[Librezale] Librezale berria abian da

assar asarasua a bildua telefonica.net
Or, Ots 26, 17:50:10, CET 2010


Testu bat idatzi dut webgune berriaren aurkezpen-albistea nonbaitetik 
hasteko. Badakizue, nahi duzuen eran aldatu dezakezue.

Asier.

-----

Librezale berria abian da

Software librea euskaraz sustatzen duen Librezale taldekook webgune 
berria jarri dugu abian gure jarduerak bideratzeko. Itxura berriturik, 
webgune dinamikoagoa eratu dugu eta bertan zegoen informazioa eguneratu 
dugu. Orain albisteak modu argiagoan eskaintzen dira, webgunearen 
azalean, eta honekin batera gizarte-sareetatan eta gure foroan dauden 
mezu-trukeak erakusten dira.

Librezaleren foroa euskarazko software librearen inguruko zalantzak eta 
ideiak partekatzeko tresna garrantzitsua bihurtu da azken urte hauetan. 
Orain aurpegia garbitu diogu eta orain arte bete duen funtzioa betetzen 
jarraituko duela espero dugu.

Webgune berrian garrantzi berezia eman diogu aplikazio informatikoak 
euskaratzeko prozesuaren azalpenari. "Lokalizazio-gida" izeneko atalean 
lan horretan hasi nahi duenak edo gehiago sakondu nahi duenak informazio 
baliagarria aurkituko du. "Lan-tresna" atalean, bestalde, euskaratzeak 
egiteko erabil daitezkeen hainbat aplikazio, formatu eta baliabide 
azaltzen dira. Honi lotuta, Librezalek Pootle aplikazio informatikoa 
dauka instalatuta bere zerbitzarian, itzulpenak modu kolaboratiboan 
bideratzeko.

Librezale parte-hartze irekiko taldea da: edozeinek har dezake parte 
inolako arazorik gabe eta bakoitzak ahal duen neurrian. Ez dugu egitura 
finkorik eta gure komunikazio-tresnak webgunea, posta-zerrendak eta 
foroa dira. Lagundu nahi baduzu, hainbat moduz egin dezakezu: itzulpenak 
egiten, foroetan agertzen diren zalantzak argitzen, Librezalek 
euskaratutako aplikazioak sustatzen... Begiratu webguneko "Parte hartu 
nahi duzu?" atala informazio gehiagorako. Baina kontuan izan gure 
filosofia. Jatorri eta ikuskera askotako lagunak ari gara Librezalen, 
baina denok ere oinarrizko printzipio batzuk jarraitzen ditugu:
* Aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan egiten dugu.
* Software librea lehenesten dugu, askatasun gehien ematen duena delako.
* Gure lanak ere lizentzia libreekin banatzen ditugu, egindako lana 
etorkizunerako ere baliagarria izatea nahi dugulako.
* Zubiak eraiki behar direnez, plataforma anitzetan dabiltzan programak 
lehenesten ditugu.
* Estandar eta formatu irekien alde egiten dugu, aukerak aukera, elkar 
ulertzeko ezinbestekoak direlako.

Librezaleren izaerarekin bat datozen tresna informatikoak hobetsi ditugu 
webgune berria egiteko. Orririk gehienak wiki eran osatu ditugu 
MediaWiki aplikazioa erabiliz, tresna honek bistako abantailak 
eskaintzen baitizkigu librezalekide guztiok elkarlanean aritzeko. Horrez 
gain, WordPress erabili dugu azala egiteko eta albisteak kudeatzeko, eta 
FluxBB aukeratu dugu gure foroa zaharberritzeko.

Gurekin lan egin nahi baduzu, bisita gaitzazu:
http://www.librezale.org



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago