Badator Firefox 4 (I): interfazea
Oso gutxi falta da hainbat hilabetetako lanaren ondoren Firefox 4 argitaratzeko. Gauzak horrela, ondorengo artikuluetan Firefoxen bertsio berriak ekarriko duena saiatuko gara errepasatzen labur-labur: interfazeko aldaketak, gehitutako funtzionaltasun berriak, inplementatutako azken web teknologiak…
Interfazea
Aplikazioaren eta erabiltzailearen arteko elkarrekintza interfazearen bitartez burutzen da uneoro eta, beraz, berebiziko garrantzia du. Firefox 4ra begira nabigazioan arreta ken dezaketen elementuak baztertzen saiatu dira, edukiarentzat espazio bertikal eta horizontal gehiago uzteko helburuarekin.
Fitxak goian
Lehenetsita fitxak [helbide-barraren] goian bistaratuko dira, besteak beste helbide-barraren eta edukiaren arteko lotura nabarmentzeko. Halere, nahi duenak Firefox zaharren portaera berreskuratu ahal izango du, fitxen kokapena hobespen bidez alda baitaiteke.
Nabigazio-barra
Orria gelditzeko eta berritzeko botoia orri batera joateko botoiarekin integratu da eta elementu bakarra da orain. Hasiera-orrira joateko botoia ere tokiz aldatu da eta bilaketa-barraren eskuinaldean topa dezakegu. Laster-marken tresna-barra besterik ezean ezkutatuta dago halaber.
Egoera-barrarik ez eta gehigarri-barra berria
Egoera-barra orain arte ezagutzen genuen bezala desagertu da. Orri-kargaren egoera edo loturen helbideak orriari gainjarritako elementu batean bistaratuko zaizkigu, Chromiumek hasieratik egin izan duen bezala.
Gehigarri-barra ere sortu dute: gehigarriek nahi adina eduki sartzeko barra propioa. Barra hau behean bistaratzen da eta pertsonalizagarria da, elementuak tokiz alda daitezke, alegia. Halere,
Firefox menua
Are eta espazio bertikal gehiago irabazteko, Windows eta GNU/Linux plataformetan menu-barra ezkutatzeko aukera dago orain eta horren ordez Firefox menua bistaratuko da goian ezkerrean.
Windowsen menu-barra desgaituta dator lehenetsita eta Firefox menua leihoan bertan marrazten da.
GNU/Linuxen, ordea, erabiltzaileak aukeratu beharko du menu-barra ezkutatzea Firefox menua erabili ahal izateko; menua, gainera, fitxen ezkerraldean bistaratuko da.
Bestalde, Mac plataformatan ezaugarri hau ez egotea logikoa da, OS X sistema eragileko aplikazioen berezko ezaugarria baita menu-barra izatea.
Aplikazio-fitxak
Jendeak geroz eta aplikazio gehiago erabiltzen ditu webean eta oso ohikoa izaten da fitxa bat ia egun osoz irekita izatea, dela posta elektronikoa begiratzeko, sare sozialetara konektatzeko, RSS jarioak irakurtzeko… eta noski, fitxa hauek ohiko nabigazioan espazio horizontal dezente erabiltzen dute.
Aplikazio-fitxen bitartez, fitxa bat gainontzeko fitxen ezkerraldean aingura dezakegu, baina fitxa baten tamaina hartu ordez ikonoaren tamaina hartuko dute soilik. Aplikazio-fitxa hauetan jarduera egotean (webgunearen izenburua aldatzean, adibidez), fitxaren kolorea aldatuko da; horrela badakigu mezu elektroniko berririk daukagun, norbaitek txatetik hitz egin digun…
Iruzkin bat
-
#1 Ander — 2011/03/07 @ 9:01