[Librezale] Eztabaidara deia. Parte-hartzea, tresnak, estilo-liburua eta abar

Manex Agirrezabal manex.agirrezabal a bildua gmail.com
Ost, Api 8, 09:30:19, CEST 2015


Iepa!

Barkatu atzerapenarekin erantzutea, baina mila esker Osoitz. Gustatu 
zaizkit egin dituzun komentarioak. Haien artean bazegoen itzulpen 
memorien estatistikak ateratzea aipatzen zenuen komentario bat. Nahi 
baduzu, saiatu naiteke hitzen erabilera maiztasunak modu errazean 
kalkulatzen eta bukatutakoan zuei bidali sarean jartzeko.

Zer iruditzen?
Manex

On 03/04/15 15:03, Osoitz E wrote:
> Kaixo,
>
> Orain gutxi batzar proposamen bat egin zen, agian eztabaidatzeko asko 
> ez dugulako edo ezerezean geratu zen kontua, saiatuko naiz beraz 
> bazterrak nahasten eta giroa berotzen aurreko batzarrean muturra 
> azaldu zuen kontu batekin.
>
> OHARRA: Txapa luzea dator.
>
> Begi onez ikusten ditut Web bidezko elkarlanerako tresnak 
> parte-hartzea izugarri errazten dutelako. Librezaleko proiektu 
> ofizialetan ohiko metodoekin egiten da lan, eta ez dut proposatzen 
> osasuntsu dauden proiektuekin esperimentutan hastea, baina Librezaleko 
> laguntzarako testuetan ez dira aipatzen Crowdin, Transifex edo 
> Locamotion bera.
>
> Sakelakoa bihurtu da gehiengoaren interfaze nagusia teknologiarekin, 
> mahaigaineko bertsiorik ez duten aplikazio berri mordoa dago eta 
> gehien erabilitako proiektu libreek (eta ez hain libreek) 
> itzulpenerako tresna mota hauek erabiltzen dituzte. Erdizka dauden 
> itzulpen proiektu mordoa aurkitu daitezke zerbitzari hauetan.
>
> Zenbat asmo on hoztu ote dira 2007ko Software lokalizazioa 0.1 
> dokumentu horretan azaldu bezala gettext tresnak, po fitxategiak eta 
> itzulpen memoriak aurkitu, instalatu eta konfiguratzeko bide horretan? 
> Lanean hasteko egin behar den guztia izena ematea bada ordea, igande 
> arratsalde bateko beroaldiari etekinen bat atera askoz errazagoa da, 
> eta agian itzultzeari gustua hartzea ere.
>
> Elkarlanari mugarik jartzen ez dioten tresnek badute arrisku bat, 
> zailagoa da itzulpen teknikoan esperientziarik eta proiektuan aurretik 
> hartutako erabakien berri ez duten asmo oneko itzultzaile hasi berriek 
> homogeneotasuna eta kalitatea errespetatzea.
>
> Itzulpen erabat zentralizatuetan kalitate kontrola hobea izan daiteke 
> eta izan ohi da, baina kide berriei sarbidea erraztu ezean arriskua 
> larriagoa da nire ustez, zama osoa bere gain hartu duen horrek gehiago 
> ezin duenean proiektu bat umezurtz gera daiteke oinordekorik ez badago.
>
> Elkarlanerako tresnak erabilita kalitatea bermatzeko tresna 
> berrikusketa da, proiektu indartsu batean arduradunaren edo arduradun 
> taldearen lan nagusia ez litzateke itzulpena izan behar nire ustez, 
> baizik eta koordinazioa eta kalitate kontrola. Baina ez dago asmo 
> oneko kide bat galtzeko modu eraginkorragorik arbitrarioak diren edo 
> arbitrario itxura duten erabakiak baino.
>
> Horregatik, Librezalek lokalizazio gidarekin eta estilo liburuarekin 
> egindako lana oso garrantzitsua iruditzen zait, eta badu lokalizazioan 
> bolondreski dabilen edonorentzat erreferente bihurtzeko gaitasuna, 
> izan ere askoz beharrezkoagoa da dokumentu sorta hau kontrol malguagoa 
> duten proiektuetarako, eta paper hori bete ahal izateko dituen 
> gabeziak identifikatu eta osatzea proposatzen dut.
>
> Hona nire ustez landu daitezken batzuk:
>
> 1) Bateratu eta antolatu. Orain bi sarrera daude Librezale.eus menuan 
> Lan-tresnak eta lokalizazio-gida, nire ustez kontzeptu bereko bi atal 
> dira. Estilo liburura heltzeko hauetako batetik sartu eta beste klik 
> bat egin behar da, terminologia atalera heltzeko jarraitu behar den 
> bidea ez zait argia iruditzen.... Agian hau guztia aurkibide bakar 
> batetik eskuragarri egon beharko luke.
>
> 2) Terminologia atala indartu. Adibide batekin azalduko dut hau. 
> Firefox 37ri buruzko artikulua idaztean enkriptatze aukeratu nuen nik. 
> Euskaltermen horrela agertzen da eta Firefoxen zuzentzaileak onartzen 
> du, beraz Julenek zifratze bezala zuzendu zuenean zergatiaren zalantza 
> sortu zitzaidan, eta aurkitu nuen erantzuna, Euskaltzaindiaren hiztegi 
> batuak zifratze onartzen du eta ez enkriptatze.
>
> 2.1) Irizpideak zehaztu. Agian Terminologia atalean kanpo iturrien 
> artean lehentasun mailak ezarri beharko lirateke, erabat ados nago 
> Euskaltzaindiaren hiztegi batua izan behar duela azken hitza duena, 
> baina nola aukeratu Euskalterm, Morris, Elhuyar eta bestelakoen 
> artean? Zeinek du lehentasuna proiektu berri batean, ZT hiztegiak, 
> Ubunturen itzulpen memoriak ala Worpress-enak?
>
> 2.2) Aurretik hartutako erabakiak bertan pilatzen joan, zerbait 
> badago, baina gutxi. Ez dago zertan beste hiztegi bat sortu behar, 
> baina denok izan ditugu zalantzak inoiz, hainbat aukera zeudelako, 
> hiztegiaren araberako itzulpen egokia beste kontzeptu baterako 
> erabiltzen zelako proiektuan, neologismo baten aurrean geundelako... 
> maiz erabaki hauen atzean proiektu ezberdinetako itzultzaileen arteko 
> eztabaidatxoren bat egon da. Eztabaida horren ostean emaitza bertan 
> argitaratzea oso lagungarria litzateke, eztabaidan parte hartu ez 
> duenak ez luke berriro ibilbide osoa egin behar (hainbat hiztegi 
> begiratu, itzulpen memoriak aztertu...), eta erabakiaren zergatia uler 
> dezan azalpenen bat edota eztabaidara loturatxo bat ez legoke soberan. 
> Adibidez: Bai: Zifratze Ez: Enkriptatze Iturria: Hiztegi batua / 
> Firefox: Lotura, Gnome: Esteka (Firefox: Librezale foroko eztabaida 
> bietara loturak, Gnome: erabakia hartu zeneko unera lotura).
>
> 2.3) Eztabaida indartu. Aurretik hartutako erabakiak berrikusi 
> daitezke, nola ez, Erabaki batzuk oinarri sendoa izan dezakete 
> (Euskaltzaindiak ala dio), eta beste batzuk ez horrenbeste (Ez 
> genekien zer erabili eta bozkatu egin genuen 7-3 izan zen emaitza). 
> Tradizioa ez litzateke irizpide bakarra izan behar. Inork file 
> itzultzeko fitxategi erabili ordez agiri erabiltzeko pisuzko arrazoiak 
> baditu hauek mahai gainean jarri ahal izateko gaitasuna izan beharko 
> luke. Swipe itzultzeko hatza pasatu esan ordez neologismo bat behar 
> dela uste duenak proposamena egitea izan beharko luke. Librezaleren 
> hastapenetik eztabaida izan da erabakiak hartzeko tresna.
>
> Azken honen harira galdera bat, ba al dago proiektu ezberdinetako 
> itzulpen memoriatako estatistikak modu errazean ateratzea? Buruan 
> dudana txosten bat da non jatorrizkoan agertzen diten hitz guztiak 
> maiztasunez ordenatuta agertzen diren alde batetik, eta bestetik hitz 
> hori jatorrizkoan duten esaldien itzulpenetan agertzen diren hitzak 
> maiztasunez ordenatuta. Akatsak zein irizpide ezberdintasunak 
> identifikatzeko oso baliagarria litzateke, eta terminologia atala 
> indartzeko lanaren hazia.
>
> 3) Ezagutzera eman. Ezer gutxirako balio du hor dagoela ez dakienarentzat.
>
> Bota dut.
>
> Osoitz
>
>
> _______________________________________________
> Librezale mailing list
> Librezale a bildua librezale.org
> http://librezale.org/cgi-bin/mailman/listinfo/librezale

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <http://librezale.eus/pipermail/librezale/attachments/20150408/18ba05f3/attachment-0002.html>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago