Inkscape berria (0.91 bertsioa) prest dago, azkenik
Inkscape irudiak marrazteko aplikazio libre bat da, Adobe Illustrator eta CorelDraw aplikazioen parekoa. Ikonoak, logoak eta, oro har, irudi digital bektorialak sortzeko erabiltzen da. Hona hemen bertsio berriaren ohar guztiak.
Borondatez lan egiten duten lagunen arabera egiten du aurrera Inkscapen garapenak, eta horregatik zaila izaten da jakitea noiz argitaratuko dituzten hobekuntzak. Azken bertsio handia 2010ean atera zuten, baina azkenerako lortu dute berria kaleratzea.
Inkscapek SVG formatu irekia erabiltzen du oinarrizko formatu gisa, baina beste formatu batzuk ere ireki eta aldatu ahal ditu, besteak beste PDF formatua.
Aldaketa nagusiak
Berrikuntzarik nabarmenena motorrean egin du Inkscapek: grafikoak errendatzeko motor berria darabil, Cairo izenekoa. Horri esker, askoz azkarrago eta zehaztasun gehiagorekin errendatzen ditu irudiak, memoria gutxiago erabiltzen du eta fitxategi handiagoak ireki ditzake.
Formatu gehiago onartzen ditu orain Inkscapek, esaterako FXG, SIF eta HTML5 formatuetara esportatzen du, eta VSD eta CDR fitxategiak inportatzen ditu. Horrez gain, WMF/EMF formatuak plataforma guztietan irakur eta idatz daitezke, eta GIMPen XCF, PDF, EPS eta PS+LaTeX formatuekin lan egitea hobetu da.
Bitmap irudiak bektorizatzeko eginbidea berritu da, eta ikurren liburutegi berri batek elementu grafikoen multzo osatua eskaintzen du. Testuak idazteko tresna asko hobetu da, eta neurketak egiteko tresna berria sortu da.
Objektuen multzoak kudeatzeko (ordenatzeko, hautatzeko, etab.) tresna berriak sortu dira, eta doiketa-tresnak ere aldatu dira.
Inkscapek hedapenen bidez ere handitzen ditu bere aukerak. Dozena bat hedapen berri sortu dira zeregin espezifikoetarako.
Inkscape bertsio berri hau ere euskaraz erabili ahal izango duzue. EuskalGNUk mantentzen zuen lokalizazioa, eta oraingorako elkarte horretakoa bertakoa zen Iñaki Larrañagak eguneratu du.
Duela urte batzuk EuskalGNUk berak bideotutorial bat sortu zuen Inkscapen oinarrizko funtzioak ezagutarazteko. Nahi duenak honako helbidean dauka eskuragarri: