[Librezale] Firefox OSen inguruan

Asier Sarasua Garmendia asiersar a bildua yahoo.com
Ast, Maiatza 2, 18:15:06, CEST 2013


Ipini ezazu blogean.

Asier.

og., 2013.eko mairen 02a 13:47(e)an, Julen Ruiz Aizpuru(e)k idatzi zuen:
> (Abisua: aspalditik zintzilik neukan mezua da eta luzea da)
>
> Kaixo lagunok,
>
> Askoek jakingo duzuen moduan Mozillako lagunak telefonoetarako sistema 
> eragile bat prestatzen ari dira eta Firefox OS izen komertziala izango 
> du.
>
> Proiektua bera Boot-2-Gecko (B2G) izenez bataiatu zuten, helburua hori 
> baita: gailutik (telefonoa, tableta) zuzenean webera abiatzea.
>
> Honetarako telefono-konpainien laguntza ere badute (nagusiki 
> Telefónica) eta ez bakarrik zabalkunderako, hau da, telefonoak 
> kontsumitzaileen eskura ipintzeko, garapenerako ere bai.
>
>
> Baina hau guztia... zergatik?
>
> Mozilla ez da kapritxoz ari.
>
> Inondik inora ez du helburu telefonoen salmentaz bizitzea, Apple etxea 
> bezala, adibidez. Inondik inora ez du helburu jendeak bere zerbitzuak 
> erabiliz webguneetako iragarkiak kontsumitzea (halakorik balego!), 
> Google-ren modura, esate baterako.
>
> Duela gutxi euskaratu dugun Mozilla Manifestua[1] irakurri baduzue, 
> hor zehaztutako konpromisoak aurrera eramatea eta sustatzea du helburu 
> Mozillak proiektu gisa. Eta Mozilla Fundazioak hori betearazteko 
> ardura du. "Irekitasuna, berrikuntza eta aukera-berdintasuna" dira 
> ardatz.
>
> Gailu mugikorren eremuan mundu mailan duopolio bat bizi dugula esan 
> liteke eta testuinguru horretan webak bizi duen egoera ez da ona. 
> Osasungarria ere ez dela pentsatzeko arrazoiak badaude:
>
>
> 1. Web bidez kontsultatu ahal izango genukeen edukia aplikazioen 
> atzean ezkutatzen ari da.
>
> Honek ekosistema jakinetarako menpekotasuna sortzeaz gain, edukia 
> gailu+sistema konbinazio jakin batzuetarako soilik geratzen da 
> erabilgarri. Hauek dira "walled garden" modura ezagutzen direnak.
>
> Aplikazio asko daude (asko, ez denak) gailuaren eginbide bereziak 
> erabiltzera iristen ez direnak (geolokalizazioa, azelerometroa, 
> kontaktuak, kamera...). Orduan, zergatik garatu erabiltzailearen 
> ikuspegitik eta ikuspegi teknikotik aparteko ezer gehitzen ez duten 
> aplikazioak?
>
> Bestalde, merkatuan dauden sistema guztietarako aplikazioak sortzea ez 
> da eskalagarria garatzaileen ikuspegitik. Sistema berri bakoitzak 
> lengoaia, tresna, ezagutza eta prozesu desberdinak eskatzen ditu 
> (neurri batean hau saihesteko badaude PhoneGap-en tankerako aukerak).
>
> Dena den, ohikoa da aplikazio askok eta askok sistema bat edo bi 
> hartzea kontuan soilik; gainontzekoak, hor konpon. Garatzaileen 
> formazioa eta lana ordaindu egin behar da, ez da debaldekoa.
>
> Marketin-ikuspegitik agian egokia izan liteke aplikazio bat sortzea 
> (edozeren gainetik modan egon beharra dago), baina edukia bada 
> eskaintzen dena, zabalkundea oztopatzea besterik ez da, informaziorako 
> sarbidea zailtzea.
>
>
> 2. Mugikorretarako erabiltzen diren web nabigatzaileen gehiengoak 
> WebKit bakarrik hitz egiten du.
>
> Ondorioz, dagoeneko web garatzaile asko hasi dira mugikorretarako 
> webak WebKit-erako soilik prestatzen. Garatzaileak ez badira 
