dituzte baina paperaren gainean horixe da plana.
Formatu-bihurketa beraiek burutuko dute automatikoki eta eremu
praktikoan lokalizatzaileek ez lukete aldaketarik sumatu behar,
ordurako egungo tresnak prest egongo baitira (Pootle eta Pontoon).


Hackatoiko edukiei dagokienez eta euskararako egindako ekarpenen
inguruan, hiru puntutan laburbil daiteke jarduna:

* Mozilla proiektuen arteko terminologia eta kontsistentzia errepasatu da.
* iOS-erako Firefox lokalizatuta dago jada [6]. Lanaren zati handi bat
itzulpen-memoriei esker burutu da.
Dakigunez, sagarra-mantzanak ez du euskararik maite eta nabigatzailea
Axularren hizkuntzan bistaratzeko, menu-aukera batetik ezarpen bat
hautatu behar da.
* Softcatalaren terminologiako tresnak begiratu nituen (kodea ere bai)
eta tamalez eta momentuz nahiko ad-hoc dago egina tresna katalanen
beharrak asetzeko. Bide hau jorratu nahi izanez gero asteburu osoko
hackatoi bat baino apur bat gehiago beharko da :/


Horixe ba dena gutxi gorabehera, gauza handirik ahaztu ez bazait!


Julen.


[1] http://librezale.eus/pipermail/librezale/2008-August/001908.html
[2] http://librezale.eus/pipermail/librezale/2008-October/001978.html
[3] http://librezale.eus/pipermail/librezale/2013-October/005316.html
[4] Irakurri Quantum proiektuari buruzko argibide gehiago:
https://medium.com/mozilla-tech/a-quantum-leap-for-the-web-a3b7174b3c12
[5] http://l20n.org/
[6] https://mozilla.locamotion.org/eu/ios/translate/
[7] https://github.com/Softcatala/translation-memory-tools



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago