Euskarazko erantzun sinpleak ulertzea
Common Voice proiektua aurrera doa eta euskarak, beste 120 hizkuntzekin batera, hizketaren ezagutza librea bultzatzeko baliabide eta tresnak lortzeko ekimen honetan parte hartzen du. Gure hizkuntza txikia eta zaharra omen da, baina Librezaleko kideok euskarak baduela zer esana eta teknologia berrien alorrean munduko hizkuntza handi eta indartsuenen parean egoteko gaitasuna ere baduela uste dugu. Horren froga da Common Voice proiektuan esparru zehatzerako lehen atala sortu dela eta euskarak horretan ere parte hartzen duela.
Ekimen honen helburua erantzun sinpleak (hau da, “bai”, “ez” eta zenbakiak), euskaraz ahoskatzean ulertzeko gaitasuna lortzea da. Common Voice proiektuak hizketa librea ulertzea bilatzen du baina bidetik mugarri zehatz batzuk lortzea adostu da. Proiektu osoaren parte den ekimen txiki honen ondoren beste esparru zehatzeko atal batzuk ere etorriko dira. Lehen atal honen helburua, garapen fasean dagoen Deep Speech motor librea probatzea da, hizkuntzaren atal txiki bat hizkuntza desberdinetan trebatuz. Horretaz gain, Mozilla garatzen ari den Firefox Voice proiektu berritzailea ere laguntzea da ekimen honen helburua.
Ekimen honetan parte hartzeko, Common Voicen parte hartzea besterik ez da behar; zoaz “Hitz egin” orrira eta hasi grabatzen!
Bertan, “bai” eta “ez” hitzak eta zerotik bederatzira arteko zenbakiak grabatu behar dituzu. Ondoren, ohiko esaldiak grabatzen jarraitzera animatzen zaitugu. Oso erraza da eta lan honen fruituak merezi duela uste dugu. Animatu!
Common Voiceko foroan, esparru zehatzerako lehen atalari buruzko informazio gehiago irakur dezakezu.