Firefox eta Thunderbird 12 iritsi dira
Sei astetik behin argitaratzen dira Mozilla fundazioaren bi aplikazio horien bertsio berriak. Argitaratze-ziklo berri hau ezarri zenetik, berritasunak pixkanaka iristen dira gugana, eta oraingoan ere gutxi dira aldaketak.
Firefox
Firefoxen aldaketa guztiak bertsio-oharretan ikus daitezke. Berritasunik nagusienak garatzaileentzako pentsatuta daude, baina badaude bi azken erabiltzaileari eragiten dizkiotenak. Alde batetik, oraindik aurrera Windows erabiltzaileek Firefox eguneratzen dutenean ez dute Windowsek aplikazio berriak instalatzeko duen onarpen-prozesu osoa jasan beharko, eta UAC (User Account Control) deritzonean ez dute baieztatu beharko eguneraketa.
Bestetik, txertatutako bideoetarako kontrol berriak diseinatu dira. Kontuan izan hau <video> etiketa erabiltzen diren bideoetan aplikatzen dela, ez beste bideoetan (adibidez Flash bidez erakusten direnetan).
Bestalde, garatzaileentzako berritasunen artean badago interesgarriena den bat: web-orri baten iturburua ikustean, orain lerroak zenbakien bidez identifikatuta daude, kode zati bakoitza non dagoen errazago ikusteko.
Web-orri batean gaudenean bertan hitzak bilatzeko erabiltzen dugun bilaketa-kutxa ere hobetu egin dute, bilatutako hitzak hobeto ikusteko.
Oraindik iritsi ez diren funtzionalitate berrien artean, beste nabigatzaile batzuek jadanik duten “fitxen orri berria” (new tab page) dago. Firefox 13 bertsioan argitaratuko duten arren, jadanik proba daiteke.Hura probatzeko bi hobespen aldatu behar dira “about:config” atalean. Idatzi “about:config” helbideen barran, bilatu browser.newtab.url eta aldatu “about:newtab” idatzita, eta azkenik bilatu browser.newtabpage.enabled eta aldatu “true” baliora.
Thunderbird
Thunderbird 12k aldaketa gutxi dakartza. Aldaketa nagusia mezuetan bilaketak egiteko funtzionalitatean egin dute, orain mezu-zatiak ere erakusten ditu.