Aupa,

CyanogenMod Euskaraz proiektuaren egoeraren berri ematera nator.

Dakizuenez Android batzuk euskaraz badaude ere ekoizle eta operadoreen araberako kontu bat da hau, Android AOPS 5 euskaraz iragarri zuen Googlek baina oraindik ez du kaleratu, ondorioz CyanogenMod da euskarazko bertsio libre bat duen Android bakarra (nik dakidala).

EGINDAKO IBILBIDEA

CyanogenMod euskaratzeko proiektua Aitor Kortina eta beste batzuk hasi zuten 11. bertsioan.

Garaian Android AOSP 4 ofizialki euskaraz ez zegoenez Cyanogen itzultzeaz gain AOSP 4 ere itzuli behar zela suposatzen zuen, baina Cyanogen proiektuak egindako "fork" bat Googlek ez baitu komunitatearen laguntza onartzen itzulpenetan.

Lortu zuten CyanogenMod 11 osorik euskaratzea, eta AOSP 4 forkaren itzulpenak bultzada nabarmen bat jaso zuen Android Euskaraz proiektuko kideek Librezaleren Pootletik kate mordoa masiboki sartu zituztenean.

Lortuko zela zirudien, eta halako batean Googlek AOSP 5 proiektua ofizialki euskaratu(ko) zuela iragarri zuten eta Cyanogen proiektuak bere forka itxi zuen. Horrek esan nahi zuen Cyanogen 11 Euskaraz ez zuela argia ikusiko. Itzulpenen arduradunei AOSP4 Euskaraz berrirekitzea eskatu nien, baina erantzunik ez.

Zorionez, nahiz eta Googlek AOSP 5 euskaraz oraindik kaleratu ez badu ere (eta badira hileak!) Cyanogen proiektuak Google etxearen GIT zerbitzarian eskuragarri dauden itzulpenak ontzat ematea erabaki zuen, eta CyanogenMod 12 Euskara barne kaleratu zen.

Euskara barne edo, Cyanogen 12 erdizka baitzegoen itzulita oraindik. Nahasmen horren erdian Cyanogen Euskaraz proiektua arduradunez umezurtz geratu zitzaigun eta nik hartu nuen ardura, baina oraindik prozesua erabat ulertzen ez nuenez, itzulpen berriak ez ziren mugikorretara heltzen (ups!). Hori konponduta dago jada, eta Cyanogen 12 zein 12.1 erabat Euskaraz daude azken nightly-etan. (Topa!)

Bide batez, oraindik CyanogenMod sistema eragilea instalatzera animatzen ez diren Android
erabiltzaileek CyanogenMod aplikazioak euskaraz instalatu ditzakete ere
(akatsekin, ez baitute itzulpenaren azken bertsioa oraindik, baina tira, denbora kontu bat da):  https://play.google.com/store/apps/details?id=com.maartendekkers.cmapp

GAUR EGUNGO EGOERA ETA ERRONKAK

Esan bezala ez dirudi CyanogenMod 11 Euskaraz ikusteko aukerarik izango dugunik. CyanogenMod proiektua oso azkar mugitzen da eta ez du atzera begiratzen asko. CyanogenMod 12 eta 12.1 Euskaraz daude erabat azken egunotako nightly-etan baina ez dago lokartzerik ia egunero kate berriak gehitzen baitzaizkio proiektuari.

Itzulpenak akatsak ditu, ugari konpondu ditut nik CyanogenMod atalean aurkitu ahala, baina AOSP atalean daudenak ezin ditut nik konpondu. CyanogenMod eta AOSP itzulpenak alderatzeko asmoa bertan behera utzi dut AOSP parteko itzulpena bukatu gabe dagoelako eta akatsak dituelako ere. Agian interesgarriagoa litzateke Firefox OS itzulpenarekin alderatzea. Oraingoz dena dela, "akatsak ikusi ahala zuzendu" metodoarekin jarraitzen dut. Itzulpenean akatsak bilatzea eta jakinaraztea laguntzeko modu eraginkor bat da.

Teklatuak ez du zuzentzaile ortografikorik euskaraz. Swiftkey teklatu jabeduna instalatu dezakete erabiltzaileek eta oso ondo dabil, baina hobe litzateke berezko zuzentzailea balu edo gutxienez tresna libreekin osatu baliteke hutsune hau. Ez dakit Firefox OSrako egindako lana berrerabiltzerik dagoen, lehenetsita Cyanogen AOSP teklatua erabiltzen du eta hor Google etxearen menpe gaudelakoan nago, baina AnySoftKeyboard librea da eta hiztegiak sortzeko tresnak ditu: https://github.com/AnySoftKeyboard

LIBREZALERA OFIZIALKI

Proiektua ofizialki Librezalera ekarri nahi dut, hau da, ondo baderitzozue posta zerrenda honetan txapa ematen jarraituko dut, Wikian proiektu ofizial gisa zerrendatuko dut, eta berriak daudenean Librezaleko azalean argitaratuko ditut (Hasteko Euskaraz badagoela iragarri).

Ondo izan,

Osoitz