[Librezale] Mozilla Summit 2010: laburpena
Ander Elortondo
ander a bildua debagoiena.net
As, Uzt 13, 10:05:27, CEST 2010
Aupa!
oso ona eta interesgarria Julen!
Zergatik ez artikulu erara informazio hau argazki pare batekin webgunean?
izan libre izan euskaldun!
Ander.
2010/07/13 09:31(e)an, Julen(e)k idatzi zuen:
> Kaixo Librezale!
>
> Abisatu nizuen moduan[1] hilaren 6tik 10era bitartean Whistler-en izan
> naiz 2010eko Mozilla Summit-ean[2], Mozillak gonbidatuta. Bertan
> bizitakoen kontaketa pertsonala izango da hau beraz.
>
> Hasteko, duela bi urte baino egun gutxiago izan ditu Summit-ak (hiru
> egun oso) baina aldi berean partaide kopurua igo egin da; 600 gonbidatu
> egon dira, aurreko 400en aldean.
>
> Ongietorri festa informal batekin[3] hasi zen nere estantzia han (6ko
> iluntzean), baina Summit-aren mamia ondorengo goizean goiz hasi zen
> Keynote nagusiekin. Egindako aurkezpenetan, Mozillak fundazio gisa web
> irekiarekiko duen konpromiso filosofiko sendoa azpimarratzeaz gain,
> datorren Firefox 4 bertsioak izango dituen nobedade nagusiak erakutsi
> zizkiguten bertatik bertara pantaila handian. Esan behar da Summit-ak
> izenean Mozilla daraman arren, produktu aldetik diferentziaz Firefoxen
> zentratu zirela.
>
> Ez zen dudarik geratu datorren Firefox 4 bertsioak aldaketa handiak
> ekarriko dituela eta argitaratze hau oso garrantzitsua izango dela,
> Firefox 3ren pareko zerbait edo agian gehiago. Defektuzko itxuretan
> egingo diren aldaketak Erabiltzaile Interfaze nagusian eragiteaz gain
> (gehienbat Windows sistematan), batez ere punta-puntako web teknologiak
> txertatuz egingo du ekarpenik handiena nabigatzaileak: HTML5eko
> ezaugarri mordoa gehituko dira (WebSocket-ak, WebGL, bideoa WebM
> codec-aren bitartez, ...) eta CSS3ko azken berrikuntzak ere ekarriko
> ditu (animazioak, errotazioak, ...).
>
> Errendimenduan ere arreta berezia jartzen ari dira, bai interfazearen
> erantzun-denbora eta abiaratze-denboraren aldetik eta baita JavaScript
> motorraren bizkortasunaren aldetik ere (JaėgerMonkey motorrean dabiltza
> lanean). Era berean, nabigatzailea berrabiaraztea behar ez duten JetPack
> gehigarriak ere integratuko direla aurreratu zuten. Hauek ez datoz
> gehigarri tradizionalak ordezkatzera, osagarri izatera baizik.
>
> Laborategitik nabigatzailera eramango diren pieza bezala bi nabarmen
> daitezke: webguneek identitateak kudeatu behar dituztenean
> nabigatzaileak rol garrantzitsua jokatzeko aukera (kontu-kudeatzaile eta
> protokolo jakin baten bidez) eta norbere erabiltzaile-profileko datuak
> modu seguruan hainbat makinen artean partekatzeko aukera (Firefox Sync).
>
> Aipatutako guztiak demo ikusgarriekin lagunduta aurkeztu zitzaizkigun.
> Ez galdu WebGLren gaitasunak erakusteko erakutsi ziguten oldschool erako
> demoa[4]: dena HTML5 + CSS + JavaScript da.
>
> Keynote-ak kenduta, ohiko 45 minutuko saioak eta Lightning Session
> deituriko 5 minutuko saio azkarrak zeuden. Lightning saioak oso bizi eta
> freskoak ziren eta era guztietako gaiak jorratzen zituzten labur-labur.
> Ohiko saioek aldiz gaiak sakonago lantzen zituzten eta eztabaidarako
> tarte zabala geratzen zen.
>
> Batez ere lokalizazio eta garapeneko saioetan egon nintzen ni eta
> zerbaitek atentzioa deitu bazidan, l20n-ri (l10n 2.0, nolabait) buruzko
> saioa izan zen hori[5]. l20n-en asmoa da egungo lokalizazio-formatuek
> dituzten mugak gainditu eta interfazeko hizkuntza naturalago bat
> lortzeko bideak ematea. Aukeran lokalizazioak "programatu" ahal izango
> dira halako beharrak dituzten hizkuntzentzat.
>
> Adibide gisa jarri zuten polonieraz izen baten jeneroaren arabera
> esaldia erabat alda zitekeela. Horregatik, formatuak jeneroaren
> informazioaren arabera jokatzeko aukerak emango lituzke.
> Geurera etorriz, makro orokor moduko bat erabil litekeela okurritzen
> zait ohiko "XXX(r)en" esaldietako parentesia kentzeko "XXX" balioaren
> bukaeraren arabera.
> Hala ere hau guztia nahiko berde dago oraindik eta itxaron egin beharko
> da prototipo funtzionalak ikusteko. Edonola ere, egindako lana bestelako
> entitateei (GNU gettext, gehienbat) erakutsi eta proposatzeko asmoa
> azaldu zen.
>
> Baina saioez aparte hizketaldiak ere egon dira pila bat mundu guztiko
> jendearekin. Aurreko edizioan ezagututako jendeaz gain (Hegoafrika,
> Espainia, Frantzia, Kurdistan, Katalunia, Argentina, Irlanda, ...)
> gonbidatu gehiago zegoenez, jende gehiagorekin jarduteko aukera egon da
> (Bangladesh, Hego Korea, Kolonbia, Txile, ...).
>
> Indiako jende dezente zegoen (22 hizkuntza ofizial daude Indian eta
> ofizialak ez diren beste ehundaka), Kannada, Telugu, Malayalam, ...
> lokalizatzen jarduten direnak. Hauen kasua kuriosoa da, gehienak ere
> RedHat/Fedora-k lanaldi osorako hartutako langile gisa baitabiltza euren
> lokalizazioetan lanean. Bangladesh eta Sri-Lankako jendea ere bazen
> tartean. Hauetako gehienak, Mozillako produktuez gain bestelako
> softwarea ere lokalizatzen dute, guk bezala, alegia.
>
> Ilusioa egin zidan era berean, Uruguaiko mutil batek, zeinak Esperantoko
> (eo) lokalizazioa lantzen duen, euskaraz hitz egin zidanean. Antza Bilbo
> aldetik ibili zen hilabete batzutan eta Lehendakariak baino hobeto hitz
> egitea ere lortu zuen.
>
> Jendearekin oraindik eta interakzio gehiago izateko, World Expo delakoa
> antolatu zuten ostegun iluntzerako. Hau da, mundu osoko jendeak tokian
> tokiko ezaugarri kulturalak erakusteko gauzak (edariak, objektuak,
> musika, ...) eraman zitzakeen eta mahai batean pantaila batekin
> lagunduta guztioi erakutsi.
> Tamalez nik ezin izan nuen Euskal Herrirako mahairik jarri, azkenaldian
> oso lanpetuta ibili naizelako batez ere, baina mahaiz mahai joatean
> guztiei kontatzen nien nondik nentorren eta gure egoeraren berri ematen
> nien.
>
> Frisierazko (fy) lokalizazioaren arduradunarekin hizketan, komentatu
> zidan haiek gutxi gorabehera Firefoxen 500 bat erabiltzaile aktibo
> dituztela. Gurearekin alderatuta gutxi da (~9.000) eta hain zuzen
> jendeak Herbehereetako bertsiora jotzeko duen joera azpimarratu zidan;
> gutxi gorabehera hemen bertsio espainiar edo frantziarrekin gertatzen
> den bezala, euskal erabiltzaileak erdal nabigatzaileak darabiltzala, alegia.
>
> Hau "konpontzeko" es-ES eta fr bertsioetan eu hizkuntza ere gehitzeko
> aukeraz mintzatu ginen. Berdin webguneetan, nabigazio-hizkuntzaren
> arabera erabiltzaileak zuzenean es-ES eta fr bertsioetara zuzenduko
> baitira, kasurik gehienetan (Windows + IE instalatu berriak).
> Beharbada fronte honetan zerbait egiten saia gaitezke euskal
> erabiltzaile gehiago lortze aldera (bide batez: kezkagarria da
> zer-nolako aldea dagoen hegoaldetik iparraldera Firefox-eu-ren
> erabilpen-datuetan).
>
> SUMO gunea (Firefoxen laguntza) koordinatzen dabilen Kadir Topal-ekin
> ere hitz egin nuen. Dakizuen moduan, euskarazko SUMO praktikoki ez da
> existitzen. Garai batean offline zegoen laguntza itzuli zen baina egun
> online ez dago ezer. Esaten zidanaren arabera ordea, SUMOko artikulu
> nagusienek atzitze-tasa handia dute eta gainera ez dira itzultzeko oso
> luzeak. Horregatik oso komenigarria izan daiteke artikulu klabe batzuk
> itzulita izatea. Bertsiotik bertsiora gainera apenas aldatzen direla ere
> komentatu zidan.
>
> Guztiak zerrendatzea ezinezkoa denez horiek gogora ditzaket nabarmenen
> bezala. Baina saio eta berriketez gain festarako tartea ere izan zen
> azken egunean despedida moduan: duela bi urte bezala Blackcomb mendira
> eraman gintuzten[6] afaldu eta musika artean festa-giroan[7] hiru
> egunetako jardunari amaiera ematera. Burua lehertzeko zorian
> lagatzerainoko hiru egun intenso baina beti bezain aberasgarri eta
> interesgarriak.
>
> Besterik ez, nik gauzak ikasi ditudan bezala, zuek ere laburpen xume
> honekin zerbait ikasi eta ideia orokor bat izango duzuen esperantzarekin
> geratzen naiz. Galdera konkretu edo bestelako komentariorik baduzue, ez
> egin duda ta bota lasai!
>
> Ondo segi,
> Julen.
>
> [1] http://www.mundurat.net/pipermail/librezale/2010-June/003184.html
> [2] https://wiki.mozilla.org/Summit2010
> [3] http://www.flickr.com/photos/nukeador/4774915159/
> [4] http://www.youtube.com/watch?v=VUOIS3jtD8Y
> [5]
> http://diary.braniecki.net/2010/07/09/mozilla-summit-2010-localization-2-0-talk/
> [6] http://www.flickr.com/photos/gen/4784616005/
> [7] http://www.flickr.com/photos/madhava_work/4785257922/
> _______________________________________________
> Librezale mailing list
> Librezale a bildua librezale.org
> http://www.mundurat.net/mailman/listinfo/librezale
>
> .
>
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago