[Librezale] Mozilla Europe Camp: laburpena

Julen julenx a bildua gmail.com
Al, Urr 27, 19:40:03, CET 2008


(Barkamenak mezua birritan jasotzen duzuenoi)

Kaixo !!

Bueltan naiz asteburua Bartzelona inguruan pasa eta gero. Bi egun luze
eta probetxuzkoak izan dira eta kronikatxo bat egitearekin batera
apuntatu ditudan zenbait ideia partekatu nahi nituzke.


Zapatuan sarrera ekitaldiak izan ziren lehenik, Mozillaren egoera
laburtze aldera bai alderdi sozial nahiz teknologikoan.
John Lillyk, beti bezala, lokalizazioaren garrantzia azpimarratu zuen,
Firefoxen lortzen den "market-share" handiena AEBtatik haratago
baitator.
Puri-purian dagoen mugikorren merkatua ere aipatu zen eta are gehiago
aurreko astean Fennec-en lehen alpha bertsioa kaleratu dela jakinda.
Mugikorren munduan plataforma ugari daudenez, zaila da guztietara
ailegatzea, baina ziurra da Windows Mobile eta Linuxen gainean
dabiltzan mugikorrekin ondo ibiliko dela Fennec (besteak beste).
Galdera-erantzunen tartean pribatutasunari buruzko kezkak azaldu
ziren, Firefox 3.1ak izango dituen geolokalizazio aukerak direla eta.
Alderdi honetan aipatu zen informazio honen guztiaren kontrola
erabiltzaileek izango dutela.

Labs-eko saioan, Aza Raskin-ek Ubiquity-ren aurrerapenak aurkeztu
zizkigun eta ohiko ekintzak modu naturalean egiteko helburua azaldu
zuen. Esaterako, posta-mezu bat idaztean, helbide baten mapa
erakusteko, beste orri batera joan, helbidearen mapa bilatu, URLa
kopiatu eta berriro mezuan itsatsi ordez, zuzenean mezutik bertatik
Ubiquity-ko komando batekin lortuko genuke mapa, ekintza bakarrean.

David Ascher, Thunderbird-eko "nagusia", nahiko kritikoa izan zen
egungo web aplikazioekin, datuak aplikazio zehatzetara murriztu
direlako "cloud computing"-ean, eta ez protokoloetara; hortaz,
informazio pertsonalak erabiltzailearen eskutik ihes egiten du. Apunte
bat: webmail-etako dauten %90a AEBtan daude.
Thunderbird-erako prestatzen ari diren aldaketa drastikoak erakutsi
zizkigun gero, ikuspegi (facet) bidezko nabigazioa posta-mezuen
artean, fitxa bidezko interfazea, egutegiaren integrazioa, ...
aldaketa asko. Publikotik aipatu zen jendeak Outlook-en
funtzionaltasunak bilatzen dituela, baina David-ek izaera berritzailea
berretsi zuen: "Most people don't know what they want until they see
it".

Arratsaldez gai zehatzei lotutako saioak izan ziren oro har eta,
lokalizazioari zegozkienetan l10n-drivers taldea aurkeztu zen,
dashboard-erako hobekuntzak proposatu ziren eta lokalizazioarako Silme
liburutegi berriarekin egin daitezkeenak azaldu ziren.


Igandean, berriz, jendearen ajeak gauzak atzeratu zituen eta Juantomás
Garcia Hispalinux-ekoari suertatu zitzaion egunari hasiera ematea.
Espainian Software Libreak bizi duen egoera nahiko modu orokorrean
azaldu zuen, batez ere Extremadurari men eginez. Hala ere anekdota
barregarri, kurioso nahiz interesgarria kontatu zuen, Nacho Vidal
aktoreari Software Librea zer zen kontatu zionekoa[1]; haren
erantzuna: "coño si trabajamos prácticamente en lo mismo. Todo el
mundo cree que nos dedicamos a joder pero realmente nos dedicamos a
ser generosos con nuestro "saber" y a  repartirlo con mucho amor y/o
cariño".

Gainontzean, Babelzilla aurkeztu zuen bertako arduradunak, gehigarriak
itzultzeko online plataforma. MozillaFR eta Mozilla Hispanok beraien
lan egiteko modua ere elkarbanatu zuten guztiokin.

Asteburua amaitzeko, saio interesgarriak izan ziren komunitate lokalei
buruzkoak, Poloniako, Espainiako eta Kataluniako taldeek euren
komunitateak aurkeztu zituzten labur-labur eta gero komunitate lokalak
indartzeko egin daitekeena eztabaidatu zen. Kamiseta "lokalizatuak"
egiteko aukera aipatu zen.
Azkenik, Zbigniew Braniecki "gandalf"ek "Community Sites"[2]
direlakoak aurkeztu zituen (aurreko batean 3ARRANOk birbidalitako mezu
batean komentatzen zen), Mozillaren inguruko webgune erraz, azkar eta
malguak sortzeko saioan.


Hala ere, asteburuko sorpresarik onena mancomun.org komunitateko
koordinatzaile Suso Baleato ezagutzean izan nuen (Txopi, ezagutzen
omen zaitu!), lehen eskutik eman baitzidan Galizian Software Libreak
bizi duen egoeraren berri. Mancomun Xuntaren ekimena da Software
Librearen inguruan dauden mugimenduak koordinatzeko eta, besteak
beste, galiziarrek aplikazio informatikoak euren hizkuntzan
erabiltzeko aukera bermatzea dute helburu.

Susok aipatzen zuen Galizian filosofia ezberdineko jendea dabilela
Software Librea lokalizatzen eta hiru taldetan bana daitezkeela:
enpresak, elkarteak eta boluntarioak. Lehenengo biek diru-laguntzak
jasotzen dituzte, ez ordea azken taldekoek. Hemengo egoeraren analogia
bat egitearren, EuskalGNU elkarteetan sartuko genuke eta Librezale
boluntarioetan.
Komunitatearen beraren beharrek bultzatu zuten hiru multzoen arteko
lanaren koordinazioa, historikoki izan diren arazo eta pikeen ondorioz
batez ere (OpenOffice.org-ekin gertatutakoa, adibidez[3]). Orain,
osatzen diren itzulpenekin TMX memoriak sortu, bildu eta banatzen dira
etorkizuneko proiektuetan berrerabil daitezen.

Honez gain, "gobernua hackeatuta" dutela aprobetxatuz, barruan
daudenez, aipatzen zidan ahal bezainbeste baliabide bideratuko
dituztela Software Librearen aldeko mugimenduetara. Lan egiteko
moduengatik interes handia zuen era berean, eta guk Pootle-rekin dugun
esperientzia azaldu nion. Haiek orain arte Entrans[4] erabili izan
dute, baina Pootle-ra pasatzeko asmo sendoak dituzte. Norabide
honetan, komentatzen zidan urriaren 31ean (hurrengo ostirala!)
jardunaldi batzuk antolatu dituztela eta hain zuzen Pootle bezalakoen
inguruan aritzeko asmoa dutela. Horregatik, gonbidapena luzatu zigun
Galiziara joateko. Nik ezin dut, baina inor animatzen bada, esan ahal
bezain pronto Susorekin harremanetan jartzeko; hark oso gustora
hartuko gaitu.


Eta gutxi gorabehera hori da asteburuaren laburpentxoa. Inpresio
nabarmen batekin bueltatu naiz: talde bezala asko dugula egiteko,
hobeto (des)koordinatu behar garela, gehiago zabaldu behar dugula gure
jarduna, kide berriak lortu behar ditugula, ... asanblada baterako
aitzakia beharbada?


Ondo segi Librezale,
Julen.

[1] http://www.juantomas.net/2008/03/03/nacho-vidal-no-usa-software-libre-todavia/
[2] http://diary.braniecki.net/2008/10/17/mozilla-community-theme-revised/
[3] http://barrapunto.com/articles/05/09/28/1448259.shtml
[4] http://entrans.mancomun.org/


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago