[Librezale] Mozilla Summit 2010: laburpena
Julen
julenx a bildua gmail.com
As, Uzt 13, 09:31:18, CEST 2010
Kaixo Librezale!
Abisatu nizuen moduan[1] hilaren 6tik 10era bitartean Whistler-en izan
naiz 2010eko Mozilla Summit-ean[2], Mozillak gonbidatuta. Bertan
bizitakoen kontaketa pertsonala izango da hau beraz.
Hasteko, duela bi urte baino egun gutxiago izan ditu Summit-ak (hiru
egun oso) baina aldi berean partaide kopurua igo egin da; 600 gonbidatu
egon dira, aurreko 400en aldean.
Ongietorri festa informal batekin[3] hasi zen nere estantzia han (6ko
iluntzean), baina Summit-aren mamia ondorengo goizean goiz hasi zen
Keynote nagusiekin. Egindako aurkezpenetan, Mozillak fundazio gisa web
irekiarekiko duen konpromiso filosofiko sendoa azpimarratzeaz gain,
datorren Firefox 4 bertsioak izango dituen nobedade nagusiak erakutsi
zizkiguten bertatik bertara pantaila handian. Esan behar da Summit-ak
izenean Mozilla daraman arren, produktu aldetik diferentziaz Firefoxen
zentratu zirela.
Ez zen dudarik geratu datorren Firefox 4 bertsioak aldaketa handiak
ekarriko dituela eta argitaratze hau oso garrantzitsua izango dela,
Firefox 3ren pareko zerbait edo agian gehiago. Defektuzko itxuretan
egingo diren aldaketak Erabiltzaile Interfaze nagusian eragiteaz gain
(gehienbat Windows sistematan), batez ere punta-puntako web teknologiak
txertatuz egingo du ekarpenik handiena nabigatzaileak: HTML5eko
ezaugarri mordoa gehituko dira (WebSocket-ak, WebGL, bideoa WebM
codec-aren bitartez, ...) eta CSS3ko azken berrikuntzak ere ekarriko
ditu (animazioak, errotazioak, ...).
Errendimenduan ere arreta berezia jartzen ari dira, bai interfazearen
erantzun-denbora eta abiaratze-denboraren aldetik eta baita JavaScript
motorraren bizkortasunaren aldetik ere (JaėgerMonkey motorrean dabiltza
lanean). Era berean, nabigatzailea berrabiaraztea behar ez duten JetPack
gehigarriak ere integratuko direla aurreratu zuten. Hauek ez datoz
gehigarri tradizionalak ordezkatzera, osagarri izatera baizik.
Laborategitik nabigatzailera eramango diren pieza bezala bi nabarmen
daitezke: webguneek identitateak kudeatu behar dituztenean
nabigatzaileak rol garrantzitsua jokatzeko aukera (kontu-kudeatzaile eta
protokolo jakin baten bidez) eta norbere erabiltzaile-profileko datuak
modu seguruan hainbat makinen artean partekatzeko aukera (Firefox Sync).
Aipatutako guztiak demo ikusgarriekin lagunduta aurkeztu zitzaizkigun.
Ez galdu WebGLren gaitasunak erakusteko erakutsi ziguten oldschool erako
demoa[4]: dena HTML5 + CSS + JavaScript da.
Keynote-ak kenduta, ohiko 45 minutuko saioak eta Lightning Session
deituriko 5 minutuko saio azkarrak zeuden. Lightning saioak oso bizi eta
freskoak ziren eta era guztietako gaiak jorratzen zituzten labur-labur.
Ohiko saioek aldiz gaiak sakonago lantzen zituzten eta eztabaidarako
tarte zabala geratzen zen.
Batez ere lokalizazio eta garapeneko saioetan egon nintzen ni eta
zerbaitek atentzioa deitu bazidan, l20n-ri (l10n 2.0, nolabait) buruzko
saioa izan zen hori[5]. l20n-en asmoa da egungo lokalizazio-formatuek
dituzten mugak gainditu eta interfazeko hizkuntza naturalago bat
lortzeko bideak ematea. Aukeran lokalizazioak "programatu" ahal izango
dira halako beharrak dituzten hizkuntzentzat.
Adibide gisa jarri zuten polonieraz izen baten jeneroaren arabera
esaldia erabat alda zitekeela. Horregatik, formatuak jeneroaren
informazioaren arabera jokatzeko aukerak emango lituzke.
Geurera etorriz, makro orokor moduko bat erabil litekeela okurritzen
zait ohiko "XXX(r)en" esaldietako parentesia kentzeko "XXX" balioaren
bukaeraren arabera.
Hala ere hau guztia nahiko berde dago oraindik eta itxaron egin beharko
da prototipo funtzionalak ikusteko. Edonola ere, egindako lana bestelako
entitateei (GNU gettext, gehienbat) erakutsi eta proposatzeko asmoa
azaldu zen.
Baina saioez aparte hizketaldiak ere egon dira pila bat mundu guztiko
jendearekin. Aurreko edizioan ezagututako jendeaz gain (Hegoafrika,
Espainia, Frantzia, Kurdistan, Katalunia, Argentina, Irlanda, ...)
gonbidatu gehiago zegoenez, jende gehiagorekin jarduteko aukera egon da
(Bangladesh, Hego Korea, Kolonbia, Txile, ...).
Indiako jende dezente zegoen (22 hizkuntza ofizial daude Indian eta
ofizialak ez diren beste ehundaka), Kannada, Telugu, Malayalam, ...
lokalizatzen jarduten direnak. Hauen kasua kuriosoa da, gehienak ere
RedHat/Fedora-k lanaldi osorako hartutako langile gisa baitabiltza euren
lokalizazioetan lanean. Bangladesh eta Sri-Lankako jendea ere bazen
tartean. Hauetako gehienak, Mozillako produktuez gain bestelako
softwarea ere lokalizatzen dute, guk bezala, alegia.
Ilusioa egin zidan era berean, Uruguaiko mutil batek, zeinak Esperantoko
(eo) lokalizazioa lantzen duen, euskaraz hitz egin zidanean. Antza Bilbo
aldetik ibili zen hilabete batzutan eta Lehendakariak baino hobeto hitz
egitea ere lortu zuen.
Jendearekin oraindik eta interakzio gehiago izateko, World Expo delakoa
antolatu zuten ostegun iluntzerako. Hau da, mundu osoko jendeak tokian
tokiko ezaugarri kulturalak erakusteko gauzak (edariak, objektuak,
musika, ...) eraman zitzakeen eta mahai batean pantaila batekin
lagunduta guztioi erakutsi.
Tamalez nik ezin izan nuen Euskal Herrirako mahairik jarri, azkenaldian
oso lanpetuta ibili naizelako batez ere, baina mahaiz mahai joatean
guztiei kontatzen nien nondik nentorren eta gure egoeraren berri ematen
nien.
Frisierazko (fy) lokalizazioaren arduradunarekin hizketan, komentatu
zidan haiek gutxi gorabehera Firefoxen 500 bat erabiltzaile aktibo
dituztela. Gurearekin alderatuta gutxi da (~9.000) eta hain zuzen
jendeak Herbehereetako bertsiora jotzeko duen joera azpimarratu zidan;
gutxi gorabehera hemen bertsio espainiar edo frantziarrekin gertatzen
den bezala, euskal erabiltzaileak erdal nabigatzaileak darabiltzala, alegia.
Hau "konpontzeko" es-ES eta fr bertsioetan eu hizkuntza ere gehitzeko
aukeraz mintzatu ginen. Berdin webguneetan, nabigazio-hizkuntzaren
arabera erabiltzaileak zuzenean es-ES eta fr bertsioetara zuzenduko
baitira, kasurik gehienetan (Windows + IE instalatu berriak).
Beharbada fronte honetan zerbait egiten saia gaitezke euskal
erabiltzaile gehiago lortze aldera (bide batez: kezkagarria da
zer-nolako aldea dagoen hegoaldetik iparraldera Firefox-eu-ren
erabilpen-datuetan).
SUMO gunea (Firefoxen laguntza) koordinatzen dabilen Kadir Topal-ekin
ere hitz egin nuen. Dakizuen moduan, euskarazko SUMO praktikoki ez da
existitzen. Garai batean offline zegoen laguntza itzuli zen baina egun
online ez dago ezer. Esaten zidanaren arabera ordea, SUMOko artikulu
nagusienek atzitze-tasa handia dute eta gainera ez dira itzultzeko oso
luzeak. Horregatik oso komenigarria izan daiteke artikulu klabe batzuk
itzulita izatea. Bertsiotik bertsiora gainera apenas aldatzen direla ere
komentatu zidan.
Guztiak zerrendatzea ezinezkoa denez horiek gogora ditzaket nabarmenen
bezala. Baina saio eta berriketez gain festarako tartea ere izan zen
azken egunean despedida moduan: duela bi urte bezala Blackcomb mendira
eraman gintuzten[6] afaldu eta musika artean festa-giroan[7] hiru
egunetako jardunari amaiera ematera. Burua lehertzeko zorian
lagatzerainoko hiru egun intenso baina beti bezain aberasgarri eta
interesgarriak.
Besterik ez, nik gauzak ikasi ditudan bezala, zuek ere laburpen xume
honekin zerbait ikasi eta ideia orokor bat izango duzuen esperantzarekin
geratzen naiz. Galdera konkretu edo bestelako komentariorik baduzue, ez
egin duda ta bota lasai!
Ondo segi,
Julen.
[1] http://www.mundurat.net/pipermail/librezale/2010-June/003184.html
[2] https://wiki.mozilla.org/Summit2010
[3] http://www.flickr.com/photos/nukeador/4774915159/
[4] http://www.youtube.com/watch?v=VUOIS3jtD8Y
[5]
http://diary.braniecki.net/2010/07/09/mozilla-summit-2010-localization-2-0-talk/
[6] http://www.flickr.com/photos/gen/4784616005/
[7] http://www.flickr.com/photos/madhava_work/4785257922/
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago