EuskalGNU joan zaigu
2001.eko abenduaren 27an eratu zen EuskalGNU Elkartea. Zuzen de la Cueva, Marcos Goyeneche, Xabier Otxotorena, Juan Antonio Pereira eta Iñaki Larrañagak osatu zuten Juanma Ginzoren laguntzarekin.
EuskalGNUk bere hastapenetik software librea euskaraz hedatzea izan zuen helburu. Horretarako GNU/Linux sistema eragileko aplikazioak euskaratzeko lanetan arituz.
Nagusiki Openoffice.org bulegotikako suitea eta Gnome eta KDE mahaigainen euskaraketei emandako bultzada jarraituagatik da ezaguna EuskalGNU.
OpenOffice.org 1.0 bulegotikako suitearen proiektua sortzen lagundu zuen. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatu zuen, itzulpenean Elhuyar eta UZEI, lan teknikoan Zundan eta EJIE koordinazio lanetan aritu zirelarik. Proiektu honetan bai interfazeko mezuak bai laguntzako fitxategiak ere euskaratu ziren. Eusko Jaurlaritzako HPSk sustatutako OOo proiektuen ondoren, bertsio batetik hurrengorako mezu berrien euskaraketak egunean mantendu ditu EuskalGNUk.
GNOME mahaiagainaren euskaraketan ere EuskalGNUk egindako lana eskertzekoa da. HPSek Euslinux banaketan euskaratutako aplikazioen bertsio berrien euskaraketa eguneratuta mantentzeaz gain, GNOME aterkiaren pean dauden bestelako aplikazioak ere musutruk euskaratzen joan da EuskalGNU.
KDE mahaigainaren modulu batzuen itzulpena EuskalGNUren lana da ere. GNOME mahaigainaren itzulpena nagusiki HPSren sustapenaren laguntza zuen bitartean, KDEren euskaraketa hasieratik software librearen komunitatearen esku egon zen. KDE mahaigainak ehunaka aplikazio dituenez itzultzeko komunitatearen abiadura nahi baino motelagoa zen. Horregatik, EuskalGNUk KDEren euskaraketari bultzada emateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzetara aurkeztu zuen proiektua. 2009an berriz KDEko fitxategiak euskaratu ziren, gutxi gorabehera 50.000 hitz itzuli zirelarik, eta 2010ean, KDE 4.5 bertsioan beste modulu batzuen 146.000 bat hitz euskaratu ziren. Proiektu honek ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eduki zuen.
Proiektu hauetan EuskalGNU ez zen mugatu itzulpen lanetara, eta erabiltzaileak laguntzeko baliabideak ere sortu zituen, GNOME mahaigainari buruzko bideo-tutoretza sortu zuen Ogg Theora/Vorbis formatuan 2007/2008an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker, eta KDE mahaigainari buruzko bideo-tutoretza ere sortu zuen EuskalGNUk.
Baina EuskalGNU-ren bandera bihurtu ziren proiektu hauetaz gain beste itzulpen asko eraman zituen aurrera EuskalGNUk.
LyX testu-prozesadorearen itzulpena da EuskalGNUren kuttunetako bat, bai interfazeko mezuak baita eskuliburuak ere euskaraz jarri zituen. 2009an interfazeko mezuak berriro euskaratu ziren HPSek sustatutako software librearen euskaratzeko proiektuetan sortutako itzulpen memoria eta glosarioan oinarrituz. Gainera, sarrera, tutoretza eta erabiltzailearen gida eskuliburuak ere euskaratu ziren. Guztira 65.000 bat hitz euskaratuz. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eduki zuen.
Euslinux proiektuarentzat HPSek sustatu zuen Debian GNU/Linux banaketaren euskaraketan, Debian instalatzailearen euskaraketa EuskalGNUren esku egon zen. Harrez gero, Librezaleko kideekin batera aritu izan da EuskalGNU Debian-eko bai instalatzailearen bai bestelako tresnen euskaraketa eguneratuta mantentzen.
Telefono mugikorretarako OPIE sistemaren itzulpena EuskalGNUri eskertu behar diogu.
Cinelerra bideo-editorearen interfazeko eta laguntzako fitxategiak euskaratu ziren ere. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eduki zuen.
Eta beste hainbat aplikazioen eguneraketa zerrenda luze bat: Inkscape, Scribus, Audacious, e.a.
Software Librearen inguruan euskaldunon komunitatea indartzea ere EuskalGNUren ahaleginen helburuetako bat izan da.
Kbabel (orain Lokalize) itzulpengintzarako tresnaren euskaraketa komunitateko itzultzaileei laguntzeko helburuarekin egin zen. Itzultzaileentzat gidak sortu ziren, hainbat hitzaldi eman zituen EuskalGNUk euskaratzeko prozesua azalduz eta jendea parte hartzera animatuz, eta software librearen euskaratzeko proiektuetan sortutako itzulpen memoria eta glosarioa denen eskura jarri zituen.
Podcast saio bat ere izan zuen EuskalGNUk teknologia berrietan edukia euskaraz hedatzeko helburuarekin. Podcast hauek Audacity soinu-editorearekin landu ziren. Eta atzeko planoan erabilitako abesti guztiak batiz bat Jamendo webgunetik deskargatutako abesti libreak ziren (Creative Commons lizentzien pean). 8 Podcast grabatu ziren guztira.
2012aren amaieran EuskalGNU Elkartea desegin zen bere betebeharrak ongi landu zituelakoan.
Librezaleko kideok bihotzez eskertu nahi dugu guretzat aitzindari eta erreferente izan den EuskalGNUren urteetako lana, eta onena opa dizuegu EuskalGNUko kideei etorkizunean burutzen dituzuen proiektu guztietan. Gure ateak beti zabalik aurkituko dituzue.
Iruzkin bat
-
#1 Ander — 2013/07/22 @ 11:13