LibreOffice 4.4 argitaratu dute

Libreoffice_icon_mixDuela egun pare bat argitaratu dute LibreOffice aplikazio-multzoen bertsio berria. Beti bezala, hobekuntza askorekin horniturik dator oraingoa ere. Hona hemen bertsioaren ohar guztiak, asteburuan irakurtzeko gogoa duenarentzat.

Aldaketa guztien artean bat nabarmentzen dute LibreOfficen garatzaileek: itxura eta erabiltzaile-esperientzia hobetzeko egin dituzten aldaketak. Orain Sifr ikono-multzoa presenteago dago suitean, batez ere Mac OS sistemetan; goiko tresna-barrak berregin dituzte, gutxien erabiltzen ziren botoiak kenduz eta gehiago erabiltzen diren batzuk erantsiz; eta egoera-barran, alboko barran zein testuinguru-menuan ere aldaketak egin dira. Horrez gain, tresna-barretako hainbat botoitan berrikuntzak daude: kolore-hautatzaile berria, buletak eta zenbakiak esleitzeko goitibeherako botoi berria, etab.

Beste atal batzuetan ere aldaketa esanguratsuak egin dira:

  • Impress-en OpenGL trantsizioak gaitu dira Windows plataformarako, eta OpenGL framework berrian oinarritutako ezaugarriak hobetu dira plataforma guztietarako.
  • PDF fitxategien esportazio prozesuan sinadura digitala erabil daiteke orain.
  • Bi letra-tipo berri sortu dira, Carlito eta Caladea, Microsoft-en Calibri eta Cambriaren parekoak direnak. Horiei esker, Microsoft-en OOXML fitxategiak irekitzean letra-tipoei lotuta egon daitezkeen zenbait arazo konpondu dira.
  • Txantiloi lehenetsi berriak sortu dira.
  • Impress-en orri nagusiak sortzeko eta mantentzeko aukerak hobetu dira.
  • Writer-en aldaketen segimendua hobetu da, aldaketen segimendurako tresna-barrari botoi berriak erantsiz, eta zuzenketa automatikoa ere hobetu da.
  • Hainbat formatutako fitxategiak inportatzeko iragazkietan ere aldaketak egin dira. Microsoft Visio, Microsoft Publisher eta AbiWord fitxategiak, eta Microsoft Works kalkulu-orrien fitxategiak dira hobetu direnak.
  • Beti bezala, OOXML formatuak onartzeko aukerak hobetzen doaz.
  • Iragazki berriak daude Adobe Pagemaker, MacDraw, MacDraw II eta RagTime for Mac fitxategiak inportatzeko.
  • Multimedia-fitxategi gehiago onartzen dira orain: Real Audio (.ra), Real Media (.rm), Digital Video (.dv), Audio Codec (.ac3), Ogg Opus (.opus), Advanced Systems (.asf), MPEG Audio (.m4a).
  • SharePoint eta OneDrive zerbitzuetara zuzenean konektatzeko aukera gaitu da.

LibreOffice 4.4 bertsioaren interfazea euskaraz dator osorik Librezaleri esker. Hala ere, laguntza-fitxategiak erdizka daude itzulita. LibreOffice euskaratzen lagundu nahi duenak, mesedez jarri harremanetan gurekin.

Aldaketa guztien zerrenda

Iruzkin bat

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>