[Librezale] UEUko ikastaroa: balorazioa eta ondorioak

Julen julenx a bildua gmail.com
Ost, Uzt 11, 22:22:15, CEST 2007


Kaixo jendia!!

Bueno, jakingo duzuen bezala aste honetan Mikel eta biok UEUk Eibarren
duen egoitzan ikastarotxo bat eman dugu Librezale taldea ordezkatuz.
Hilaren 9, 10 eta 11ean izan dira eskolak eta bertan landutakoa
aipatzeaz gain atera ditugun ondorio nagusiak aipatu nahi genituzke
balorazio moduan. Niri zerbait ahazten bazait edo ezer oker esanez
gero... Mikel, zuzendu zak!


Ikastaroaren izenburua 'Softwarearen lokalizazioa' izan da (nahiko
zabala, ez?) eta guk gure taldearen ikuspuntutik enfokatu dugu (nola
bestela? :P), software librea eta euskara ardatz izanik. Horrela, gure
esperientzian oinarrituta material bat prestatu genuen (laster
zintzilikatuko dugu, agian zuzenketaren batekin-edo... iritsiko da,
lasai :)
Oinarrizko sarrera bat eman ondoren (lan egiteko metodologian eta PO
fitxategietan nabarmenduz oro har, gettext tresnak oinarritzat hartuz
alegia), modu praktiko batean software librearen itzulpenera
bideratutako bi aplikazio nagusiren erabilera uztartu da: KBabel eta
Pootle.

KBabelen proiektu batekin lan egitean erabil daitezken ia aukera
guztiak azaldu dira, ager daitezkeen sarrera-mota ezberdinei
erreferentzia eginez. Hau da, fuzzy, c-format, no-c-format, plural
formak dituzten sarrerak eta laster-teklak (ezer ahazten ez bazait
behintzat). Gero, itzulpen-memoriekin lan egin da KBabelek eskaintzen
dituen modu ezberdinetan (PO lagungarria, Itzulpen datu-basea eta PO
bilduma) eta memoria horiek erabilita KBabel hiztegia azaldu da edota
Itzulpen zirriborro bat nola egin.
Hori guztia ikusita, ariketa batzuk planteatu dira sarrera-mota
ezberdinak lantze aldera.

Pootle-i dagokionez bestalde, aurreko guztia azaldu eta gero ezer
gutxi geratu da komentatzeko eta honen erabilera azaldu da, beti ere
mahaigaineko tresna batekiko izan ditzakeen gabeziez ohartuz.

Azkenik, software libreko aplikazio baten lokalizazio prozesua imitatu
nahi izan dugu aplikazio txiki batzuk euskaratzeko aukera emanez
klasean bertan (cheese, istanbul, gnome-sendto, gnome-share eta vlc
(pootle bidez azken hau)).


Ikastaroan 10 'ikaslek' parte hartu dute eta hauen perfilak aurrez ez
bagenekizkien ere, bi muturretako jendea topatu dugu: informatikariak
edo informatika munduko jendea alde batetik eta itzultzaile
profesionalak bestetik.
Gure ustez elkarrengandik nahiko urrun ikusten diren bi mundu horien
artean kokatu gara gu eta horregatik ez dira erabat asetu ez alde
batekoak zein bestekoak. Informatikariek, internazionalizazio
prozesutik gehiago espero zuten, hau da, aplikazioak nola bihurtu
lokalizagarri. Itzultzaileek bestalde, beraien mundura gehiago
hurbiltzen zen zerbait espero zuten.


Gauzak azaldu ahala eztabaidak sortu dira, gehienbat itzultzaileen
aldetik, tresna jabedun eta geureak baino aurreratuagoak erabiltzera
ohituta baitaude (Trados edo dena delakoa martxan ikusteko gogoz
geratu gara, marabillak egin behar ditu ziur!) eta guk eskainitakoa
hankamotz geratzen dela iruditu baitzaize (beti ere beraien ikuspegi
profesionaletik). Puntu hau etorkizunera begira lantzekoa da, software
librearen abantailetako bat hori baita, kodea eskura izatea eta
edonork hobetzeko aukera edukitzea.

Baita ere azpimarratzeko modukoa da itzulpen-kate bakoitzak
programatzailearengandik izan ditzakeen iruzkinak faltan sumatu
dituztela eta hor arrazoia eman besterik ez dago. Programatzaileon
utzikeria aipatu da eta ildo horretan hobetu beharra nabarmendu.
Komunikazio hobea behar da programatzaile eta itzultzaileen artean,
zubiak eraiki bien artean lana erraztu eta emaitza hobeak lortzeko.

Gettext tresnak eta plural formak lantzean itzulpenera bideratutako
formatuen gabeziaz jabetu gara, hala nola gure hizkuntzan mugagabearen
erabilerak sor ditzakeen arazoez edo formatuak ingeles hizkuntzan
pentsatuta garatu direla ohartu eta ondorioz ezartzen zaizkigun mugak
kritikatuz.


Azken egunean, hilak 11, lehenengo orduan mahai inguru bat izan dugu,
partaide gisa Librezaleko Mikelez gain Elhuyareko Josu Waliño eta
Santurtziko euskaltegiko Pedro Lanbide izan direlarik esperientzia
ezberdinak kontatzen ikastaroko partaideen aurrean.

Bertan euskararen lokalizazioan gabiltzanon arteko koordinazio falta
azaleratu da eta gune zentralizatu baten beharra ikusi da (UEU?),
moodle plataformaren itzulpenarekin gertatu dena saihesteko adibidez
(itzulpena ofiziala izanik hainbat itzulpen ezberdin agertu baitira,
'fork' ez ofizialak nolabait).

Interesgarria izan da jakitea nola bai Elhuyarren eta baita UZEIn ere
PO fitxategien itzulpenak (GNOME, OpenOffice.org, ...) MS Word-ekin
egiten dituztela, beraien tresna jabedun famatu hauetako baten
laguntzaz (Trados, Wordfast, DejaVu, ...??). Bitxikeria bat: MSek,
W95etik W98rako urratsean (bertsioekin oker ez banago) itzultzaileei
Windows itzultzeko erabiltzen zuten programa itxia aldatzean, hauen
iritziz programa horrek erabat okerrera besterik ez zuen egin (MS
bezala ezta?).

Era berean diru laguntzek sortzen duten makaltasuna kritikatu da,
horren erantzule nagusi Eusko Jaurlaritza izanik, nahiz eta UZEI eta
Elhuyar bezalako enpresak prozesu hori azeleratzen saiatu (saiakera
antzuak, administrazioa... administrazioa da).
Librezalek diru laguntzarik ez duela jasotzen argi utzi du eta ez dela
elkarte bat, talde horizontal bat baizik. Izan ere... diru laguntzen
iturria ixten denean zer? Akabo euskarazko softwarea?

Gonbite irekia egin zaigu itzulpen zalantzen aurrean profesionalei
galdegiteko. Hasiera batean gu eta beraien arteko mundua nahiko urrun
ikus badezakegu ere, elkarlanerako ateak zabalik utzi dituzte eta
edozein terminologia zalantza izanez gero lasai galdetzeko, baina
bozketarik ez egiteko behintzat, ez baita gauza serioa (jende oso
jatorra portzierto kolaboratzeko prest azaldu dena eta ez dute
horzkarik egiten).
Ildo honetan komentatu da ItzuL posta-zerrenda elkargune izan
daitekeela (itzulpena a bildua euskalgnu.org RIP) eta itzultzaile profesional
(haiek) eta ez-profesionalen (gu) arteko harremana sortzeko leku
aproposa dela ondorioztatu da. Horrek Librezale jende gehiagorengana
hurbiltzea ekarriko luke, gehienbat itzulpen lanetan dabilen jendea
eta hori positiboa da komunitatearentzat. Pausu hau garrantzitsua da,
izan ere ikastaroan jendeak ez zuen Librezale ezagutzen eta urrutiko
zerbait bezala ikusten baitzuten.

Gainera, gaur egun software librean dauzkagun tresnak hobetzeko
beharra baieztatu da, horretarako aparteko laguntza litzateke (eta
gainera ezinbestekoa) itzultzaileen feedbacka, egun dauzkagun tresnak
hobetu nahi baditugu behintzat.

Informatika fakultateari errieta egin zaio ez duelako inolaz ere
kontutan hartzen aplikazioen internazionalizazioa eta horren eraginez
ikasleak errealitate batetatik aldentzen dituelako (jendeak jakingo
ote du posible dela modu erraz batean aplikazioak internazionalizatzea
eta gerora lokalizatzea?). Irakasleak honekin sentsibilizatzea urrats
sendo bat litzateke etorkizunera begira.


Ikus dezakezuenez mundu ezberdinak eta elkar talka egiten duten iritzi
asko. Hala eta guztiz ere balorazioa positiboa delakoan gaude, talde
bakoitzak edo 'aktore' bakoitzak (programatzailea, itzultzailea,
erabiltzailea) bizi duena ez baita inolaz ere errealitate bakarra eta
gainontzekoen ikuspuntuak ulertu eta dauden arazoez ohartzeak
etorkizunera begira erronka berriak pizten baititu.
Hortaz eztabaida erabat konstruktiboa izan delakoan gaude. Orain denoi
dagokigu, pixkanaka bada ere, urratsak ematea.

Edozein iritzi edo komentario ongi etorria da. Ez izan zalantzarik
eztabaida zabaltzeaz, mereziko du-eta.

Ondo segi,

Julen.


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago