Librezale IPv6 bidez eskuragarri

Internet ez da atzo goizean asmatutakoa eta maiz garai bateko teknologiak erabiltzen diardugu. Hauxe da IP-aren kasua, Internet Protocol deritzona. 1980 eta 1981. urtean definitu zen IPv4 nolakoa zen, gaur egun erabiltzen dugun protokoloa. Garai haietan edozein pentsamendu global txiki geratzen zen eta IPv4 32 bit-eko helbideekin osatu zuten, hau da, asko jota 4.294.967.296 helbide ezberdin izateko prestatu zen Interneteko protokoloa.

Orain 30 urte makina gutxi batzuk zeuden sarean konektatuta eta urte batetik bestera 2000 aldiz hazten bazen sarea ez zegoen inolako arazorik, oraindik IP mordoa zegoen esleitzeko. Pentsa garai batean A klase osoak banatzen zirela enpresen artean, 16.777.216na helbide alegia.

Baina Internet zerbait globala bilakatu denez IP kopurua txikia geratu da eta hortarako IP protokoloaren 6. bertsioa garatzen dabiltza 90. harmarkadaz geroztik. IPv6-k 32 bit-eko helbideak erabili beharrean 128 bit-eko helbideak darabiltza, beraz 4.294.967.296 helbide izatetik 340.282.366.920.938.000.000.000.000.000.000.000.000 izatera pasatuko gara.

Gaur egun ez dago IPv4 helbide gehiago esleitzeko baina ez da oraindik IPv6 protokolora salto egin. Bi protokoloak elkarrekin bizi daitezke baina helbide guztiak agortu ezean IPv6 bertsiora salto egiteko pausu handirik ez da egin. Zenbait telekomunikazio enpresa hasi dira lehen frogak egiten baina oraindik lan asko egin behar da.

Librezale webguneak Airean deitzen den zerbitzari batean du ostatu eta honek IPv4 bakar bat duen arren 18.446.744.073.709.551.616 IPv6 helbide ditu eta frogatzera animatu gara emaitza bikainekin. Librezale.org webgunea IPv4 bidez edo IPv6 bidez atzitu daiteke. Oraindik frogetan gabiltza baina emaitzak oraingoz onak dira. Hemen wget aplikazioarekin egindako froga bat:

# wget -6 http://librezale.eus
--2011-06-12 21:40:57--  http://librezale.eus/
librezale.org ebazten... 2001:41d0:2:60cf::2
Connecting to librezale.org|2001:41d0:2:60cf::2|:80... konektatua.
HTTP eskaera bidalia, erantzunaren zain... 200 OK
Luzera: zehaztugabea [text/html]
Saving to: `index.html'

[ <=>                                                                                                                           ] 15.418      --.-K/s   in 0,02s

2011-06-12 21:40:58 (799 KB/s) - `index.html' saved [15418]

Erabiltzaileentzat aldaketa ohargabean pasako da baina teknikoki abantaila batzuk izan ditzazkegu. Adibidez eduki estatikoak eskeintzeko web zerbitzari azkarrago bat jarri dezakegu, SSL ziurtagiri ezberdinak izan SNI erabili gabe edo Airean-en dauden irratiek 80. atakatik egin dezakete zuzenean streaming-a IP multzo hortako bat hartuta.

Iruzkin bat