> estandarretara atxikitzen, enpresa jakin batzuen eskutan uzten da 
> teknologiak hartuko duen norabidea. Gogoratu ze ederrak ziren IE6ren 
> garaiak :)
>
> Gainera, bestelako ondorioak ere izan ditzake: zer pasatuko da 
> WebKit-rako garatu diren webgune horiekin Chrome Blink motorra 
> erabiltzen hasten denean?
>
> Honek ezin du ona izan pluraltasunerako, aukera-berdintasunerako ez 
> eta berrikuntza sustatzeko.
>
>
> Telefono-konpainiek ere badituzte proiektu honetan interesa izateko 
> arrazoiak, azken urteotan ikusi baitute nola zerbitzuen alorrean ezin 
> duten lehiatu Android eta iOSen modurako sistemekin.
> Ahots- eta datu-tarifen hornitzaile soil izatera pasa dira eta Firefox 
> OS zerbait ezberdina eskaintzeko aukera modura ikusi dute.
>
> Honetan ez dut sakonduko, konpainien arrazoi komertzialak baitira 
> azken batean, ez Mozillarenak. Edonola ere puntu honek zalantzarik 
> gabe lagunduko du Firefox OSen zabalkundean.
>
>
> Zer egingo du Mozillak hau guztia aldatzeko?
>
> Weba lehen mailako hiritar bihurtu nahi du, plataforma weba bera izan 
> dadin. Honekin batera, eta webaren izaerarekin bat, ekosistema libre 
> eta banatua osatuko du.
>
> Baina gaur egun ezagutzen dugun weba ez dago horretarako prestatua.
>
> Horregatik, B2G proiektuaren ezinbesteko zati gisa web teknologiak 
> hedatzeari ekin diote Mozillan, WebAPIak[2] sortuz aukera berriak 
> eskaintzeko garatzaileei.
>
> WebAPI hauek definitu eta inplementatzearekin batera, estandarizatzeko 
> prozesuan ere jarri dituzte, gainontzeko nabigatzaileek ere 
> inplementatzeko modua izan dezaten (izatez, WebKit-en dagoeneko 
> inplementatu dira API batzuk).
>
>
> Arrakastarik izango du?
>
> Mozillak planteatzen duen kontzeptua ez da berria.
>
> Lehenengo iPhonetan ez zegoen SDKrik eta Steve Jobs delako batek 
> aplikazioak web teknologiekin garatuko zirela esan zuen. 2007a zen 
> orduan eta webak ez zeukan gaur egun daukan garapenik.
>
> webOS sistema eragileak ere web teknologiak izan ditu ardatz 
> betidanik. Telefonoaren eginbide aurreratuak erabiltzeko bere SDK 
> erabili behar da ordea.
>
> Aurrez aipatu bezala telefono-konpainien bultzada garrantzitsua izango 
> da. Are garrantzitsuagoa izango da garatzaileen lana ordea, hauen esku 
> baitago teknologiari merezi duen garrantzia ematea.
>
> Baina Mozillaren arrakasta ezin da neurtu merkatu-kuoten 
> testuinguruan. Arrakasta ez dira zenbakiak. Etorkizunean Firefox OS 
> produktu gisa desagertuko balitz ere, proposatutako teknologiak beste 
> ekosistemetan erabilgarri badaude, orduan arrakasta izan du.
>
>
> Lokalizazioaren inguruan.
>
> Firefox OSen erabiltzaile-interfazea (Gaia) euskaratuta dago 
> (eranskinetako irudiak froga gisa doaz):
> https://hg.mozilla.org/gaia-l10n/eu/
>
> Kate asko Firefoxetik berrerabilita, bi arratsaldeko kontua.
>
> Honek ordea ez du esan nahi merkaturatzen den edozein telefono 
> euskaraz egongo denik, telefonoan erabilgarri dauden hizkuntzak 
> telefono-konpainiek edo fabrikatzaileek erabakiko baitute. Horrez 
> gain, bakoitzak bere pertsonalizazioak gehitzeko aukera izango du.
>
> Hau horrela da muga teknikoak daudelako. Kasurik onenean hizkuntza 
> guztiak eskaini nahi dira, zerrenda batetik aukera egin eta 
> automatikoki deskargatzen den hizkuntza-pakete modura, adibidez.
>
> Baina une honetan hori teknikoki posible ez denez, telefono-konpainien 
> edo fabrikatzaileen esku egongo da aukera.
>
> Gainera, mozilla.dev-l10n posta-zerrendan matraka handia[3] egon da 
> honen inguruan.
>
> Batzuek telefono-konpainiei erabilpen-datuak eskaintzea proposatu 
> zuten hizkuntzen aukera egitea errazteko. Noski, gurea bezalako 
> hizkuntzentzat hori zentzugabekeria hutsa da eta horregatik eta 
> denboran zehar gehitzen joan diren bestelako arrazoiengatik 
> (Androiderako Firefoxen kasua tartean da), pertsona dexente gaude 
> haserre.
>
> Ekainetik aurrera, Firefox OS darabilten telefonoak Brasil, Kolonbia, 
> Venezuela eta Espainian egongo dira erabilgarri lehenik. Honek guri 
> ere eragiten digu beraz.
>
> Panorama ikusita, katalanen arduradunak eta neuk Teléfonicako 
> langile/arduradunekin harremanetan jartzea erabaki genuen gauzak nola 
> zeuden ikusteko. Jasotako erantzunaren arabera:
>
> 1. v1.0.1ean (ekaina) ez dira egongo (eu, ca, gl-ri buruz ari naiz, 
> nagusiki). Dagoeneko kodea eta bestelakoak "itxita" daude.
> 2. v1.1ean (iraila) egon litezke, baina konplikatua da. Sartu nahi 
> dituzte baina negozio-erabakien menpe daude.
> 3. v.next (batek daki noiz) egongo dira. Are gehiago aipatutako muga 
> teknikoak gainditzen badira.
>
> Edozein modutara, duela gutxi garatzaileentzako telefonoak[4] salgai 
> jarri dituzte eta lokalizazioa dagoeneko proba daiteke. Beste Android 
> telefono batzuk ere erabil daitezke horretarako[5].
>
> Geroz eta jende gehiagok erabili, orduan eta emaitza txukunagoa izango 
> da. Denon laguntza ezinbestekoa da hemen eta interesa, gogoa eta 
> denbora duenak eskua altxa dezala.
>
>
> Detaile mordoa aipatu gabe utzi dut eta ziurrenik gauza inportante 
> gehiago ere bai. Halere espero dut laburpen honek proiektua ezagutzen 
> eta ulertzen lagundu izana.
>
> Bide batez, auto-bonbo pixka bat: datorren asteazkenean, hilak 8, 
> IEBren barruan Firefox OSi buruzko sarreratxo bat egitera noa (ez dago 
> detaile gehiegi azaltzeko denborarik). Interesik baduzue, azaldu!
>
> Azkenik, garapen kontuetan aritzen direnentzat: Bilbon hilaren 17an 
> Firefox OSen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, batez ere helburu 
> praktikoarekin.
> Izena emateko: http://movilforum.com/jornadaffoxosbilbao/
>
>
> Eta bueno, nahiko momentuz, ez?
>
> Julen.
>
>
> [1] https://www.mozilla.org/about/manifesto.eu.html
> [2] https://wiki.mozilla.org/WebAPI
> [3] http://markmail.org/thread/7knucpphzb36bkce
> [4] http://devphone.mozilla.org/
> [5] 
> https://developer.mozilla.org/en-US/docs/Mozilla/Firefox_OS/Firefox_OS_build_prerequisites#Have_a_compatible_device_or_use_an_emulator
>
>
> _______________________________________________
> Librezale mailing list
> Librezale a bildua librezale.org
> http://librezale.org/cgi-bin/mailman/listinfo/librezale

-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <http://librezale.eus/pipermail/librezale/attachments/20130502/9acc5608/attachment-0002.html>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago