@euskaltelegram: Telegram euskaraz

euskaltelegramTelegram euskaraz nahi? Jo @euskaltelegram kanalera.

Telegram Whatsapp aplikazioarekin alderatzen du jendeak maiz, baina Telegramek mezularitza aplikazio eta gizarte-sareen arteko mugak hautsi ditu, besteak beste telefono zenbakia jakin gabe ere hala nahi duenarekin hitz egitea baimentzen dizu, hori eta dituen beste berezitasunak ondo baino hobeto aprobetxatzen dabiltza euskaldunak taldeak, kanalak, eranskailuak eta denetarik sortuz, begira begira:

 

Talde irekiak

Edonoren parte-hartzea baimentzen duten taldeak sor daitezke, adibidez @hackinbadakigu beteranoen software, hardware eta jakintza eta kultura askearen eztabaidagunea, oso indartsu datorren @gamerauntsia euskal bideo-jokalari euskaldunen elkargunea, eta jakina gure @librezale super-taldea.

Screenshot_20161115-231007Kanalak

Kanalak ez dira eztabaidarako, baizik eta informazioa jaso nahi duen orori banatzeko, eta kanal euskaldun mordo bat agertzen hasiak dira, Argia aldizkariaren @argiaeus kanala denetariko berriak euskaraz jasotzeko, Talaios kooperatibaren @talaios blog mugikorra teknologia eta burujabetzaren inguruan, helduak euskalduntzen eta alfabetatzen burugogor dirauen AEK aitzindariaren @aekeus kanala, Sopelako @sopelanet@buiakainfo ikasle mugimenduaren kanala, Mugarik gabeko Ingeniaritza taldearen @isfeuskadi kanala, Gazteizko irrati libre ikonikoak ezin zuen falta @halabedi kanalarekin, LAB sindikatuaren zerbitzu publiko arloko @labzpf eta Telegram bera euskaraz erraz erraz jartzea baimenduko dizkizuten fitxategien eguneraketak banatzeko lehen aipatutako @euskaltelegram noski!

Botak

Telegramen botak ez dira oinetan janzteko, erabiltzailerekin txat bidezko interakzioa baimentzen duten programak dira eta beta bertsioan bada ere baditugu euskaldunak ere, adibidez Asier Iturraldek sortutako @wikidosiabot Wikipediako ausazko eta nabarmendutako artikuluak entregatuko gaituen esaneko robota, edo ELA sindikatuko teknozaleek sortutako @murgilbot bota kezkak, irakurketak, hausnarketak eta iritziak jasotzeko. Game Erauntsiak ere badu bot bat bere taldean txertatuta,  @liberbibot automatak Lea-Artibai eta Mutrikuko berriak batzen ditu, Bizkaiko elizbarrutiko berriak kontatzen ditu @bizkaielizabot euskaldun-fededunak, eta hain elizkoia ez den @zitalbot ere badugu Katedralerako hitzorduetarako besteak beste.

eusticker2Eranskailuak

Baina jendeak nagusiki kalakarako eta barreak egiteko erabiltzen du Telegram, eta oso lagungarriak dira horretan eranskailuak, gurean baditugu adibidez eusticker eranskailu multzo xelebrea, edo kontzientziadun GipuzkoaZutik eranskailu multzoa.

Nork itzuli du Telegram?

Transifex bitartez elkartutako lagun batzuk aspaldi itzuli zuten Android bezeroa, Gisa elkarteko lagunak, Gaueko Koop, Bitarlan… baina hizkuntza ofizialen artean sartu ez zenez oso jende gutxik zekien Telegram euskaraz erabili zezakeela, instalazioa zaila zen, eta proiektua hoztu egin zen 2014 geroztik.

Azken hilabeteetan zehar Android bertsioaren itzulpena Librezaletik berpiztu dugu eta iOS bertsioa osotasunera eraman dugu, eta denbora batez gure taldean fitxategiak banatu eta frogatu ondoren, hizkuntza fitxategien banaketa errazteko aipatutako @euskaltelegram kanala sortu dugu.

Librea al da Telegram?

Zerbitzariak pribatuak dira baina APIa irekia da eta bezeroak libreak dira. Android, iOS, Windows Phone, MacOS, Windows eta Linux sistema eragileetarako bezero ofizialak daude, eta baita web bidezko bezero ofizial bat.

 

 

2 iruzkin

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>