[Librezale] CyangonenMod 12 Euskaraz dago. Proiektuaren egoeraren berri.

Osoitz E oelkoro a bildua gmail.com
Lar, Eka 6, 19:00:21, CEST 2015


Aupa,

CyanogenMod Euskaraz proiektuaren egoeraren berri ematera nator.

Dakizuenez Android batzuk euskaraz badaude ere ekoizle eta operadoreen
araberako kontu bat da hau, Android AOPS 5 euskaraz iragarri zuen Googlek
baina oraindik ez du kaleratu, ondorioz CyanogenMod da euskarazko bertsio
libre bat duen Android bakarra (nik dakidala).

EGINDAKO IBILBIDEA

CyanogenMod euskaratzeko proiektua Aitor Kortina eta beste batzuk hasi
zuten 11. bertsioan.

Garaian Android AOSP 4 ofizialki euskaraz ez zegoenez Cyanogen itzultzeaz
gain AOSP 4 ere itzuli behar zela suposatzen zuen, baina Cyanogen
proiektuak egindako "fork" bat Googlek ez baitu komunitatearen laguntza
onartzen itzulpenetan.

Lortu zuten CyanogenMod 11 osorik euskaratzea, eta AOSP 4 forkaren
itzulpenak bultzada nabarmen bat jaso zuen Android Euskaraz proiektuko
kideek Librezaleren Pootletik kate mordoa masiboki sartu zituztenean.

Lortuko zela zirudien, eta halako batean Googlek AOSP 5 proiektua ofizialki
euskaratu(ko) zuela iragarri zuten eta Cyanogen proiektuak bere forka itxi
zuen. Horrek esan nahi zuen Cyanogen 11 Euskaraz ez zuela argia ikusiko.
Itzulpenen arduradunei AOSP4 Euskaraz berrirekitzea eskatu nien, baina
erantzunik ez.

Zorionez, nahiz eta Googlek AOSP 5 euskaraz oraindik kaleratu ez badu ere
(eta badira hileak!) Cyanogen proiektuak Google etxearen GIT zerbitzarian
eskuragarri dauden itzulpenak ontzat ematea erabaki zuen, eta CyanogenMod
12 Euskara barne kaleratu zen.

Euskara barne edo, Cyanogen 12 erdizka baitzegoen itzulita oraindik.
Nahasmen horren erdian Cyanogen Euskaraz proiektua arduradunez umezurtz
geratu zitzaigun eta nik hartu nuen ardura, baina oraindik prozesua erabat
ulertzen ez nuenez, itzulpen berriak ez ziren mugikorretara heltzen (ups!).
Hori konponduta dago jada, eta Cyanogen 12 zein 12.1 erabat Euskaraz daude
azken nightly-etan. (Topa!)

Bide batez, oraindik CyanogenMod sistema eragilea instalatzera animatzen ez
diren Android erabiltzaileek CyanogenMod aplikazioak euskaraz instalatu
ditzakete ere (akatsekin, ez baitute itzulpenaren azken bertsioa oraindik,
baina tira, denbora kontu bat da):
https://play.google.com/store/apps/details?id=com.maartendekkers.cmapp

GAUR EGUNGO EGOERA ETA ERRONKAK

Esan bezala ez dirudi CyanogenMod 11 Euskaraz ikusteko aukerarik izango
dugunik. CyanogenMod proiektua oso azkar mugitzen da eta ez du atzera
begiratzen asko. CyanogenMod 12 eta 12.1 Euskaraz daude erabat azken
egunotako nightly-etan baina ez dago lokartzerik ia egunero kate berriak
gehitzen baitzaizkio proiektuari.

Itzulpenak akatsak ditu, ugari konpondu ditut nik CyanogenMod atalean
aurkitu ahala, baina AOSP atalean daudenak ezin ditut nik konpondu.
CyanogenMod eta AOSP itzulpenak alderatzeko asmoa bertan behera utzi dut
AOSP parteko itzulpena bukatu gabe dagoelako eta akatsak dituelako ere.
Agian interesgarriagoa litzateke Firefox OS itzulpenarekin alderatzea.
Oraingoz dena dela, "akatsak ikusi ahala zuzendu" metodoarekin jarraitzen
dut. Itzulpenean akatsak bilatzea eta jakinaraztea laguntzeko modu
eraginkor bat da.

Teklatuak ez du zuzentzaile ortografikorik euskaraz. Swiftkey teklatu
jabeduna instalatu dezakete erabiltzaileek eta oso ondo dabil, baina hobe
litzateke berezko zuzentzailea balu edo gutxienez tresna libreekin osatu
baliteke hutsune hau. Ez dakit Firefox OSrako egindako lana
berrerabiltzerik dagoen, lehenetsita Cyanogen AOSP teklatua erabiltzen du
eta hor Google etxearen menpe gaudelakoan nago, baina AnySoftKeyboard
librea da eta hiztegiak sortzeko tresnak ditu:
https://github.com/AnySoftKeyboard


LIBREZALERA OFIZIALKI

Proiektua ofizialki Librezalera ekarri nahi dut, hau da, ondo baderitzozue
posta zerrenda honetan txapa ematen jarraituko dut, Wikian proiektu ofizial
gisa zerrendatuko dut, eta berriak daudenean Librezaleko azalean
argitaratuko ditut (Hasteko Euskaraz badagoela iragarri).

Ondo izan,

Osoitz
-------------- next part --------------
An HTML attachment was scrubbed...
URL: <http://librezale.eus/pipermail/librezale/attachments/20150606/1f1141da/attachment.html>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago