[Librezale] [Mozilla euskaraz] proiektua birplanteatzen

Julen Ruiz Aizpuru julenx a bildua gmail.com
Al, Maiatza 26, 21:26:07, CEST 2014


Aupa Librezale,


Mezu honen helburua euskarazko Mozilla proiektuaren ingurukoak
birplanteatu eta proposamen zehatz bat egitea da. Mezua luze xamarra
da.


Mozilla euskaraz proiektua 2003. urte aldera sortu zen, euskarazko
nabigatzaile bat izatea xede; xehetasunak garai hartako kideen esku.
Pertsonalki 2004 bukaeran/2005 hasieran hasi nintzen mezuak idazten
Mozilla euskaraz posta-zerrendara, artean oraindik harpidetu gabe.
Librezale izeneko talde hau Mozilla euskaraz proiektutik abiatuta
sortu zen.

Garai hartan Ibon, Osoitz eta Piren esku zegoen Mozilla euskaraz
proiektua maila teknikoan [1]. Hasieran suite-a bakarrik zen, XPI
hizkuntza-paketeak sortu behar ziren eskuz eta zorte pixka batekin
Mozillaren FTPra igotzea lortzen zen.

Beranduago etorri zen Firefox, euskara modu ofizialean onartu zen eta
lehenengo build-ak izan genituen eskura.  Akatsen berri eman, CVSan
entregatu eta FTPko hurrengo build-a deskargatu behar zen dena ondo
zegoela egiaztatzeko.

Daukadan oroitzapena da aldaketak eta ekarpenak erritmo bizian egiten
zirela. Gozamena zen eta niri behintzat ate berriak ireki zizkidan eta
asko ikasi nuen.

Denborarekin, proiektutik kideak erretiratzen joan ziren eta
produktuen alorrean hor jarraitu nuen, nahi gabe bezala pixkanaka
ardura gehiago hartuz. Hasieran proiektuko zerak Pirekin kudeatu
nituen (akordatzen naiz nola hartu nuen Thunderbirden ardura Euban
egin genuen bileran). Pi pixkanaka desagertzen joan zen eta inertziaz
produktuen ardura osoa nire gain gelditu zen. Esan gabe doa aldi
berean Ibaik webguneen lokalizazioak egunean mantendu dituela denbora
honetan guztian zehar.

Prozesuak berdina izaten jarraitu zuen, Mozillako biltegietatik
DTD/properties fitxategi herrenak hartu, POra bihurtu, lokalizatu eta
atzera bihurketa egin eta lana entregatu. Fitxategiak Pootlen
kargatzen ziren baina denborarekin, produktuekin lanean ari zen
bakarra ni nintzela jabetuta, azkarragoa zen modu lokalean lan egitea
(sinkronizatzeko beharrik ez) eta zuzenean lana entregatzea.

Calendar Anderrek zeraman baina eguneraketetan bizpahiru kate berri
zirela kontuan hartuta, berdina gertatu zen, sinkronizatzeak lan
gehiago eskatzen zuela lokalizazio-lanak baino.


Gero Mercurialera aldaketa etorri zen, bertsio azkarren prozesua ere
bai eta, ondorioz, lokalizazio-lana sei (edo hamabi) asteko epean
egitera pasa zen. Lehengo testuinguruan hilabeteak pasa litezke
bertsioen argitaratze-daten artean.

Bien bitartean, Mozillako proiektuak eraldatu egin dira, batzuk
abandonatuta geratu dira, beste batzuen testuingurua zabaldu egin da
eta berriak ere jaio dira, adibidez Firefox OS. Azken hau tentagarria
izan daiteke jende askorentzat eta espero dut ekarpen berriak
erakartzeko balio ahal izatea.


Proiekturik garrantzitsuenak egunean mantentzen saiatu naizen arren,
errealitatea da gaur egun nik horretan jarraitzeak ez daukala zentzu
gehiegirik:

1. Egun interesatzen ez zaizkidan proiektuak daude tartean eta ez da
eramangarria epe ertain/luzera. Beste proiektuetan daukadan interesa
gutxiagotzea besterik ez dakar honek.
2. Mozilla proiektuaren produktu guztien lokalizazioaren inguruko
ezagutzak eta ardurak nire gain geratzen dira eta proiektu nahiko
handia da ezagutza hori pertsona bakarrarengan egoteko. Ez dut
pentsatu nahi edozein arrazoi tarteko ni ez nagoenean,
lokalizazio-lanek nolabait "zerotik" hasi beharko luketela.
3. Mozilla proiektu interesgarria eta zabala da hainbat jendek
lokalizatzen lan egiteko. Errekonpentsak ere izan ditzake eta asko
ikasten da.


Historia eta egoeraren analisi hau guztia eginda, ondorengoa nahi dut
adierazi eta proposatu:

1. Produktuen lokalizazio-lanak mozilla.locamotion.org zerbitzarira
eramatea. Hau erlatiboki berria den zerbait da eta azalpena merezi du:

mozilla.locamotion.org Mozillako lokalizazioak egiteko Pootle
zerbitzari ez-ofizial bat da; Mozillaren bedeinkazioa dauka ordea.

Hasiera batean Afrikako hizkuntza gutxituen balizko lokalizatzaileei
"barrier of entry" delakoa gutxitzeko ipini zuten abian Translate
Houseko lagunek. Denborarekin hizkuntza gehiago gehitzen joan dira eta
azken hilabeteotan edozein hizkuntzari ireki zaio bertan parte
hartzeko aukera.

Honetaz arduratzen den Dwayne Baileyrekin egon nintzen hizketan eta
lan-fluxuagatik galdetuta zera erantzun zidan: "just translate".
Itzuli besterik ez dela egin behar. Sinkronizazio-lan guztiaz bera
arduratzen da.

Librezaleko zeinahiren ardura bakarra beraz zerbitzarira joan,
lokalizazioak burutu eta hauek probatzea izango zen.

Hau ontzat emango balitz, egokiena datorren ziklotik aurrera honekin
hastea izango litzateke. Hurrengo zikloa ekainaren 9-10ean hasiko da.


2. Thunderbird eta Calendarren eguneraketak lantzeari utziko diot.
Konpromisoa hartzen dut abuztu bukaera arte [2] honekin jarraitzeko,
baina irailetik aurrera edo beste norbaitek hartzen du ardura edo
umezurtz geratuko dira.

3. Firefoxen (mahaigaina, Android) ardurarekin jarraitzeko asmo sendoa
daukat. Beharbada nahiago dut orain bezala jarraitu produktu honekin
(hau da, lana offline eginez zerbitzaririk kanpo), ohitura kontuagatik
batez ere.

4. Firefox OSen ardura beste norbait(zu)ek hartzea gustatuko
litzaidake. Proiektuan laguntzeko prest nago, baina gustura ikusiko
nuke beste edonor koordinazio-lanetan. Oinarria ipinita dago.


Inork bestelako proposamenik balu gustora entzungo nuke. Momentuz
hauek dira nire kezka, inpresio eta burutazioak.

Aurrera begira lagungarri izango delakoan,
Julen.


[1] adibide bat: http://librezale.org/wiki/Mozillal10n:en
[2] https://wiki.mozilla.org/RapidRelease/Calendar


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago