Uztaileko proiektua: LibreOffice laguntza-fitxategiak euskaratzea
Laster iritsiko da LibreOffice aplikazioaren bertsio berria, eta beti bezala, euskaraz ere erabili ahal izango da, Librezale komunitateari esker. Hala ere, badago oraindik ere hobetzeko tarterik, LibreOfficen laguntza ez baitago guztiz euskaratuta.
LibreOfficen erabiltzaile-interfazeari nahikotxo ondo eutsi zaio euskaratuta bertsioz bertsio, Librezalek horren ardura hartu zuenetik. Laguntzaren euskarazko bertsioa, berriz, indarra galtzen joan da, ikaragarrizko lana baita 460.000 hitzez osatuta dagoen eta bertsio batetik bestera 20.000 hitz inguru aldatzen dituen fitxategi multzoa eguneratuta izatea.
Momentu honetan, librezalekideok azken hilabeteetan egindako ahaleginari esker, 35.000 hitz besterik ez dira falta itzultzeko, eta euskara hamaseigarren hizkuntzarik itzuliena da. Kontuan izan behar da aurreko bertsioan 122.000 hitz zeudela itzultzeke.
Abuztuan argitaratuko den 5.4 bertsioaren ondoren, 2018rako 6.0 bertsio berria espero da. Une egokia da ahalegin berezia egiteko eta, 6.0 bertsio horretarako, LibreOffice osorik euskaraz izateko. Proiektuan parte hartu nahi duenak, LibreOffice Pootle zerbitzarian izena eman dezake, eta itzulpenak egiten hasi hemen.