Software librearen euskaratzeak aurrera darrai: Ubunturen kasua
Seguru asko Ubuntu izango da gehien erabiltzen den mahaigaineko GNU/Linux banaketa gaur egun. Horregatik, software librearen eboluzioa eta joerak ikusteko ispilu ona izaten da normalean. Oraingo honetan, Launchpad bidez software librearen euskaratzea nola doan ikusiko dugu.
Launchpad softwarea garatzeko plataforma bat da, Sourceforge, Google Code edo GitHub bezalakoa. Launchpaden berezitasuna da Ubunturen fabrikatzaileak (Canonical enpresa) sortu zuela, eta nagusiki Ubuntu garatzeko erabiltzen dela (nahiz eta beste edozein software ere garatzeko erabil daitekeen).
Ubuntuk Launchpad erabiltzen du bere bertsioak eta haiek dituzten pakete guztien itzulpenak kudeatzeko. Launchpadi esker, pakete bakoitza hizkuntza bakoitzean noraino dagoen itzulita ikus daiteke. Are gehiago, Ubuntu osatzen duten pakete guztien jarraipena egiten da Launchpaden, baita beste toki batzuetan itzultzen direnena. Horri esker, GNOME edo KDE bezalako mahaigain handien euskaratzea nola doan ere ikus daiteke hein batean. Noski, beti da egokiagoa zuzenean haien itzulpen-sistemetan begiratzea euskaratzearen egoera zehatza ezagutzeko (hemen GNOME, hemen KDE).
Artikulu honetarako Ubunturen hainbat bertsioren itzulpen-estatistikak begiratu eta alderatu dira. Emaitzak hauek dira:
Dapper (2006. urtea) [estatistika orokorrak | euskararen estatistikak]
Hardy (2008. urtea) [estatistika orokorrak | euskararen estatistikak]
Jaunty (2009. urtea) [estatistika orokorrak | euskararen estatistikak]
Lucid (2010. urtea) [estatistika orokorrak | euskararen estatistikak]
Oneiric (2011. urtea) [estatistika orokorrak | euskararen estatistikak]
Ikusten denez, gero eta gehiago dira bertsioz bertsio itzultzeko geratzen diren kateak (“testu zatiak”). Ubuntu Dapper-en (2006. urtea) 102.022 kate geratu ziren euskaratu gabe, eta oraindik argitaratu gabe dagoen Ubuntu Oneiric-en (2011ko urrian argitaratuko da) 225.917 kate daude itzuli gabe. Bestalde, itzulpenaren norainokoa adierazten duen barran ikus daitekeen bezala, zati berdea gero eta laburragoa da. Horrek esan nahi du euskaraz dauden kateak, ehunekoetan, gero eta gutxiago direla.
Honen guztiaren arrazoiak hainbat izan daitezke, baina nik bi aipatuko nituzte. Alde batetik, nire ustez hasieran euskaratzeek zuten egoera ona, batez ere itzulpen handiak (GNOME, KDE, OpenOffice) dirulaguntza publikoz egin izanaren ondorioz. Gaur egun uste dut aipatutako aplikazio horien euskaratzea jadanik ez dela diruz laguntzen, eta zailagoa da horrela euskarazko bertsioak mantentzea, batez ere aldaketa handiak daudenean. Bigarren arrazoia, azken puntu honekin lotuta dagoena, KDE edo GNOME bezalako pakete handiek denbora-tarte honetan bertsio berria (KDE 4, GNOME 3) argitaratu izana da. KDEren garapenak batez ere, kate berri asko sortzen ditu itzultzeko, eta lan eskerga egin behar da hori guztia euskaraz mantentzeko.
Ikus dezagun orain kontua beste ikuspuntu batetik: bertsioz bertsioko euskararen postua Launchpadeko hizkuntza guztien artean.
- Dapper (2006/06)
27. postua - Hardy (2008/04)
29. postua - Jaunty (2009/04)
32. postua - Lucid (2010/04)
36. postua - Oneiric (2011/10)
33. postua
Hemen ere euskarak atzeraka egin du. Honen zergatia izan daiteke euskara “lehenago” iritsi zela software librearen lokalizazioaren mundu honetara, eta orain, beste hizkuntza batzuk sartzen joan diren heinean (bulgariera, estoniera, koreera), euskara atzerago geratu dela.
Ubunturen azken bertsio honetarako ikusten da euskarak apur bat aurrera egin duela, eta ez dago gaizki errumaniera (24 milioi hiztun), greziera (13 milioi), bulgariera (12 milioi) eta koreeraren (78 milioi) artean egotea. Hala ere, kalitatezko softwarea euskaraz eduki nahi badugu, ezinbestekoa da lanean jarraitzea eta gero eta jende gehiago animatzea itzulpenetan laguntzen. Norbait orain animatzen bada eta ez badaki nondik hasi, idatzi guri edo jarri harremanetan beste talde batzuekin.
Assar.