Badator Firefox 4 (II): funtzionaltasun berriak

Firefox logoaOso gutxi falta da hainbat hilabetetako lanaren ondoren Firefox 4 argitaratzeko. Gauzak horrela, ondorengo artikuluetan Firefoxen bertsio berriak ekarriko duena saiatuko gara errepasatzen labur-labur: interfazeko aldaketak, gehitutako funtzionaltasun berriak, inplementatutako azken web teknologiak…

Gehigarrien kudeatzaile berria

Gehigarrien kudeatzailea

Gehigarrien kudeatzaileak itxura erabat berria du.

Aurpegi berria dauka gehigarrien kudeatzaileak Firefox 4an eta dagoeneko ez da leiho txiki bat, web dokumentu baten antzera zabaltzen den fitxa bat baizik. Edukia bistaratzeko toki gehiago dagoenez, presentzia garbiagoa dauka kudeatzaileak eta beharrezko informazioa esku-eskura dago.

Are gehiago, gehigarrien kudeatzaileak orain Mozillako gehigarrien webgunearekin integrazio-maila handiagoa dauka eta gehigarrien xehetasunak bertatik eskuratuko dira, puntuazioak, azken eguneraketa-data eta berrikuspen kopurua barne. Bestalde, hemendik aurrera gehigarriak automatikoki eguneratuko dira atzeko planoan, beraz Firefoxen abioan eguneraketen erruz nabigazioa etenez agertzen ziren leihoak ez dira gehiago agertuko. Portaera hau erabiltzaileak alda dezake.

JetPack edo gehigarri arinak

Firefox 4an JetPack edo gehigarri arinen kontzeptu berria dago: ohiko web teknologiak erabiliz (HTML, CSS, JavaScript) Firefoxerako gehigarriak sortzea modu erraz eta azkarrean. Gehigarri tradizionalek pieza konplexu eta nahiko behe mailakoak erabiltzen dituzte (XPCOM, kasu) eta programatzaileen oso gustukoak ez izateaz aparte, gehigarriak sortzeko prozesua zailtzen dute.

JetPack-ek beraz lana sinplifikatu eta erraztu nahi die gehigarrien egileei, API sinpleak eskainiz eta lan egiteko SDK garapen-kita. Erabiltzailearen ikuspuntutik gauzarik erakargarriena zera da, JetPack bidez egindako gehigarriak nabigatzailea berrabiarazi gabe, instalatutako unetik aurrera martxan egongo direla.

JetPack ez dago erabat amaituta, erabilgarria da baina oraindik garapen-fasean dagoen pieza bat da, hortaz etorkizunean hobekuntza gehiago espero dira fronte honetan.

Fitxen taldeak

Panorama

Fitxak multzokatu eta nahi ditugun taldetan antola ditzakegu.

Fitxak multzokatu eta txukun mantentzen laguntzeko helburua dute Panorama izenez ere ezagutzen diren fitxen taldeek. Fitxa askorekin lan egiten duen jendearentzat balio du batez ere baina bisitatzen ditugun webguneak atazen arabera banatzeko ere egokia izan daiteke.

Fitxak taldetan banatzeko hainbat modu daude:

  • Fitxaren gainean eskuin-klika egin eta Eraman taldera menu-aukeran klik eginez. Aurretik talderik ez badaukagu sortuta, Talde berria aukeratu besterik ez dago.
  • Zuzenean fitxen multzoetara joaz, fitxen eskuinaldean aurkituko dugun goitibeherako menuan klik eginda edo Ktrl+Shift+E laster-tekla erabilita.

Fitxak saguarekin toki batetik bestera eraman daitezke, laukiak marraztuz talde berriak sortu, fitxen artean bilaketak egin… azken finean, esan bezala, fitxa askorekin lan egiten duen jendeak bisitatzen dituen guneak antolatuta mantentzeko modu praktikoa dira fitxen taldeak.

Sinkronizazioa Sync bidez

Sync

Sinkronizazioaren bitartez hainbat nabigatzailetako datuak parteka ditzakegu modu seguruan.

Firefox toki batean baino gehiagotan erabiltzen duzu? Lanean eta etxean? mahaigainean eta eramangarrian? mugikorrean ere bai? Egoera horietarako dago prestatuta Firefox Sync, zifratutako kanal baten bitartez nabigatzaileen arteko datuak sinkronizatuta mantentzen baititu, hala nola, laster-markak, gordetako pasahitzak, hobespenak, historia edota fitxak.

Hasiera batean bakoitzaren datuen tamainaren arabera konfigurazioak denbora bat har lezake, baina hortik aurrera funtzionamendua erabat gardena da erabiltzailearentzat, atzeko planoan burutuko baitira sinkronizazioak eta konturatu gabe guztia sinkronizatuta egongo baita.

Firefox 3.6ko erabiltzaileek ere erabil dezakete zerbitzu hau Firefox Sync gehigarriaren bitartez.

2 iruzkin