LibreOffice 6.4 argitaratu dute, aplikazioaren errendimendua hobetzeko lanak eginda

Urtebete igaro da LibreOffice aplikazioari buruz hitz egin genuenetik, eta ordutik bi bertsio berri argitaratu dira.

Aurreko bertsioan, 6.3 izan zen hartan, honakoak izan ziren hobekuntzak:

  • Writer eta Calc-en errendimendua hobetu zen, erabiltzaileek emandako dokumentuetan oinarrituta: markatzaileak, taulak eta iturri kapsulatuak dituzten testu-fitxategiak eta kalkulu-orri handiak azkarrago kargatzen eta gordetzen dira orain.
  • Dokumentuetako zatiak estaltzeko aukera gehitu zen. Ingelesez “redact” deritzona egin daiteke orain, alegia, koadro beltzak erabiltzea testu-zatiak tapatzeko eta horrela nahi ez den norbaitek informazio sentikorra ikus dezan saihesteko.
  • Bestalde, PDFra esportatzeko aukerak hobetu ziren.

Aste honetan argitaratu duten 6.4 bertsioan, berriz, errendimendua eta bateragarritasuna hobetzeko lanak egin dira gehien bat. Garatzaileen esanetan, Microsoften Open XML formatuekin (DOCX, PPTX eta XLSX) lortutako bateragarritasuna ia perfektua da.

Aurrekoaz gain, testu batetik abiatuta QR kodeak sortzeko aukera gehitu zaio, kalkulu-orriak PDFra esportatzean orrialde bakarrean esportatzeko aukera dago orain, eta hamaika hobekuntza egin dira menuetan, paneletan eta hasiera-zentroan.

Berritasun guztiak hemen eta hemen kontsultatu daitezke:

Amaitzeko, euskarazko lokalizaziorako garrantzitsua den aldaketa bat gertatu da: orain arte itzulpenak Pootle zerbitzu batean egiten ziren, baina badirudi software hori dagoeneko ez duela inork mantentzen. Horregatik, Weblate deritzon beste sistema batera eraman dituzte hizkuntza guztiak. Euskarazko bertsioa hobetzen lagundu nahi duen orok, honako helbidean egin dezake:

https://weblate.documentfoundation.org/languages/eu/

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>