Firefox 19 kalean da, eta PDF irakurgailu berria dakar

Mozillak Firefox nabigatzailearen 19. bertsioa kaleratu du Linux, Windows, Mac eta Android plataformetarako.

Firefox 19k dakartzan hainbat hobekuntzen artean PDF.js PDF irakurgailua nabarmentzen da, berez aurreko bertsioan kaleratzekoa zena baino azken orduan atzeratzea hobetsi zena. JavaScript lengoaian idatzitako irakurgailu honi esker ez da beharrezkoa kanpoko irakurgailu bat kargatzea eta ondorioz kode itxiko eta segurtasun-akatsak izan ohi dituzten aukerak ekidingo dira. PDF.js proiektua HTML5 estandarrean oinarritzen da eta honek erabiltzaileari plataforma anitzetan erabiltzeko aukera ematen dio (mugikor, tableta zein ordenagailuetan). PDF.js proiektuaren iturburu-kodea GitHuben aurki daiteke.

Firefox-en PDF irakurgailu berria

Firefox-en PDF irakurgailu berria

Honez gain abio-abiaduran hobekuntzak egin dira eta aplikazioren batek helbide-barraren portaera aldatuko balu atzera egiteko aukera gehitu da.

Garatzaileek gehigarri zein nabigatzailea arazteko tresna berriak dituzte eta baita Android edo Firefox OS gailuetako nabigatzailea urruneko nabigatzaile batetik arazteko aukera ere.

HTML5 aukera gehiago ere badakartza bertsio berriak. Esaterako @page CSS euskarria edo viewport-percentage neurri-unitateak.

Android-erako bertsioak ARMv6 motako gailu gehiagori ematen dio euskarria eta erabiltzeko gutxienekoa 600MHz, 512MB eta HVGA pantaila dira. Android bertsioak itxura aldatzeko euskarria irabazi du eta baita Txinerazko lokalizazio euskarri ezberdinak. Google Search Widget-arekin ere bateratzen da eta honi esker orain telefonoaren abio-pantailatik exekuta daiteke.

Ohi bezala, Firefoxen bertsio berri honen aldaketa guztiak bertsio-oharretan kontsulta daitezke.

2 iruzkin