[Librezale] Mozilla Summitetik bueltan

Julen julenx a bildua gmail.com
Ost, Abu 6, 00:10:54, CEST 2008


Aupa lagunak !

Pasa den igandean bueltatu nintzen Kanadatik, Whistler-en[1] ospatu
den Mozilla Summit-etik[2] hain zuzen ere. Nahiz eta bidaian denbora
dexente pasa, lau egun ahaztezin izan dira eta ikasitako gauzek eta
ezagututako jendeak berresten dute ekitaldiak pena merezi izana. Nola
edo ahala saiatu naiz Librezale ordezkatzen, nahiz eta tamaina
honetako ekitaldietan konturatzen zaren zein txikiak garen munduaren
aurrean.

Ekitaldian Mozillaren inguruko filosofia, garapena, komunitatea eta
beste hainbat kontu jorratu dira eta, hauen artean, lokalizazioak
arreta berezia izan du. Horren adierazle dira egitarauan[3] gai honi
lotuta dauden hitzaldiak. Guztira mundu osotik etorritako eta
lokalizazio lanetan dabiltzan 40 bat pertsona[4] bildu ginen bertan.

Egitarauari egunez egun jarraituz gero, ondorengo laburpentxoa egin liteke:

Astelehena:
- Hitzaldirik ez, bakarrik aurkezpen ekitaldia[5] jendeak elkar
ezagutzeko. Jana eta edana nahi adina.

Asteartea:
- Ongi etorri hitzaldia[6] John Lilly eta Mitchell Baker-en eskutik.
- Bazkalondorenean web nabigatzaileen erabiltzaile interfazeei buruzko
hitzaldia eman zuen Alex Faaborg-ek; etorkizunera begira egindako
zenbait prototipo erakutsi zituen.
- Jarraian Firefox 3ren lokalizazioari buruzko hitzaldia Axel Hecht
eta Mic Berman-en eskutik, egin den lana eta egiteko dagoena
eztabaidatzeko.
- Lokalizazioarekin jarraituz, Verbatim[7] izenaren atzean dagoena
erakusten saiatu ziren Dan Schafer eta Wil Clouser Mozillaren partetik
eta Translate Toolkit-a ezagutarazi zuen gero Friedel Wolff-ek.
Verbatim-ekin lokalizazio prozesua erraztu nahi da, lokalizazio talde
gehiago parte hartzera animatzeko helburuarekin. Atzetik Pootle
darabil Verbatim-ek, ez da derrigorrezkoa izango hau erabiltzea eta
erabiltzeko moduko bertsio bat urte amaierarako espero da.
- Egunarekin amaitzeko, italiarren eskutik Firefox erabiltzaileek izan
ditzaketen ohiko arazoen eztabaida.

Asteazkena:
- Mozillaren sukaldean prestatzen ari denaren aurrebista: Firefox
3.1erako ogg Vorbis eta Theora euskarria aparteko plugin-ik gabe[8],
nabigatzailean integratuta, alegia; txundigarria era berean Fennec-en
(mobiletarako Firefox bertsioa) aurkezpena[9] eta aurrerapen apartak
Mozilla Labs-en.
- Arratsaldeko lehen saioa Thunderbird 3ren lokalizazioari buruzkoa
izan zen. Hemendik aurrera Simon Paquet izango da koordinazio lanen
arduradura, Calendar-en egungo arduradun bera. Aipatu zituenen artean
nabarmentzekoak dira, esaterako, Thunderbird 3rako lokalizazio lana ez
dela handia izango, ez behintzat kate berrien kopuruan. Gainera,
hurrengo bertsio nagusian Lightning gehigarria desagertu egingo da,
posta-bezeroaren parte izatera pasako baita.
- Mozillak Europan duen eraginarekin[10] jarraitu zuen egunak,
Zbigniew Braniecki eta Tristan Nitot-en eskutik (gure taldea Liberatze
bezala izendatu zuten aurkezpenean!).
- Armen Zambrano eta John O'Duinn-ek lokalizatutako pakete bitarrak
nola eraikitzen dituzten erakutsi ziguten[11]
- Azkenik, Christian Sejersen eta Mic Berman-ek Fennec-en
lokalizazioari buruzkoak kontatu zizkiguten. Bitxia da baina Fennec-ek
apenas izango du itzulpen lanik, 25 bat kate besterik ez baititu! Hala
ere, lokalizazio-arazo potoloak azaldu ziren: herrialde batetik
bestera lekuz aldatuz gero, zein bilaketa-motor erakutsi? nola burutu
probak? nola bermatu gure lana mugikor guztietan ongi ibiliko dela?
letra-tipo bereziak behar dituzten hizkuntzekin zer?

Osteguna:
Ez zen saio nagusirik egon, beraz saio "txikiekin" hasi zen eguna.
- Eguna hasteko, lokalizazioan gabiltzan jendearen aurkezpena[12] izan
genuen. Pertsona oro gelaren aurrera atera eta pixka bat
taldeari/norberari buruzko lauzpabost kontu azaltzea eta elkarri buruz
gehiago jakitea zen helburua.
- Hori eta gero, Erdal Ronahi-k lokalizazio-talde txikiek izan ohi
dituzten arazoak azaldu zituen zorrotz-zorrotz. Erdal alemaniarra izan
arren, kurduen lokalizazio-arduraduna da eta kurduerak sufritzen duen
egoera lazgarria jarri zuen bertan geundenon jakinean. Azaldu
zidanagatik, euskararen garai txarrenak baino okerragoak direlakoan
nago.
- Bazkaldu eta gero lokalizazio-tresnei buruzko saio makal xamar bat
izan genuen, nahiko antolamendu eskasa izan baitzuen.
- Amaitzeko, Seth Bindernagel eta Chris Chofmann-ek (Mozillako
aitonak!) lokalizazioaren inguruan eraiki nahi den komunitateari buruz
egin diren eta egitear dauden ahaleginak azaldu zizkiguten
labur-labur.


Saioetatik aparte, bitxikeria moduan izan da kontu eta komeriarik.
Astelehen gauean adibidez, hartzen bat omen zebilen[13] hotel
kanpoaldetik. Asteartean Vancouver-erako bidean lurjausia[14] izan zen
berriarekin esnatu ginen; honen ondorioz Vancouver-era itzultzeko
(120KM teorian) 6 ordu pasatxoko autobus-bidaia egin behar izan
genuen. Honen harira 448604 buga[15] zabaldu da xD. Gertaerekin
jarraitzeko, ostegunean argindarrik gabe geratu ginen ia egun erdiz,
kamioi batek transformadore bat hautsi zuelako[16].
Firefox 3ren helbide-barra berria "Awesome Bar" bezala ere ezagutzen
da, baina antza denez, Whistler-en, beste esanahi bat aurkitu
genion[17].
Gainontzean izan zen afari goxo[18], parrandatxo[19] eta sorpresarik:
azken eguneko afaria[20] eski estazioaren tontorrean egin genuen,
telesilan bertaratuta. Tontorrean -1ºC eta elurra![21]


Ba hori, esperientzia politta eta aberasgarria oso. Espero dut
bildutako oharrak zuei ere balio izatea eta besterik jakin nahi
baduzue galdetu lasai!

Ondo segi,

Julen.

[1] http://www.flickr.com/photos/29057895@N02/2713177929/
[2] http://wiki.mozilla.org/Summit2008
[3] http://wiki.mozilla.org/Summit2008/Sessions/Schedule
[4] http://www.flickr.com/photos/nitot/2721416274/
[5] http://www.flickr.com/photos/pistoncito/2716675578/
[6] http://www.flickr.com/photos/nitot/2715374066/
[7] http://wiki.mozilla.org/Verbatim
[8] http://weblogs.mozillazine.org/roc/archives/2008/08/why_ogg_matters.html
[9] http://www.flickr.com/photos/deadsquid/2716981901/
[10] http://diary.braniecki.net/2008/07/31/mozilla-in-europe-firefox-summit-presentation/
[11] http://armenzg.blogspot.com/2008/07/l10n-build-presentation-slides.html
[12] http://www.flickr.com/search/?s=int&w=all&q=Localizer+presentation&m=text
[13] http://www.rumblingedge.com/2008/07/29/bear-with-me-while-you-sleep-at-whistler/
[14] http://www.cbc.ca/canada/british-columbia/story/2008/07/30/bc-highway-rockslide-whistler.html
[15] https://bugzilla.mozilla.org/show_bug.cgi?id=448604
[16] http://www.flickr.com/photos/albill/2720171490/
[17] http://www.flickr.com/photos/pistoncito/2731017232/
[18] http://www.flickr.com/photos/pistoncito/2716675772/
[19] http://www.flickr.com/photos/willyaranda/2727702180/
[20] http://www.flickr.com/photos/pistoncito/2731017588/
[21] http://www.flickr.com/photos/nukeador/2722138288/


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago