Debian 6.0 (Squeeze) bertsioa urte amaierarako espero daiteke

Badirudi berriro ere bertan behera geratu dela Debianek argitaratze-ziklo finkoa eduki zezan zegoen asmoa. Debian 6.0 bertsioa 2009ko abendurako espero zen, baina garatzaileek aurkitu zituzten akats kritikoen kopuru handiak atzeratu egin zuen argitarapena.

Orain Debianeko posta-zerrendan argitaratu dutenez, posible izan daiteke 2010eko abuzturako 6.0 bertsioaren ezaugarriak izoztea, alegia, bertsio berrian ezaugarri berriak sartzea galaraztea data horretatik aurrera. Egun horren ondoren, akatsen konponketara bideratuko litzateke lana.

Squeezen sartuko dituzten berrikuntzen artean, hurrengoak aipa daitezke:
* script-ak modu paraleloak exekutatzen dira (sistemaren abioa azkartuz)
* eglibc 2.11 ”testing” bertsioan sartu da
* Gnome 2.30 bertsiora eta KDE 4.4.3 bertsiora eguneratu dira
* Python 2.6 bertsiora eguneratuko da (hau izango da azken aldaketa handia)

Izoztearen ondoren, beste 4-6 hilabete behar izaten dira bertsio egonkorra argitaratzeko, baina gehiago ere izan daiteke. Horregatik, urte amaierarako espero daiteke Debian 6.0.