Proiektu berriak Librezalen

EuskalGNUk agur esatearen ondorioz euskaldunon komunitatea bere burua berrantolatzeari ekin dio, eta proiektu berriak ditugu Librezaleren aterki pean orain.

Lehena LibreOffice bulegotika suitea euskaratzeko proiektua izan da, dagoeneko Libreoffice 4.0 bertsioarekin erabiltzaile batzuk Xuxen instalatzeko zituzten arazoak konpondu ditugu, hitz-zatikatzailea gehitu, eta Xuxen pakete berria LibreOffice luzapenen webgunera igo dugu.

Gnome mahaigaina eta honek barne hartzen dituen aplikazioak euskaratzeko proiektua ere Librezaleren Wikian bere txokoa prestatzen ari da, Iñaki Larrañaga ‘Dooteo’ proiektuaren arduradun izaten jarraituko du eta Librezaleko kideok itzulpenekin laguntzeari ekin diogu jada.

Adi ibili berritasun gehiago iragarriko ditugulako konfirmatu ahala.

Zuk ere euskaldunon komunitatea indartzeko prozesu honetan parte hartu nahi baduzu, eman izena Librezale posta zerrendan eta aurkeztu zure burua.