Steam Paradoxa

Bere maitemina laster ikustekotan dagoen nerabe baten ezinegonarekin dabiltza Linux erabiltzaile asko azken boladan, eta Valve da horren erruduna.
steamos
Valve enpresak ordenagailurako jokoen banaketa sistema bat du: Steam. Linux biltegien antzera dabil baina ordainpeko jokoekin, Windows ingurunean arrakasta izugarria lortu du eta ez dago Steam kontu bat ez duen egiazko jokalaririk. Jokoak CD edo DVDan erostearekiko abantailak baditu, eguneraketak automatikoki jasotzea, edozein ordenagailutan jokoak erabili ahal izatea, gizarte sare funtzioak… Bere hastapenetan DRM sistema soil bat zena erakargarri bihurtzea lortu dute.

Orain urtebete Valveko zuzendari den Gabe Newellek Windows 8 jokoen industriarentzat katastrofikoa izango zela esan zuen. Gaberen ustetan PCaren izaera irekiak bihurtu du PCa jokoetarako plataforma arrakastatsu bat, ez Windows berak, eta hardware itxiago batetara garamatzan tabletizazio tendentzia orokorra ez du begi onez ikusten. Askoren harridurarako jokoen etorkizuna Linux plataforman zegoela iragarri zuen.

Hitz horiek Microsofti presio egiteko postura hutsa ez ziren froga argia handik gutxira ikusi genuen, Valvek Steam banaketa sistemaren bezeroa Linux plataformarako atera zuen Otsailean, bere joko asko Linuxekin bateragarri bihurtu zituen, eta baita beste ekoizleei lagundu beraien jokoak Linuxekin bateragarri bihurtzeko. Lehenetsitako banaketa gisa Ubuntu aukeratu zuten, baina beste banaketetako garatzaileak azkar jarri ziren Steam bezeroa beraien banaketatan instalatzeko paketeak sortzen.

Deigarria da DRMz babestuta dagoen, jabeduna den eta iturri itxiak dituen software ekosistema batek hainbesteko interesa piztea Linux komunitatean, eta espero bezala Richard Stallmanek detailetxo txiki hauek gogora ekarri zituen, baina deigarria da ere askoz gogorragoa izan zela Ubunturekin orain ez asko. Agian Ubuntu idealetik urruntzen ari den bitartean, Valveren pausuek hobekuntzaren bat ekar dezaketelako? Linux Fundazioak bozgoragailu indartsu bat eskaini zion Gabe Newelli Iparamerikako Linuxcon konferentzian hitza emanez.

Steam programa gisa instalatu ahal izatea lehen urratsa besterik ez zen izan, aste honen hasieran Valvek SteamOS iragarri du: Linux oinarria duen jokalarientzat egindako sistema eragilea, eta oraindik deskargatzerik ez badago ere ikusmin handia sortu du jada. Hurrengo pausua, 2014ean SteamOS erabiliko duten erreferentziazko ordenagailu sorta bat aterako dutela konfirmatzea izan da: Steam Machines, egongelan telebistara konektatuta erabiltzeko modukoak. Steam Machine hauek ez dira ezinbestekoak izango Steam erabiltzeko, baina ikusmin handia dago erreferentziazko plataforma hauek erabiliko dituzten txartel grafikoak zeintzuk izango diren jakiteko, garatzaileek txartel grafiko hauentzat optimizatuko dituztelako jokoak. Intelen driver libreak behin baino gehiagotan goraipatu ditu Valvek, baina Nvidia eta AMD izan ohi dira jokalariek nahiago dituztenak.

Badirudi Steam erabiltzen ez duten Linux erabiltzaileentzat ere onurak ekar ditzakeela guzti honek. Nvidiak ez du inoiz oso zintzo jokatu software librearekin, nork ez du gogoratzen Linus Torvalds oso modu grafikoan Nvidia oiloak perratxera bidali zuenean? Hori aldatzen hasi dela ematen du, eta beraien txartelentzako driver libreak garatzen dituen Nouveau proiektuaren posta zerrendan laguntza eskainiz agertu da Nvidia aste honetan. AMDk ere orain arte oso onak izan ez diren bere Linux driverrak hobetzeko asmoa iragarri du. Zurrumurruek diote SteamOS zerikusiren bat izan lezakeela

Argi dago Linux Valverentzat oso ona dela, kontrako zentzuan erlazio hau zeinen ona izango den benetan jakiteko oraindik itxaron beharko dugu.  Ez dirudi behintzat jokoak libreki euskaratu ahal izateko aukera egongo denik.

Iruzkin bat