[Librezale] gegl euskaraz

Osoitz E oelkoro a bildua gmail.com
Ast, Abu 1, 15:45:21, CEST 2013


Aupa Dooteo eta besteak,

Orokorrean zuzenketekin ados nago. Gehienak hoberako dira, "Demosaicing" ->
"Interpolazio kromatikoa" ondo ikusia! honek zoratu ninduen, eta eskerrik
asko zuzentzailea erabili ahal izateko trukoagatik. Hemen gutxi batzuk
komentatuko ditut soilik:

TERMINOLOGIA KONTU BATZUK

Output (aditza) -> Atera vs Kanporatu. Fitxategi batera denean "kanporatu"
bai iruditzen zait hobea, baina pantailara denean belarrira jotzen dit.
"atera" egokia iruditzen ez bazaizu, "bistaratu" agian?

Compression -> Open-tran.eu-n erabiliena "konpresio" da eta hori erabili
nuen, zuk "konprimatze"-ra zuzendu duzu tokiren batean, besteetan
"konpresio" utzi duzu. Aspaldi "Trinkotze" erabiltzeko proposamen bat ere
egin zela uste dut. Ez daukat kapritxorik baina baten bat adostu beharko
da. Xuxenek "konprimatze" gorriz azpimarratzen du.

Monochrome -> Kontrako kasua, Elhuyar hiztegiak "monokromatikoa" ematen du
ontzat, ez "monokromoa", baina Open-tran.eu-n zuk hobetsi duzun "monokromo"
agertzen da ia beti. Zein da zuzena?

Font-family -> Letra-familia vs Letra-tipo familia, letra-tipoen familia...
Open-tran.eu-n denetarik dago. Letra-familia hobesten da orain?

Target -> Jomuga vs Helburu -> Hemen ere ez dago adostasunik itzulpen
memoriatan. Helburu hobestea erabaki da?

Downsample -> Nik lagina txikiagotu erabili nuen, zuk murriztutako lagina,
biak hankamotz ikusten ditut, biekin esanahia galtzen dela uste dut, baina
ez daukat beste proposamenik :(

Determine -> Erabaki vs Zehaztu. "Zehaztu" erabiltzeari arazo bat ikusten
diot, zehaztu "specify" itzultzeko hobetsitako hitza da. Normalean
"specify" erabiltzaileak egiten du, baina hemen "determine" programak
deliberazio batzuen ondorioz erabaki bat hartzeko prozesua da, eta
"erabaki" erabili nuen KDEn esanahi horrekin erabiltzen delako maiz. Biak
dira zuzenak, baina esandakoagatik ez nuke hemen "zehaztu" erabiliko.

Plot -> Marra vs trazua. Antzerako kasua, trazua "stroke" itzultzeko
erabiltzen da, "plot" beste zerbait bada, beste hitzen bat erabili beharko
da. Elhuyar hiztegian "plotter" bat "marrazle" bat da.


MAILEGUAK NOIZ?

Swap -> Itzuli ala ez? Open-tran.eu-ko memoriatan Gnomen itzuli gabe joaten
dela ikusi nuen, oraingoan itzultzea erabaki duzu (trukatzeko datuak).
Konstantzia bat mantentzea garrantzitsua iruditzen zait, eta "buffer"
hitzak bezala esanahi oso konkretua duenean ingelesaren maileguak ulermena
errazten duela uste dut, bereziki hizkuntza hain konplikatua duen
testuinguru honetan.

Trimap "mapa hirukoitza" bezala itzultzea ordea ez zait gaizki iruditzen,
nik mailegua aukeratu banuen ere.

Raw format -> Formatu gordina (Raw) bezala itzultzearekin ez nago guztiz
konbentzituta. Azkenean parentesi arteko Raw hori alde guztietara arrastatu
behar bada, zergatik ez erabili zuzenean mailegu gisa? Gainera Raw formatu
desberdinak daude argazki kameraren ekoizlearen arabera eta "Raw hau", "Raw
bestea" erabili behar izatea posiblea da.

SIGLAK

RGB -> GBU. Aurretik egindakoarekin konstantzia mantendu duzu, baina banuen
nuen honi buruz mezu bat idaztea pentsatuta. Kontua da sigla batzuk
fosilizatuta daudela, hitz bihurtu dira, HTTPS-k "hiper-testuaren
garraiorako protokolo ziurra" bezala itzuli daiteke baina ez dugu HTGPZ
esaten. RGB are zaharragoa da eta ia mundu osoan mailegua erabiltzen da
arazorik gabe. Alfabeto latinoa dutenen artean Frantsesak eta Esperantistak
dira desberdin bakarrak Wikipedian, are gehiago, Frantsesek koloreen izenak
osorik esatea lehenesten dute, eta Wikipediako artikuluan behintzat, siglak
erabiltzen dituztenean inkonstanteak dira, batzuetan RGB, batzuetan RVB...
Alfabeto ez latinoa dutenen artean ere batzuk RGB erabiltzen dute:
https://www.wikidata.org/wiki/Q166194#sitelinks-wikipedia

FPS -> F/s. Berdin, "Frames Per Second" esan nahi duen FPS hori unibertsala
da bideo kontuetan edo jokoekin aritzen direnen artean.

ATZIZKIAK

* Kasu batzuetan atzizkia gehitzea hoberako dela uste dut, adibidez lauza
tamaina -> lauzen tamaina.

* Beste batzuetan ez dut horren argi ikusten:

Prozesu leihoaren erradioa vs Prozesuaren leihoaren erradioa
Norabide bektorea vs norabidearen bektorea
fitxategi formatua vs fitxategiaren formatua

Ardo botila, egur biltegia, patata tortilla, eliz-gizona, burdinola,
jatetxea... euskal hitz jatorrak dira, hitz elkarketaren bidez esanahi
berriak sortzeko gaitasuna Euskararen berezko tresna bat da, eta ez da beti
atzizki bat behar.

Fitxategi honetan ez daude hain kasu nabariak, baina edonon atzizkia
jartzeko tendentzia bat dagoela ematen dit, eta ez dut uste beti ondo
dagoenik. Xalbari bidali nion mezua jarriko dut hemen ere eztabaida
pizteko: > Ia zuzenketa guztiak mota honetakoa dira, eta zalantzak ditut.
Testu fitxategia esaten dugu, ez testuaren fitxategia, zergatik orduan
oharren fitxategia eta ez ohar fitxategia? Orbea bizikleta esaten dugu, ez
Orbearen bizikleta, bizikleta nirea da, zergatik egon beharko luke gaizki
orduan "KDE helbide-liburua", nik erabiltzen dut nire kontaktuak
gordetzeko, nirea da, ez KDErena. Eta abar. Erratuta egon naiteke, aspaldi
eguzki betaurrekoak esan behar zela defendatzen zuen gure irakasle batek,
eta orain eguzkitako betaurrekoak da zuzena. Patata tortilla, ordea, patata
tortilla izaten jarraitzen du. Agian kasuz kasu begiratzea merezi du. Ba al
dakizu non irakurri daitekeen gai honi dagokion Euskaltzaindiaren araua
(edo arauak)?


BESTE BATZUK

Originala: Icon to be used for output window
Nire itzulpena: Irteera leihoan erabiliko den ikonoa
Zure itzulpena: Ikonoa irteeraren leihoan erabiltzeko

Ulergarria da hori al?

Originala: Correction parameters for each color channel
Nire itzulpena: Zuzenketa parametroak kolore kanal bakoitzarentzat
Zure itzulpena: Kolore-kanal bakoitzaren parametroen zuzenketa

Ez bata ez bestea -> Kolore-kanal bakoitzaren zuzenketa parametroak edo
Kolore-kanal bakoitzaren zuzenketaren parametroak

Originala: Correction parameters for alpha channel
Nire itzulpena: Zuzenketa parametroak alfa kanalarentzat
Zure itzulpena: Alfa kanalaren parametroen zuzenketa

Berdin -> Alfa kanalaren zuzenketa parametroak edo Alfa kanalaren
zuzenketaren parametroak

Originala: One end of gradient
Nire itzulpena: Gradientearen mugetako bat
Zure itzulpena: Gradientearen muga bat

Hmmm... hainbat muga daudela espezifikatzeko ahalegina egiten du originalak.

Ondo ibili,

Osoitz


2013/8/1 dooteo <dooteo at zundan.com>

> Eeeeegunon Osoitz,
>
> Azkenean amaitu dut POa zuzenketzea. Aldaketa dexente egin dizkiot,
> batetik ortografia eta atzizkiak sartu dizkiot, eta bestetik
> terminologia berria gehitu diot :)
>
> Nahiz eta Lokalizek zuzentzaile ortografikoa izan, oraindik azken
> urratsa falta zait. POko itzulpenak testu-soileko fitxategi batera
> (.txt) erauzten ditut, eta gero LibreOffice-ekin berriro gainbegiratzen
> diot ortografia (beti agertzen baitira azken minutuko akatsak).
>
> Mezu honen kopia posta-zerrendara bidaltzen dut norbaitek PO hau bere
> itzulpen memorietan txertatzea nahiko balu eskuragarri izateko. Bestela
> ere, esteka honetatik deskargatu ahal izango da bihartik aurrera (gaur
> ez bada, bihar igoko baitut GNOMEra):
>
>         https://l10n.gnome.org/module/po/gegl/po/gegl-0-2/eu.po
>
>
>
> Oaintxearte,
>
> Dooteo
>
-------------- next part --------------
An HTML attachment was scrubbed...
URL: <http://librezale.org/pipermail/librezale/attachments/20130801/fe950494/attachment.html>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago