[Librezale] [Mozilla] lokalizazioen inguruko zenbait berri
Julen Ruiz Aizpuru
julenx a bildua gmail.com
Al, Uzt 17, 17:43:09, CEST 2017
Aupa,
Mozillaren lokalizazioen inguruan azken aste/hilabeteotan aldaketa
garrantzitsu batzuk burutu dira edo burutzear daude eta hauen berri
eman nahiko nuke.
# Adar bat gutxiago
Orain arte, Firefoxen garapen-adarrei jarraiki, lau kanaletan banatzen
zen lana: nightly/central (ezegonkorra), aurora (erdi-egonkorra), beta
(ia egonkorra) eta release (egonkorra).
Auroraren onurak mugatuak direla iritzita eta garatzaile,
lokalizatzaile nahiz bestelako ekarpenak egiteko prest dagoen jendea
eginbide esperimentalak probatzera bultzatu nahi denez, adar hau kendu
egin da. Lokalizazioak orain central-en burutzen dira beraz.
Aldi berean, honek esan nahi du lokalizazioa probatzeko modurik onena
Nightly [1] erabiltzea dela. Halere, oraindik badago aukera garapen
zikloan aurrerago, Beta egoeran, lokalizazio-zuzenketak burutzeko.
Hau guztia ordea ia-ia gardena da lokalizatzaile gehienontzat, online
tresnen bitartez kudeatzen eta burutzen baititugu lokalizazio gehienak
gaur egun. Honek bigarren puntura narama...
# Lokalizazio-plataformak
Azken bizpahiru urteotan gutxienez, Mozillak bi online
lokalizazio-plataforma onartu ditu modu ofizialean, Pootle [2] eta
Pontoon [3]. Lehenengoa ekonomikoki lagundu du garapen-kostuen zati
bat bere gain hartuz eta bigarrena beraiek egindako tresna da, erabat
Mozillaren erabilpen kasuan zentratuta.
Proiektuen aldetik Pontoonen beti egon dira lokaliza daitezkeen
proiektu *guztiak*, Pootlen ordea mahaigaineko eta mugikorrerako
aplikazioak daude soilik, hau da, ezin da webgune, zerbitzu edo
bestelako edukirik bertan lokalizatu. Hau nahasgarria suertatu da
jende askorentzat, batez ere lehenengo aldiz ekarpena egin nahi duen
jendearentzat, ez baitakite oso ondo nora joan behar duten laguntzeko
eta egindako lana kontuan hartuko den ere zalantzak egon baitaitezke.
Lokalizazio-topaketetan jendeak ere galdetu du zergatik dauden bi
tresna gauza berdina egiteko.
Egia da aldi berean Mozilla bertatik, nolabait bakoitzak bere etxera
egiten duen tankeran, Pontoon gomendatzen aritu direla azkenaldian.
Honekin lotuta dator duela aste batzuk jakin nuena: Mozillak albo
batera utziko duela Pootleren diru-laguntza eta Pontoonen zentratuko
direla.
Informazio hau ez da publiko egin oraindik kanal publiko eta
posta-zerrendetan (ingelesezkoetan, bederen). Komentatu dutenaren
arabera, zerbitzariaren atzetik daudenak mantendu egin nahi dute
locamotion-eko zerbitzua baina ez dago garbi nola jarraituko lukeen
aurrera ez eta jarraituko lukeen ere.
Mozillan lokalizazio-proiektuak kudeatu behar dituenaren aldetik,
erosotasun gehigarria ere bada, esfortzuak toki bakarrean zentratzea
eta arazoak toki bakarrean konpondu behar izatea.
Gure aldetik, edo nire aldetik behintzat eta aurreiritziak
aurreiritzi, momentuz ez dut aldaketarik egiteko beharrik sentitzen,
ez bada Pontoonen soilik erabilgarri dauden proiektuetan ekarpen
berriei tokia egiteko. Interes edo behar hori balego, uste dut
egokiagoa litzatekeela lan guztia toki bakarrean biltzea eta balizko
odol berriari gauzak erraztea.
Ez da une honetan zirt edo zart egin beharreko zerbait baina inork
honen inguruko iritzirik balu, gustura irakurriko nuke.
Ondo izan!
Julen.
[1] https://www.mozilla.org/eu/firefox/nightly/all/
[2] https://mozilla.locamotion.org/eu/
[3] https://pontoon.mozilla.org/eu/
More information about the Librezale
mailing list