[Librezale] Apirilaren 1ean Donostian egingo diren jardunaldi batzuetara gonbidatu gaituzte (ATZERATUTA)

Txopi txopi a bildua ikusimakusi.eus
Ost, Mar 11, 15:40:29, CET 2020


20/3/10 22:06(e)an, Asier Iturralde igorleak idatzi zuen:
> Kaixo guztioi,
> 
> Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara
> Aholku Batzordetik mezu bat bidali didate Librezaleko bizpahiru lagun
> apirilaren 1ean Donostian egingo diren jardunaldi batzuetara gonbidatuz.
> Interesa izanez gero, martxoaren 13a baino lehen jakinarazi behar
> genieke zein/zeintzuk joan nahi duten (izen-abizenak eta eposta helbideak).
> 
> Jarraian jaso dudan mezua, jardunaldiaren behin-behineko egitaraua eta
> beste xehetasun batzuekin:
> 
> JARDUNALDIA APIRILAREN 1EAN DONOSTIAN: GONBIDAPENA (LIBREZALE, BIZPAHIRU
> LAGUN)
> 
> Lagun hori:
> 
> Honen bidez, *gonbidapena luzatu nahi dizut apirilaren 1ean Donostian*
> (Tabakaleran) gauzatuko dugun Jardunaldira, Euskararen Aholku
> Batzordearen “Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko” Batzorde-atalaren
> eskutik.
> [...]

Kaixo:

Gonbidapen hau Maite Goñiri esker jaso dugula jakin dut eta horregatik
gaur goizean berarekin telefonoz hitz egin dut, gai honen nondik
norakoak hobeto ulertzeko asmoz.

Lehenik eta behin esan didana da koronabirusaren eraginez apirileko
EKITALDIA ATZERATU DELA, beraz 2 egun barru erantzun beharra desagertu
dela. Data berria dakitenenean, pare bat hilabete barru edo, esango
digutela berriro.

Hortik aurrera azaldu dizkidanak laburtzen saiatuko naiz.

Euskararen Aholku Batzordeak 2016an bere azken aholkuak egin
zituenean[1] IKT-en batzorde-atalak (Maite Goñi aditu bezala laguntzen
du bertan), lehen aholku bezala euskarazko Wikipedia sustatzea adostu
zuen, laugarren aholku bezala diru-laguntzen deialdietan lizentzia
libreak bultzatzea eta abar. Azken aholku bezala, hamabigarrena,
hizkuntza-teknologiak garatzen laguntzeko plan bat egitea adostu zuen.
Horrelako plan bat egitea oso zaila, luzea eta konplexua delako azken
puntu bezala geratu zela azaldu dit (hori ulertu diot nik behintzat).

Hizkuntza-teknologien adibide bat Common Voice da.

Kontua da orain aholku berriak landu behar dituztela batzordeek eta
hizkuntza-teknologiena denborarekin landu nahi dutela. Jardunaldi horiek
emaitza bezala aipatutako plana eman dezakeen prozesu luzeago baten
jarduera bat baino ez litzateke. Bertan, hizkuntzarekin zerikusia duten
agente, enpresa, norbanako eta abarrak gonbidatu ei dituzte ikusle
modura joan daitezen, leku desberdinetan hizkuntza-teknologien alorrean
zer egiten den gutxi-gutxika ikusten joateko, zenbait agente elkar
ezagutzen joateko dagoeneko ezagutzen ez badira, eta abar.

Guk alor horretan ez dugu ezer egin, Common Voice proiektuan egiten
gabiltzana izan ezik. Beraz, gonbidapena adeitasunagatik izan da,
interesgarria eta aberasgarria ikusten dutelako hizkuntza-teknologien
alorrean lanean ari direnak elkartzea. Ondo badatorkigu primeran, baina
interesik ez badugu edo txarto badatorkigu lanegun bat delako edo, ez
dela ezertxo ere gertatzen. Zeharka ukitzen gaituen zerbait dela
ulertzen duela esan dit Maitek, baina badaezpada gu gonbidatzea egokia
ikusi dutela. Besterik ez.

Beraz, jardunaldi horretan ez dira teknologia burujabetzarekin edo
Hezkuntzan ere Librezalerekin zerikusia duen gairik landuko. Software
librea eta berau euskaratzea ere zeharkako ardatz bat litzatekeela
ulertu dut. Hizkuntza-teknologietan Europako instituzio batzuk egiten
ari diren lana hemen alor horretan dabiltzanek ezagutzea eta ezer gutxi
gehiago izango luke helburu jardunaldi horrek. Ez da gutxi, baina esan
nahi dut Librezaleren jardunarekin hainbeste zerikusi ez duten kontuak
direla iruditu zait.

Maiteri galdetu diot ea hau eta beste joango ote diren jardunaldira,
HTetan lan egiten dutelako eta esan dit berak ez dakiela zehazki nortzuk
dauden gonbidatuta. Jaso ditugun PDFak ere ez zeuzkan irakurriak.

Beste gauza bat. Librezaleko txatean honetaz pixka bat hitz egin dugu
gaur goizean eta META-NET aipatzen zenez gonbidapenean liburu hau
existitzen zela aupatu da:
http://www.meta-net.eu/whitepapers/volumes/basque

Ezer garrantzitsurik ez ahaztu izana eta azaldu ditudanak ondo azaldu
izana espero dut, ez baitira menperatzen ditudan kontuak!

Azalpenon ondoren, ez dakit nola ikusiko duzuen kontu hau. Orain argiago
dago? Zalantza gehiagorik dugu? Galdetu ditzakegu. Uste duzue merezi
duela gutako batzuk bertaratzea jardunaldi hori berrartzen dutenean?

[1] https://labur.eus/kCek0

Ondo izan,
Txopi.


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago