Firefox 21 kalean da

Mozilla fundazioak Firefox 21 kaleratu du Linux, Mac, Windows eta Android plataformetarako.

Bertsio honetan erabiltzaileei kontrol handiagoa emateko hainbat berritasun interesgarri daude.

Hasteko, Jarraipena pribatutasun aukerak orain hiru egoera ditu: jarraipena onartzea, jarraipena ukatzea, ala ezer ez esatea.

jaraipena

Orain arte aukera honek jarraipena ukatzea ala ezer ez esatea baimentzen zuen. Ondorioz esplizituki jarraipena ez ukatzea jarraipena onartzea bezala ulertzen zen, baina hau ez dator Europar Batasunako legediarekin bat. Aldaketa honi esker anbiguetatea desagerrarazten da, eta gutxienez Europar Batasunean jarraipena esplizituki onartu duten erabiltzaileak jarraitu ahal izango dituzte soilik publizitate enpresek.

Beste alde batetik, Firefoxen abio-denbora hobetzeko aholkuak emango ditu posiblea denean. Baita arazoak konpontzeko informazio zehatza ere, bere burua diagnostikatzeko gaitasun berriarekin.

Aipatzekoa da ere Firefox 17an gehitu zen Social APIa ere aurrera darraiela eta hiru gune berri gehitu dira: Cliqz, Mixi eta msnNow.

Garatzaileei bizitza errazteko orain posible da gailu desberdinen JavaScript errendimendua urrunetik monitorizatzea. Eta bestalde, hedapenak garatzeko SDK kargatzailea eta API liburutegiak ere Firefoxen integratu dira. HTML5eko <main> elementua inplementatu da, bai eta arloen araberako estilo-orriak ere (scoped style sheets). Gainera, CSSan -moz-user-select: none aldatu da WebKit nabigatzaileekin bateragarriagoa izateko.

Bertsio mugikorrean Open Sans eta Charis tipografiak nabigatzailean integratu dira, multimedia-fitxategiak orain zapalketa luzea erabiliz gorde ahal izango dira eta HOLO azalean oinarritutako interfaze txukunago bat dakar.

Fitxa berri bat irekitzean agertzen diren webgune erabilienetakoren bat ezabatzekotan lehen ezin zen berriro jarri, orain bai. Errendimendu grafikoan hobekuntzak egin dira, eta Spider Monkey-tik E4X euskarria kendu da. Hainbat arazo konpondu dira ere, tartean segurtasun arazoak.

Iruzkin bat