LibreOffice 7.0 iritsi da
LibreOffice proiektuak bulegotikako suitearen bertsio nagusi berria argitaratu du. Gehienok jakingo duzuenez, ordenagailu askotan OpenOffice zaharra ordezkatzeko iritsi zen aplikazio sorta da LibreOffice, eta testuak idazteko, aurkezpenak prestatzeko, kalkulu-orriekin lan egiteko, marrazkiak egiteko eta datu-baseak kudeatzeko tresnak ditu.
Microsoften Office aplikazioak norberaren ordenagailuan egoteari utziko dion sasoi hauetan, jakin ezazue LibreOfficek gure premia guztiak bete ditzakeela inolako arazorik gabe.
LibreOffice sistema eragile nagusietan erabili daiteke (Windows, macOS, Linux eta ChromeOS), bai lokalean instalatuta bai hodeian, eta % 100ean euskaraz dago Librezaleri esker.
Berrikuntzak
Bertsio berriaren berrikuntza nagusiak honakoak dira:
- LibreOfficen jatorrizko fitxategi-formatuaren bertsio berria, ODF 1.3 bertsioa hain zuzen, izango da oraindik aurrera aukera lehenetsia. Lasai, bertsio zaharrak ere ireki eta erabili ahal dira, nahi izanez gero. Bertsio berriak sinadura digitalak eta zifratze-aukera hobeak onartzen ditu, aldaketen jarraipena hobetu du eta beste zenbait xehetasun berri ere baditu.
- Txartel grafikoen prozesatzaileetan oinarritutako Vulkan azelerazioa erabili dezake orain, eta Skia motor grafikoa ere bai. Horrek aplikazioaren abiadura azkartuko du potentzia asko behar duten eragiketetan (kalkulu-orriko eragiketa astunak edo aurkezpenen trantsizio landuak, esate baterako).
- Microsoften DOCX, XLSX eta PPTX formatuekin bateragarritasun handiagoa. Orain, formatu horien 2013/2016/2019 bertsio berriagoak lehenetsiko dira bateragarritasuna sortzean, orain arte erabiltzen zen 2007 bertsioaren ordez. Ahalegin berezia egin da alor horretan, eta LibreOfficen garatzaileen arabera, orain bateragarritasun ia perfektua da.
Beste berrikuntza batzuk
Orokorrak
- Ikonoen gai berria macOS sistemarako: Sukapura.
- Formen galeria berria: geziak, diagramak, ikonoak eta abar.
- Distira eta ertz leunen efektuak objektuetan.
Writer
- Testu zeharrargiak onartzen dira.
- Laster-markak testuan zuzenean bistaratu daitezke.
- Zerrenden zenbakitzearen koskak hobetu dira.
- Komatxoak eta apostrofeak hobeto erabiltzen dira.
Calc
- Funtzio berriak ausazko zenbaki ez hegazkorrak sortzeko.
Impress eta Draw
- Testu zeharrargiak.
- Azpiindizeak hobetu dira.
- 500 cm baino gehiago dituzten PDFak sortu daitezke.
Bertsio berriaren ezaugarri nagusiak PeerTubeko bideo batean ikusi daitezke: https://tdf.io/lo70peertube