[Librezale] Software librearen aldeko ituna

joseba joseba a bildua euskalerria.org
As, Api 28, 12:35:52, CEST 2009


Iepa,

Ez ditzagun gauzak nahastu, sindikatuak, partidu politikoak,
elkarteak... Azken finean, helburu jakin batzuei erantzuteko sortutako
talde [antolatu]ak dira denak. Bakoitzak egoki iruditzen zaizkion
ekintza eta iniziatibak egin eta bultzatzen ditu. Oraingo honetan
software librearen aldeko sinadura eskatzen zaie europar parlamentari
[izango] direnei. Parlamentari horiei sinadura hori eskatzeak software
librearen izaera ezagutaraztea ekar lezake kasu askotan, alegia, gaur
egungo politikarien maila ezagutuz, zalantza egingo nuke herenak ere ba
ote dakien zertaz ari garen. Eta parlamentari horiexek izango dira
patenteetaz erabakiak hartuko dituztenak, edota formatu estandarren
erabilera eskatu beharko dutenak...

Sinadura hori eskatzea "parlamentariak era antolatuan agobiatzea" dela
esatea gehiegitxo iruditzen zait. Horrekin agobiatu egiten badira,
ederki gaude! Sinadura eskatzea zilegi ez bada, gureak egin du. Gainera,
sinadura eskatze hutsa, kasu askotan, software librea zer den jakin
arazteko bidea ere izango dela ziur nago, eta agian, bati baino
gehiagori jakin-mina ere sortuko dio, beraz, ekintza horri oztoporik ez
diot nik jarriko. 

Demokratikoa zer den eta zer ez den esatea ere oso ausarta iruditzen
zait. Garai batean, emakumeen boto-eskubidea bermatzeko sinadura
eskatzeak ere arauak (ez dakit zein arau) ez lituzke errespetatuko, eta
jakina, ez litzateke zilegi izango... edota, gaur egun, abortua
legeztatzeko sinadura eskatzea ere antidemokratikoa izango da, ez? eta
arau [ezezagun] horiek hautsiko ditu.

Bukatzeko, niri asko gustatuko litzaidake kandidatu bakoitzaren iritzia
ezagutzea hainbat gairen inguruan: abortua, drogen legeztatzea,
erlijioa, software librea, hizkuntza-eskubideak, norbanakoen eskubideak,
ekonomia-sistema edota homosexualitatea, besteak beste. Informazio
horren arabera ere emango bainuke botoa...

Ez ditzagun mamuak sortu geure buruetan, eta ez gaitezen firma bilketa
baten zentsuratzaile izan...

Ondo segi,
Joseba.





Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago